Ohiko orekaz gainera, ertzak erakutsi ditu Etxahun Lekuek Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan. Kolorea erakutsi du ofiziotan zein bakarkakoan. Onintza Enbeita sailkatu da bigarren, saioan guztian zehar mailari eutsita. Azken finalaurrekoan guztiak sailkatu ezean finalean kantatuko du Enbeitak. Finalerako aukera handiarekin da Xabat Galletebeitia ere. Freskotasuna eta umorea eman dizkio finalaurrekoari. Beñat Ugartetxea ohi baino serioago jardun da, kartzelako bakarkakoan bere umorea erakutsi duen arren. Seriotasunak, ordea, ez dio beti emaitza onik eman. Agurretan eta osteko adierazpenetan aitortu duten bezala, eman nahi zutela eman ezinik ibili dira Gorka Ostolaza eta Julen Erezuma. Etxebarriko finalaurrekoa baino saio biziagoa izan da Urdulizkoa.
Honela gelditu dira puntuaketak: Lekuek, 515; Enbeitak, 495; Galletebeitiak, 474; Ugartetxeak, 470; Ostolazak, 459,9; eta Erezumak, 424. Azken finalaurrekoaren faltan, iratxe Ibarra eta Lekue finalaurrekoetako irabazlekin batera, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Fredi Paia, Beñat Ugartetxea, Joseba Artza eta Eneko Abasolo dira finalean. Datorren igandean jokatuko da finala zehaztuko duen finalaurrekoa, Amorebieta-Etxanon. Arkaitz Estiballesek, Garikoitz Sarriugartek, Ibon Ajuriagojeaskoak, Imanol eta Jone Uriak, eta Oihana Bartrak kantatuko dute bertan.