BERTSO JARRIAK

Etxea helmuga

Lekeition jaio zen (Bizkaia), 1996an. Gazte hasi zen bertsotan, Lekeitioko eskola publikoan, Onintza Enbeita irakasle zuela. Herriko Poto bertso eskolan eta Markina-Xemeingoan (Bizkaia) aritu da gerora. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritzako kidea da egun.

Aissa Intxausti Aburruza
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
A
Malaga, Lekeitio,
Salou, Kroazia...
eguneroko estresa
geldiarazia.
Hartu kulero batzuk,
krema, orrazia...
txoko bat bihur dadin
gure oasia.

B
Udan eraldatzen da
herria asteka:
astelehenak zapatu,
eguenak domeka.
Kaleak garbituta
ta lorez beteta,
beste behin bisitariz
beteko da eta.

A
Bizitza bilakatzen
da ustekabean
gauak kaña artean
ta goizak harean.
Merezi du ordaintzea
—fijatu marean!—
kafe bat hiru euro
itsaso parean.

B
Neure etxean arrotz
sentitzea dana,
jendea, erritmoa,
kaleko jarana...
ez da bateragarri
zazpietan lana.
Gauero hamarretan
ixten dut pertsiana.

A
Gauero kontzertuak
daude zuzenean,
tabernetan turista-
-filak barrenean;
herritarrak guri esker
dabiltza lanean!
Zer egiten da hemen
gu ez gaudenean?

B
Irailean, beroa
lurruntzen hasia,
berreskuratzen dugu
itsaso gazia.
Bukatzean zikloa
ta lo eskasia
negua bihurtzen da
gure oasia.

Doinua:
Galerianoarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.