Eta Roland Barthes erail egin balute?

Haren heriotzaren zirkunstantzia batzuetatik abiatuta, Roland Barthes norbaitek hil zuelako fikziozko hipotesia garatu du Laurent Binetek 'La septième fonction du langage' nobelan.

Juan Luis Zabala
2015eko urriaren 4a
00:00
Entzun
Kamioi batek harrapatu zuen 1980ko otsailaren 25ean, Parisen, Roland Barthes semiologo eta saiakeragile frantsesa, duela ehun urte Cherbourgen jaio eta gero —10 urte zituela Parisera aldatu arte—, Baionan hazia, XX. mendeko literatur kritikarien artean itzal handienetakoa. Istripua ez zen, berez, hilgarria, medikuek adierazi zutenez, baina istripua izan eta hilabetera hil zen, martxoaren 25ean, biriketan zituen arazoak gaizkitzearen ondorioz, kamioiak harrapatu zuenetik hil arterainoko tartea erietxetik irten gabe eman ondoren. Istripua izan zuenean François Mitterrandekin eta Jack Langekin bazkaldu berria zen Barthes, haiek artean ere bata Frantziako lehendakari eta bestea Kultura ministro izateko bidea urratzen hasiak baino ez zeudela. Zirkunstantzia horiek guztiek irudimena Barthesen heriotzaren inguruan lanean jartzera eraman zuten Laurent Binet idazlea (Paris, 1972), HHhH eleberri arrakastatsuaren egilea, eta horren ondorio da haren bigarren eleberria, La septième fonction du langage (Grasset, Lengoaiaren zazpigarren funtzioa).

«Hasieran ideia soil bat zen, ameskeria bat, eta baldin... bat», azaldu du Binetek. Baina ideia soil hark indar handia hartu zuen Bineten burutazioen artean, neurri handi batean Barthesek Bineten formazio intelektualean izandako garrantzi handiaren ondorioz.

Bineten eleberrian, Roland Barthesen ustezko hilketaren ikerketa Jacques Bayardek gidatzen du, Barthes eta haren gisako intelektualak jantxakur mespretxagarriak —«parasites d'intellos»— direlako uste sendoa duen komisario batek. Ikerketa bideratzeko intelektualekin harremanetan sartu beharko duela jakinik, eta haiei zuzenean ezer gutxi ulertuko diela aurreikusita, Simon Herzog izeneko semiologiako ikasle aurreratu bat hartzen du Bayardek laguntzaile gisa, hark unean uneko argitasunak eman diezazkion. Herzogentzat, dedukziorako tresna indartsua da semiologia, Ferdinand de Saussurek zeinuak ikertzeko asmoz sortutako zientzia. Semiologiak garrantzi handia du liburu osoan, ez soilik pertsonaia nagusietako batzuen lan arlo gisa; baita ikerketarako tresna moduan ere.

Beste batzuen artean, Michel Foucault, Gilles Deleuze, Jacques Derrida, Julia Kristeva, Philippe Soller, Roman Jakobson, Monica Vitt, Jacques Lacan, BHL (Bernard-Henri Levy), Helene Cixous, Judith Butler eta Jean Baudrillardekin topo egin eta mintzatzen dira Bayard eta Herzog, Barthesen ustezko hilketaren nondiknorakoak argitu nahian.

Intelektual horien liburuetatik jasotako esaldiak txertatu ditu, kasu askotan, Binetek nobelan, Bayard eta Herzogekin dituzten elkarrizketetan. «Ni haien ordez pentsatzen hastea nire ahalmen intelektualez gaindi zegoen», adierazi du Binetek. «Interesgarriagoa iruditu zait Foucault, Deleuze eta enparauei beren hitzekin mintzaraztea. Haien testu zatiak hitz bizi bilakatzeko erronka ezarri nion neure buruari».

Fikzioa eta errealitatea

Nobela bere garaian girotzeko lana zehaztasunez jorratu du egileak: kantuak, autoak, kaleak, hedabideetako albisteak... Baina, horrekin batera, anakronismo gero eta nabarmenagoak ere txertatu ditu nobelan. «Irakurlea segurtasun narratiborik gabeko egoera batera bideratzen saiatu naiz, orduko gertakarien jakintzan berme nahikorik aurki ez dezan bilatu dut, gisa horretan suspensea areagotzeko. Nobela ez baldin bada bere garai historikoaren mendeko, orduan edozer gauza gerta daiteke».

Chuck Palahniuken Fight Club eleberriaren eta David Fincherrek hartan oinarrituta filmatutako izenburu bereko filmaren eragina aitortu du, besteak beste, Binetek, batez ere errealitatearen eta irudikatutakoaren arteko nahasketari dagokionez. «Oso interesgarria iruditzen zait fikzioaren eta errealitatearen arteko lotura, nola artikulatzen eta konbinatzen diren» .

Laurent Binet HHhH eleberriarekin (Grasset) egin zen ezaguna, 2010ean. Reinhard Heydrich agintari nazi ezagunaren bizitzan oinarritutako lan hari esker estreinako eleberriaren saileko Goncourt saria eskuratu zuen, eta liburua 30etik gora hizkuntzatara itzuli da harrezkero, arrakasta handiz. Duela hiru urte Rien ne se passe comme prévu (Grasset) argitaratu zuen, François Hollandek, 2012an, Frantziako lehendakari izatera iristeko egindako hauteskunde kanpainaren kronika bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.