Iparraldea Bertan urtero martxoan egiten den eta Ipar Euskal Herriko kultura Gipuzkoara ekartzen duen zikloa da, eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteak kultur loturak egitea du helburu nagusi. Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak eta Euskal Kulturaren Erakundeak antolatzen dute, eta gaur egindako agerraldian azaldu dute zikloaren zioa: «Muga psikologikoak hor ditugu iparraldearen eta hegoaldearen artean. Hori horrela, Iparraldea Bertan egitarauak ahalbidetzen dizkigun pertsonen arteko kultur trukea eta kultur eragileen arteko esperientzia artistikoen ezagutza baitezpadakoak ditugu euskal kultura eta historia lau haizeetara hedatzeko».
Martxoaren 3an hasiko da zikloa Gaztelondon zer berri ikuskizunarekin. Etxahun Barkoxeren ingurukoa da obra berria. Pierre Topet Etxahun-en kantuen eta biziaren giroan sartzen da, soinuz (Barkoxen hartutako soinuak parte), musikaz eta kantuaz. Hitz berriak idatzi eta esaten ditu Dominika Rekalt antzerkilariak, kantuekin aldika, eta soinu giroak ere narrazioan eta musikan sartzen dira. Kantu ezagun batzuekin (Urxapala, Mundüan malerusik...) eta ez hain ezagunekin (Montebideorat joaileak...), XIX. mendeko testuinguruan sarrarazten du ikuslea, orduko araudi sozial eta morala islatuz.
Martxoaren 10ean Antton Larrandaburu eta Bitxiloreak izango dira. Larrandaburu Antton Araspin aspaldiko lagunarekin hasi zen kontzertuak ematen bikotean, baita hirukotean ere Adrien Coletekin. Arazo profesionalengatik, Adrienek proiektua utzi behar izan zuen, eta 2018an Antton Larrandaburu eta Bitxiloreak folk-rock taldea sortu dute bi Larrandabuk, Araspinek, Benjamin Labakak eta Miguel Etxeberrik. Antton Larrandaburuk kantuak sortzen ditu, eta moldaketa guztiak elkarrekin egiten dituzte.
Martxaren 17an Eleka konpainia izango da Donostian. Daniel Landart izan zen konpainiaren bultzatzailea. Funtsean, berak lehenbiziko testuak hautatu eta moldatzen zituen. Alor horretan eskaintza eskasa zela ikusiz, bi artistak sail horri eusteko gogoa izan zuten zuten euskarari toki premiatsu bat emanez, antzerki jokoa eta musika uztartuz. Bi ahotsen bitartez, ipuinari bizitasuna eta arintasuna eman zioten. Laster mediatekek eta eskola ezberdinek deitu zituzten. 2010ean, Txomin Hegi antzerkilari profesionalaren laguntzarekin Hau dela, hori dela ikuskizuna sortu zuten, Euskal Herriko hainbat tokitan aurkeztu zutena. 2020an, Ikas pedagogia zerbitzuari esker, Hala izan ala ez izan izeneko diskoa argitaratu dute. Helduei eta haurrei zuzenduta dauden hamabost ipuinez osatua dago diskoa. Kattalin Sallaberri eta Jokin Irungarai ariko dira kontalari eta musikari.
Bukatzeko, martxoaren 24an, GuraShow taldea izango da. Bost gurasok osatzen dute, eta haurrek bezala, kantu jostaldi bat publikoarekin gozatu nahi dute. Horretarako, beren errepertorioa haurtzaroan atzeman dute; etxean, eskolan edo lagunekin ikasi aspaldiko kantuak eramaten dituzte oholtzara.