Nia ispiluaren aurrean paratzean, «distortsioak eragin ditzaketen egoera traumatikoak» sor daitezkeela ohartarazi du Elssie Ansareok (Mexiko Hiria, 1979). Izan ere, artista horren irudiko, «amildegi handi bat dago niak bere buruaz duen irudiaren, hau da, pertzepzioaren eta errealitatearen artean». Eta talka hori gertaten deneko unea jaso du argazkietan.
Bilboko Espacio Marzana galerian aurkeztu dituen lanetan, pertzepzioan oinarrituriko identitatearen sortze prozesuan sakondu du Ansareok. Artistak argi du identitatea prozesu kulturala dela; eta, zehazki, autoerretratuaren ikuspegitik heldu dio eraikitze kultural horri.
Lehendik ere bazuen jorratua identitatearen gaia, baina «besteen» ikuskeratik; eta, dioenez, «interesgarria eta beharrezkoa» iruditu zitzaion «niaren eremutik» lantzea. Ondorioz, Ansareo bera ageri da Ansareoren argazkietan.
«Identitatearen sortze prozesua neure baitatik bertatik auzitan jartzea zoragarria izan da», azaldu du. Azken hamarkadan irudiaren «globalizazioa» gertatu dela uste du; «etengabe ari gara geure burua erretratatzen, dela Facebookerako, dela lagunei bidaltzeko... Albistegi batean, sare sozialen inguruko erreportaje bat ikusi nuen, eta esaldi batek eman zidan atentzioa. Kazetariak esan zuen irudi digital horien guztien atzean errealitatea dagoela. Hala da, fantasia eta collage horien guztien atzean dagoena egiazkoa da, baina ematen duten irudiak ez du zertan egiazkoa izan». Alde horretatik, The Misted Glass saileko argazkietan ageri dena erreala dela badaki Ansareok. «Ni naiz; beraz, irudiak egiazkoak dira, gogorrak edota bitxi samarrak izan daitezkeen arren». Baina irudiek iradokitzen edota erakusten dutenak ez duela zertan horren egiazko izan uste du. «Errepresentazio bat dira».
Argazkiak sortu aurretik, artearen historian emakumeez eman den irudiaren gaineko lan dokumentala egin zuen Ansareok. «Hau da, gizonek eta emakumeek emakumeez eman duten irudiaren sinbologia aztertu nuen. Eta konturatu naiz gauza batez; uste oker bat dugu: gizonek emakumeak modu ezkorrean irudikatu gaituztela uste dugu, baina ez da beti horrela gertatu. Areago: emakume askok gizonek baliaturiko eredu berdintsuekin irudikatu dituzte emakumeak».
Horregatik, artistak erabaki zuen gorputza objektu bat balitz bezala irudikatzea. «Ez dut besterik izan nahi, objektu bat baino ez».
Gorputza objektu gisa
Vanitas batek irekitzen du saila-The Misted Glass bildumako lanek izenbururik ez dute-, argi utziz zein izango den gorputzari emango zaion trataera. «Lan horretan, objektu bat gehiago da. Zimeltzen hasiak diren landare batzuk ere badaude, denboraren iragaitearen adierazle». Identitatea eraikuntza bat baizik ez denez, argi fokuaren kablea ikusten da. «Nahita erakutsi dut erreala ez dela, hau da, eraikitako irudi bat dela argi gera dadin».
Gorputza objektu mortu bihurtzeko, hildako animalien iruditeria erabili du Ansareok. Hala, argazkietako batean -artistak «tximinoa» deitzen dio lan horri-, ile nahasia aurpegian duela ageri da, makurtuta, mahai antzeko batean jarria, ahoan zerbait duela.
Beste batean, mahai horren kontra dago, lurrean botata, ahuspez, giza gorputzak ohikoa ez duen jarrera behartu batean. Maria Ibarretxe koreografoarekin landu zuen lan hori. Beste argazki batean, Ansareoren hankak ateratzen dira, lore koroa baten erditik, tente eta hotz. Heriotzari buruz hausnartzea da xedea, «eta argazkiekin planteatzen dudan erronketako bati heltzea: absentzia presentzia bihurtzea».
BilboArte fundazioaren estudioan egin zituen lanok Ansareok, aurrez eszenak ondo zehaztu ondoren. «Eskema batekin joan nintzen estudiora, argia eta bestelako baliabideekin nola jokatuko nuen oso garbi nuela». Autoerretratuak direnez gero, argazki kameraren botoia sakatzeko lagun bat behar izan zuen artistak. Gainontzekoa berak egin zuen.
Argazkiak analogikoak dira, eta artistak errebelatu zituen. Argiak pintzelak legez jokatzen du Ansareoren obretan. Irudiak pintatzen ditu. Ansareok gertuko du pintura, lanotan nabarmena denez. Argazkilaritzan barruratu baino lehenago oihalak margotzen zituen. «Baina argazkilaritzarekin erosoago sentitu nintzen, identifikatuago. Modu fidagarriagoan adieraz dezaket neure burua».
«Etengabe ari gara geure burua erretratatzen»
Elssie Ansareok identitatea eraikitzeko prozesu kulturalaren nolakotasunez hausnartu du Marzana galeriako argazkietan. Pertzepzioak eta errealitateak talka egiten duteneko egoerak aurkeztu ditu artistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu