Debut dotorea egin zuen Rian Johnsonek 2005ean. Brick-ek jende askoren arreta piztu zuen, thriller ezohikoa baitzen. Dashiell Hammett eta nobela beltzeko beste erreferentzia batzuk bereganatu eta AEBetako institutu batera eraman zituen, drogen inguruko istorio korapilatsu eta iluna sortzeko. Filmak oso harrera ona izan zuen; Sundanceko zinemaldian ikusleen saria eskuratu zuen, eta proiektu handiagoetarako ateak ireki zizkion zuzendari gazteari.
Bigarrenarekin, baina, ez zuen horrenbesteko zorterik izan. Oso oharkabean pasatu zen Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen The Brothers Bloom. Munta handiko aktore ezagunak zituen: Adrien Brody, Rachel Weisz, Mark Ruffalo... Hala ere, komedia eran abenturak uztartzen zituen film hori hoztasun handiz hartu zuten ikusleek.
Hirugarrenarekin zirt edo zart egiteko tenorea ailegatu zaio Johnsoni. Looper-ekin baieztatu behar du harengan jarriak dagoen esperantzak funtsa baduela. Langa hori gainditzeko, ez du biderik errazena aukeratu, eta aurrekontu handi samarreko zientzia fikzioko pelikula futurista bategin baitu. Komertzialtasunaren eta kalitatearen arteko oreka zailaren bila jo du, Christopher Nolanek bere Inception-en aukeratu zuen bide bertsutik.
Oraingoz, bederen, apustua ongi atera zaiola ematen du. AEBetan arrakasta handia lortzeko bidean da Looper, eta takilaren lehen postuetan egotearekin batera, oro har kritikak ere onak izan ditu. Filma Torontoko zinemaldian aurkeztu zuten lehen aldiz, eta han ere harrera beroa egin zioten Johnsonen hirugarren lanari.
Bukleak eta hilketak
Looper-ek kontatzen duen istorioa denboran eginiko bidaiekin lotuta dago, eta horiekin batera agertu ohi diren bukle saihetsezinekin. Zientzia fikzioaren barruan azpigenero ezaguna da denbora bidaiena, eta klasiko ugari utzi ditu: The Time Machine (George Pal, 1960), La Jetée (Chris Marker, 1962), Terminator (James Cameron, 1984), Back to the Future (Robert Zemeckis, 1985), Groundhog Day (Harold Ramis, 1993), beste askoren artean.
2072. urtean gaude, eta hilketak guztiz debekatuta daude. Debeku hori saihesteko, gaizkileen taldeek amarru bat asmatu dute: denbora bidaiak egitea posible denez, biktimak 2042. urtera bidaltzen dituzte, eta han akabatuko dituzte. Modu horretan, ez dira sekula 2072 itzuliko, eta inork ez du haien gorpua aurkituko.
Looper izena hartzen dute soldatapeko hiltzaile horiek. Dagoen onenetakoa da Joe izenekoa, eta zientoka lagun hil ditu diru truk. Halako batean, etorkizunetik enkargu berezia ailegatuko zaio: pertsona bat hil behar du, Joe bera etorkizunean.
Bruce Willis da Looper-eko protagonistetako bat. Aktore beteranoa iaioa da akzio pelikulak egiten eta horrez gain ez da lehen aldia joan-etorriekin borrokan ikusi duguna; ahaztezina da Terry Gilliamen Twelve Monkeys-en jokatu zuen rola. Looper-en bere burua salbu jartzen ahaleginduko da, iraganeko bere pertsonaiarengandik ihesean.
Willisekin batera, Joseph Gordon-Levitt da bigarren protagonista nagusia. Aktoreak zor handi samarra du Rian Johnsonekin, hark Brick-en eman baitzion bere lehen aukera handia. Horren ostean, aukera izan zuen bide interesgarria urratzen hasteko: (500) Days of Summer, Inception edo berriki The Dark Knight Rises...
Gaur egun aktore errespetatua da, eta berriro ere Johnsonen aginduetara jarri da Gordon-Lewitt. Hemendik gutxira, Steven Spielbergen Lincoln-en ikusiko dugu Gordon-Levitt. Aktorea ez ezik, zuzendaria ere bada, Don Jon's Adicction izeneko komedia filmatu berri du. Hura eta Scarlett Johansson dira protagonista nagusiak.
'LOOPER'
Zuzendaria: Rian Johnson.
Aktoreak: Bruce Willis, Joseph Gordon-Levitt, Emily Blunt, Piper Perabo, Jeff Daniels.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2012.
Iraupena: 118 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Etorkizunean bere burua hil beharko duen hiltzailea
Denbora bidaiekin jolasean aritzen den zientzia fikzioko filma egin du Rian Johnsonek: 'Looper'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu