Donostiako 59. Zinemaldia

Etorkizunari begira, adorez

Inaugurazio galan zinemaren etorkizunaren inguruko kezkak eta galderak planteatuz jarri da abian Donostiako ZinemaldiaSare sozialekiko harremana eta garai berrietara egokitu beharra aipatu dira

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Inaugurazio ekitaldian zinemagintzaren etorkizunaren inguruko kezkak eta galderak planteatuz jarri zen abian atzo Donostiako Zinemaldiaren 50. ekitaldia. Zinemagintza aldaketa eta zalantza garaian baitago, begiratzen zaion lekutik begiratzen zaiola. Internet eta sare sozialak gero eta presentzia eta itzal handiagoa izaten ari diren mundu aldakor honetan, zinemak bide, formatu eta joera berrietara egokitu beharko du, eta ezin jakin etorkizun horretan laino beltz mehatxagarriak edo zeru eguzkitsuak izango duen lagun, edo denetarik tarteka.

Kontu horiek irudikatu zituzten Marta Etura eta Barbara Goenaga aktoreek, aurkezle lanetan, batzuetan pantailan agertuz, facebookeko orrialde batean baleude bezala; beste batzuetan modu klasikoagoan, eszenategi gainean. Etorkizuneko laino beltzak irudikatzeko ziraz eta aterkiz agertu ziren une jakin batean eszenategian, baina hurrengoan horiz jantzita, etorkizun eguzkitsua irudikatzeko. Horia antzerkilarientzat zorte txarraren iragarle izaki, ordea, soineko horiak erantzi zituzten, zuriz jantzita gelditzeko.

Profesionalen iritziak

Sailen ohiko aurkezpenez gain, zinemaren munduko hainbat profesionalen iritziak eta gogoetak erakutsi zituzten pantailetan —aurretik grabatuak— zinemaren etorkizunaz, zinema ikusteko modu berriez eta aurrera egiteko hartu beharreko bideez. Batzuek nahiko ilun eta mehatxagarri sumatzen dute etorkizuna, beste batzuek, aldiz, argiz betea, baina gehienak bat datoz zinemak egokitu beharra izangoduela esatean. Zinema ikusteko moduan ere askotarikoak izan ziren profesionalek ikuspegiak: zinema pantaila handitik kanpo ikustea krimentzat jotzen zuenaren ondoan, zinema era guztietako formatuetan ikusten duela aitortzen dueneraino.Javier Bardem, Juan Echanove, Asier Altuna, Koldo Almandoz, Telmo Esnal, Borja Kobeaga, Jose Mari Goenaga, Nagire Aranburu, Concha Velasco, Joseba Apaolaza, Antonio Resines, Ana Duato eta Imanol Arias zeuden, besteak beste, grabazio bidez iritzia eman zuten profesionalen artean.

Jacques Demyren familia

Sailen aurkezpenek ez zuten zer kontatu handirik izan. Haien artean hunkigarriena Jacques Demyren atzera begirakoaren izan zen, haren familia osoa mintzatu baitzen: Agnes arda alarguna eta Mathieu Demy eta Elga Varda seme-alabak. Demyern filmografia osorik ikusteko aukerak oso gutxi izaten direla esan zuten, esker ona agertzearekin batera. Beste une hunkigarri bat Juan Diego Bottok Horizontes Latinos saileko epaimahaiburugisa egin zuen agerraldi laburrekoa izan zen, Jordi Daudel aktore katalan zendu berria gogoratu baitzuen.

Oholtzara banan-banan agertzeko deitu zituztenean, sail ofizialeko epaimahaikideek adorea hitza ahoskatu zuten, bakoitzak hizkuntza banatan. Frances McDormand epaimahaiburua izan zen oholtzara agertzen azkena, baina baita arrasto sakonena utzi zuena ere, ez baitzen hitz bakarrarekin konformatu, ezta hizkuntza bakarrarekin ere: «Courage», esan zuen lehenik, ingelesez, baina ez zen horrekin konformatu.«Potroak, cojones, balls», gaineratu zuen. Paradoxikoa ere izan daiteke zinemaren etorkizunarentzako gizonezkoen atributo bat aldarrikatzea, are gehiago aldarrikapenaren egilea emakumea izanik, baina mezua argi geratu zen: etorkizunari adorez egin behar dio aurre zinemak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.