Etorkizuneko musikarien harrobia

EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak hamabost urte bete ditu, eta udako denboraldian Igor Stravinskiren 'Petrushka' eskainiko dute, erronkarik handiena betetzeko asmoarekin.

EGOko musikari gazteak Eibarren izango dira astebete, udako kontzertuak prestatzeko. AINARA GARCIA.
Ane Urrutikoetxea.
Eibar
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Zortzi ordu egunean musikaz inguratuta, partituraren aurrean murgilduta. EGO Euskal Herriko Gazte Orkestran parte hartzen duten 90 inguru musikari gazteek astebete dute udako denboraldiko kontzertu itzulia prestatzeko, eta Eibarren bildu dira lau egunez, goiz, eguerdi eta arratsaldez, egingo duten emanaldia prestatzeko. EGOk hamabost urte bete ditu Euskal Herriko eta inguruko musikari gazteak trebatzen eta udan zein neguan kontzertuak eskaintzen. Aurten, orain arteko erronkarik gogorrena betetzeari ekin diote. Igor Stravinskiren Petrushka (1947ko bertsioa) eskainiko dute, Camile Saint Saensen Bacanal, Sanson eta Dalila eta Pau Casalsen Cant dels ocels obrekin batera. Itzulia Gasteizen hasiko dute hilaren 23an, Principal antzokian. Ondoren, Donostian izango dira 24an, Miramoneko EOSen egoitzan, eta, azkenik, Bilbon 25ean, Euskalduna jauregian.

Juan Jose Ocon da EGOren zuzendari artistikoa, eta, haren esanetan, aurtengo kontzertua orain arteko zailena da: «Straviskiren obra ez da Mozarten partituren antzekoa. Musika ikasleak melodia argietara eta erritmo logikoetara ohituta daude, eta Stravisnkik arreta berezia eskatzen du, zati guztiek behar bezala bat egin dezaten». Obraren zailtasunarekin batera, entsegu denbora murriztu diete aurten: «Zoritxarrez, krisiak ere gurean eragina izan du, eta entseatzeko egun gutxiago ditugu».

Dena den, lanerako prest daude Eibarren bildutako musikari gazteak. 16 eta 26 urte bitarteko gazteak dira, gehienak Euskal Herrikoak. Urtero berritzen dute taldea, proba batzuen bitartez; aurten, taldekideen %30 lehen aldiz arituko dira orkestran. Horietako bat Jon Urdapilleta biolin jotzailea da. Hamasei urte betetzeko ditu oraindik, eta Straviskiren obrarekin estreinatuko da taldean: «Esperientzia bikaina da. Obra nahiko zaila da biolinentzat, eta oraindik ez dakigu nola entzungo den instrumentu guztiak biltzen garenean, baina asko disgozatzen ari naiz». Urdapilletak badu agertokian esperientzia, izan ere, iaz piano kontzertu bat eman zuen Donostiako Hamabostaldian. «Taldean aritzea da orkestraren alderik onena, lagunartean orduak arin pasatzen direlako. Datorren urtean errepikatzeko asmoa daukat».

Borja Molla Barakaldoko biolin jotzaileak hiru urte darama orkestran parte hartzen. Mollak musika ikasi zuen kontserbatorioan, baina orain zuzenbide ikasketak egiten ari da. Badaki orkestrak denbora asko eskatzen duela, eta udako oporrei tarte handia kentzen diela, baina ez zaio axola: « Niretzat, musika zaletasun bat da, ez lanbidea. Izugarri ondo pasatzen dugu hemen. Musikari batentzat oparia da orkestra batean aritzea».

EGOko gazteen erdia neskak dira, eta horietatik bi perkusio jotzaileak dira. Naia Membrillera da perkusioko kideetako bat, eta oso pozik dago orkestran parte hartzearekin: «Egunean ordu pila bat sartu harren, ezin naiz kexatu. Asko ikasten ari naiz, eta luxua da nire interesak dituen jendearekin biltzea».

Nazioarteko maisuak

Etorkizuneko musikarien harrobia da EGO, eta nazioarteko esperientzia zabaleko maisuekin ari dira ikasten. Musikenetik, Nafarroako Orkestra Sinfonikotik, EOSetik, Espainiako Orkestratik eta Barakaldoko Bandatik etorritako zortzi irakaslerekin ari dira entseatzen musikari gazteak. Horietako bat Iñaki Telleria perkusio irakaslea da, gaztetan EGOn izandakoa: «Zirkulu bat itxi dut irakaskuntzarekin. Oso garrantzitsua da hemen hezitako gazteek bertan lan eskaintza izatea, talentuak erbestera lan bila joan ez daitezen, eta EGOk aukera hori eskaintzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.