‘Trabajos forzados’
Zuzendaritza: Nico Jongen, Berta Frigola. Dramaturgia: Roberto Fratini. Performerra: Pepita Cedillo. Lekua: Bilboko Azkuna zentroa. Eguna: Maiatzaren 28.
Badira lan eszenikoak gogoan betiko iltzatuta geratzen zaizkigunak, eta lerro hauetatik argi gera dadin atzo Prototipoak Bienalean ikusitako Trabajos forzados horietako bat dela. Horrela gertatzen denean, ikuslearen memorian betikotzeko prozesua antzokitik irten zaren unetik hasten da. Behin eta berriro, urteroko Pertseidak nola, itzuliko zaizkizu irudiak burura: antzezlanari buruzko pentsamenduak garunean azalduko dira errepikakor. Ikusten duguna gara. Eta atzotik eraldatu gara gu eta gure pertzepzioa, gure zentzumenak. Hurrengo goizean, ikuskizuna oraindik buruan darabilkizula antzematean, oroimenetik ezabatuko ez zaizula onartuko duzu, badakizu egunak hausnarrean emango dituzula, ikusgarriak zure akorduan toki iraunkorra okupatzen duen arte.
Gorrek komunikazio fonikoarekiko izan ditzaketen trabak sentiarazi dizkigu obrak. Horretarako, Pepita Cedillo performer gorrak publikoa interpelatuko du behin eta berriro off-eko ahotsaren galderen bitartez. Ikusten ez dugun solaskide horrekin zeinu-hizkuntzetako interpreteak itzulpena egiten du, baina noizbehinka. Ez-gorrek informazioa galtzen dugu tarteka-marteka. Beste batzuetan proiekzio moduan azaldu dira entzundako esaldiak, baina ez horiei zegozkien erantzunak. Konbinazio asko egon dira komunikaziorik eza adierazteko. Horrekin batera, ezinbestekoa dut aipatzea gure ikusmenaren eta entzumenaren sentsazioak distortsionatzeko erabili dituzten mekanismoak. Egonezinak fisikoki zeharkatu gaitu intentsitate izugarriko aldikako burrunbaz, erabateko ilunaldiaz, argi estroboskopikoez eta gaizki fokuratutako esaldiez, besteak beste. Baina ez dezazuen pentsa artefaktu teknologikoegi bat osatu dutela Ça Marche konpainia katalanekoek; ez. Hizkera fonikoan oinarritzen ez den antzezlanak pertsonak ditu abiapuntu eta helburu. Eszenaratze sinplea du, oso biluzia baina mezua oso sakona. Ehunka ertz ditu ikuskizunak, baita alde poetikoak ere. Bereziki iradokitzailea izan da amaiera aldera performerrak hitzak irakasten zizkiguneko eszena.
Hurrengo egunean Simon eta Garfunkelen The Sound of Silence (Isiltasunaren soinua) abestiak duen protagonismoarekin gogoratuta, hitzak bilatzen ditut eta haien esanahi aldakorraz konturatzen naiz. Kantaren deskodifikazioa da, gorra ala ez-gorra zaren, horren araberakoa. Egizue froga.
Emanaldiaren ondoren solasaldia izan dugu. Antzezleek galdetu digute ea zer moduz moldatu garen zeinu-hizkuntza katalanarekin. Ironikoa da, ez-gorrek ez baitugu ezta zein hizkuntzatan aritu diren antzeman. Ateratzean Bilbon eguzkitsu zegoen oso, eta antzokian bizitakoa eta karriketan nekusanaren arteko kontrastea handiegia zen. Trabajos Forzados-ek sentsazioak aldarazi dizkigu, literalki gorputza zeharkatu digulako.