Etxaniz Rojok irabazi du Zilarrezko Euskadi saria 'Sirena-hotsak'-ekin

Gaztelaniazko atalean Mircea Cartarescuren 'Las bellas extranjeras' saritu dute Gipuzkoako liburu saltzaileek

Erredakzioa
Donostia
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Xabier Etxaniz Rojok irabazi du Zilarrezko Euskadi Saria, euskarazko atalean, Sirena-hotsak ipuin liburuagatik (Erein, 2013). Gaztelaniazko atalean, Mircea Cartarescuk irabazi du Zilarrezko Euskadi saria, Las bellas extranjeras liburuari esker (Impedimenta, 2013).

Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteak ematen du Zilarrezko Euskadi Saria, Liburuaren Egunaren harira. Lehen Liburuaren Egunean gehien saltzen ziren liburuak saritzen zituzten, baina bi urte dira jada saria emateko irizpidea aldatu zutela. Kalitatezkoak diren liburuei bigarren aukera bat emateko helburua du sariak. Kalitatezko lanak izan arren, merezi duten bezala saldu ez ziren liburuak saritzen ditu elkarteak.

Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzearekin batera, Donostiako Gipuzkoako plazan egin zen azokak jende asko bildu zuela adierazi du Andoni Aranzegi Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteko lehendakariak, eta salmentak %20 igo direla 2013koekin alderatuz gero.

Lau narraziok osatzen dute Sirena-hotsak liburua: Matxupitxu, Akelarreak, American way of life eta Sirena-hotsak. Lau ipuinek beren artean «inolako zerikusirik edo loturarik» ez duten arren, laurek bat egiten dute, egilearen iritziz, ezaugarri batean: «egiaren bilaketa» ageri da, aldez edo moldez, guztietan. «Adibidez, Matxupitxu ipuineko protagonistak istorio batzuk entzuten ditu, baina ez daki egia diren ala ez, eta bere buruari galdetzen dio ea besteen egiak bere egiak ote diren; American way of life ipuinean ez da hori agertzen, ez dago egiaren bilaketa bat, baina badago beste egia bat, eta egia hori da enpresariek nola jokatzen duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.