Etxe, country moldean

Rock eta pop doinuak atzean utzi, eta ukitu amerikarrez jantzi du kantariak 'Haize berri bat' hirugarren diskoa

Disko berrian, soiltasunari eman dio garrantzia Iñaki Etxezarraga Etxe-k . LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Talde barik, kantautore legez gitarra eskuan dator oraingoan Iñaki Etxezarraga Etxe abeslari berriztarra Haize berri bat diskoarekin (Baga-Biga). «Niretzat, mugarria da, zeharo, diskoa» azpimarratu du. «Duela urte bat taldearekin nuen proiektua alde batera utzi nuen, ez zegoelako kontzertu askorik», azaldu du. «Patagonian denbora asko izan dut pentsatzeko, eta inspiratuta etorri naiz», adierazi du Etxek El conquistador del fín del mundo telebista saioko esperientzia gogora ekarriz.

Kantaria aldatu egin da. «Bidegurutze batera iritsi naiz, eta, zuzen jarraitu beharrean, norabidea aldatu dut. Ez soilik musika aldetik, nire bizitzari ere haize berri bat eman diot», azaldu du Etxek. Orain arte egindako guztia alde batera utzi, eta zerotik hasi da bere hastapenetara itzuliz. Disko akustikoa plazaratu du, Iban Gurrutxagak egindako konponketekin. «Ni biluztu egin naiz, eta berak jantzi egin nau». Disko honetan estilo lasaiagoa landu du. Berak kantuen egitura eta melodiak egin ditu, eta Gurrutxagak gitarra konponketak. «Plazer bat izan da berarekin lan egitea, aberastasun handia eman dio diskoari».

Formatu txikian egingo du lan aurrerantzean Etxek, gitarra soil bat aldean duela. «Ez nuen formatu handian jarraitu nahi, nahiago dut kontzertu txikiak eman tabernetan, leku intimoagoetan. Soinu aldetik, garai bateko pop eta rock doinuak albo batera utzi, eta country estilora hurbildu da. «27 urterekin musika ezberdina entzuten nuen, nahiko maiteminduta nengoen Johnny Cashekin, eta diskoan nabari da». Kantuak egiteko era ez duela aldatu nabarmendu du Etxek. «Oraingoan ahotsari eman diogu garrantzi handiena, garbi entzuten da, presente dago disko osoan. Intentsitatearekin asko jolastu dugu».

Gerra umeen azalean

Disko berrian hamar abesti ageri dira. Horietatik sei berriak, eta gainontzeko laurak zaharren moldaketak. Etxek berak asko estimatzen duen Agur kanta nabarmendu du: «80 urte atzera egin, eta gerra garaian herritik kanpo joan behar izan ziren ume eta emakumeen barruan sartu, eta agur eskutitza idatzi diot Euskal Herriari». Bizitzari aurre kantuan sufritzen ari den jendea izan du kontuan. «Gauden egoera nazkagarri eta gogorrari aurre egiten ari diren langabeei, gaixoei eta norbait faltan duenari». Taupadak maitasun kantua da. «Maitasun asko dago kantuetan, baina ez da disko honetako gai nagusia. Kantu berriak idazterakoan izan ditudan sentimenduak oso desberdinak izan dira, aurreko diskoekin alderatuz». Kantu berrien artean Munduaren amaiera konkistatzen dago. «Patagoniatik itzultzean erabaki nuen bizitakoaren inguruan kantu bat idaztea. Maiderrekin abestu nuen programaren finalaren egunean eta emaitzarekin oso pozik gelditu nintzen». Kantu akustikoa da.

Diskoan aurreko diskoetako lau kantu berreskuratu ditu, baina moldatuta. Hori da dena abestia aldaketa horren lekuko garbia dela azaldu du Etxek. «Lehen rock kutsu handiagoa zuen, pop kutsua ere nabari zitzaion, baina orain country kanta bat da». Gitarra erritmikoak orraztu ditu, etakantu zaharrei bestelako sonoritate bat eman die.

Etxek berak kudeatutako maketa batekin hasi zuen bere ibilbidea duela sei urte. Bi urtera, Bidea Eginez diskoa kaleratu zuen. 2009an Heldu eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.