Etxeko hegiak

Michelle Citronek 'Daughter Rite' ekarri du Ikuspuntu jaialdira, 80ko hamarkadan mugarri izan zen lana

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
«Pertsonala dena politikoa da». Guztiz egiten du bat aldarri feminista horrekin Michelle Citron dokumentalgilearen lanak. 80ko hamarkadaz geroztik bideogintza feminista esperimentalaren izen ezagunenetariko bat da berea, eta politika eta esperientzia pertsonala batzen dituen gunean jarri du maiz begia. Familia da haren gai nagusietariko bat: etxeko egiak eta hegiak. Iruñean da egunotan, Ikuspuntu zinema jaialdian, 1979an estreinatu zuen ama-alaben arteko harremanei buruzko lan esanguratsuenetariko bat erakusten: Daughter Rite (Alaben erritua). Dioenez, oraindik ere «oso hurbileko» zaio.

Festibal eta ikerketen ohiko bazka da egun filma, eta generoko klasiko gisa aurkeztu dute Iruñean bideogintza feministari eskainitako zikloan. Mugarri gisa. Ez du beti halako onarpenik izan, ordea. Estreinatu zenean, oso eztabaidatua izan zen. Citronek berak azaldu du zergatik: «Dokumentalak edo lan esperimentalak egin behar ote ziren. Hori zen eztabaida emakumeen artean garai hartan, eta nik biak batu nituen. Dokumentalen hizkuntza hartu nuen, baina fikzioa ere landuz. Genero hibridoa. Traizioa iruditu zitzaien askori».

Egiara heltzea da asmoa, eta, horretarako, errealitate dokumentatu batean oinarritutako fikzioa da Daughter Rite-koa. 38 emakume elkarrizketatu zituen Citronek lana hasi baino lehen. Eta haiengandik jasotakotik idatzi zuen gidoia. Hala heltzen da etxe barruko egoera tirabiratsu eta zenbaitetan bortitzetara kontakizunean: sexu gehiegikeriak, botere harremanak eta isiltasuna. Ez da bere esperientzia propioa, zehaztu du Citronek, baina bai lan pertsonala. «Ez nuen filma nire terapia propio modura erabili nahi, jende gehiagoren ahots izatea ere nahi nuen». Bi aktoreren lanaren bidez agertzen ditu beste emakumeengandik bildutako esperientzia horiek filmean. Baina bere etxeko grabazioen irudiez eta off-ean grabatutako ahots baten narrazioaren laguntzaz osatzen du kontakizuna.

Hori izan da Citronen urteetako lanaren beste ardatzetariko bat. Etxeko bideogintzarekiko interesa eta kezka. Gai horri buruz idatzi duen liburuaren izenburuak ematen du aztarna bat duen iritziari buruz: Home Videos and Other Necessary Fictions (Etxeko bideoak eta beste beharrezko fikzio batzuk). Fikzio baitira, Citronen ustez, etxean egindako grabazio horiek. «Beharrezko fikzio», dio. «Gure autobiografiaren fikzioa idazteko modu bat dira, eta, horregatik, talkak izaten dira bideo horietan ikusten diren familia irudien eta familia horien esperientzia errealen artean».

Ertzetan da egia

Mugan jartzea da Citronen lana. «Ikuslea ezeroso sentiarazi nahi dut. Fikzioa den edo dokumentala den ezin jakinik. Nire ustez, fikzioaren eta dokumentalaren ertzetan dago egia. Imajinazioa oso garrantzitsua da, subkontzientea ere bai. Eta egia horiek guztiak batzen diren gunean izaten da». Hala azaltzen du etxeko bideoei buruz idatzi zuen liburuan ere: «Memoria/historia; fikzioa/dokumentala; zatia/narrazioaren kohesioa: gorputzak/ideiak; plazer bisuala/testua; bizitza/artea... Ideia bikoteekin hasten naiz, itxuraz kontrako direnekin, zenbaitetan kontraesankor direnekin. Eta '/' zeinuak sortzen duen korronte estuan hartzen du arnasa egiak. Ertzean ikasten dut nik». Bizitza filosofia bat da, eta tinko jarraitzen du jarrera horretan bere azken lanek erakusten dutenez.

Web hizkuntzan oinarrituta, familiaren gaira itzuli da berriz. Bere aitaren familiaren genealogia eta emakume lesbianen lau belaunaldi hartzen ditu Mixed Greens proiektuan, adibidez. «Irlandan du nire aitaren familiak jatorria. Juduak ziren, baina katolikoekin egin zuten borroka. Lau belaunaldiren bidez kontatzen dut haien historia, dokumental gisa. Beste ardatz batean, ni neu lesbiana naiz, eta lesbianen lau belaunaldi kontatzen ditut lan horretan, baina kasu honetan fikzioa erabiliz. Identitatea eta asimilazioa. Horiek dira lan horren gaiak. Zer mantentzen dugun, zer utzi. Hortik sortzen diren kontraesan guztiak, finean, berdinak dira ardatz gisa hartu ditudan bi nortasunen kasuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.