Etxepareren olerkiak abestea

'Linguae vasconum primitiae' irakurriko dute ostegunean, Klasikoen XIV. Irakurraldi Jarraituan, Bilbon. Xabier Amurizak moldatu du testua: euskara batuan eta «kantatzeko» estiloan emandako antologia bat da

Ezkerretik hasita, Maguregi euskaltegiko zuzendaria, Amuriza, Bilbao foru diputatua, Narbaiza zinegotzia eta Laboral Kutxako ordezkaria. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Askotariko jomugak izan ditu Klasikoen Irakurraldi Jarraituak hamahiru urtean. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen du egitasmoa, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, eta helburu jakin batekin hautatu dituzte urtero irakurri beharreko testuak. Axularren Gero-rekin hasi zuten ibilbidea, eta euskal literaturako beste hainbat testu klasiko eta garaikide aukeratu izan dituzte ondoren; itzulpengintzari ere tartea eskaini zioten Franz Kafkaren Metamorfosia lanarekin, eta, 2020an,haur literatura aldarrikatu zuten, Mariasun Landaren ipuin hautaketa batekin. Hamalaugarren aldiz egingo dute ekinbidea, baina, hala ere, aurtengoa mugarria izango dela adierazi du Jon Maguregi Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendariak; «hasiera berria» irudikatzea xede, euskal literaturaren hasierara jo dute, hain justu: Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae (1545) irakurriko dute berrehun bat lagunek ostegunean, 08:00etatik 14:00etara bitarte, Bilboko Arriaga antzokiko foyerrean.

Euskaltegiko zuzendariaren arabera, irakurraldian «gizarteko arlo guztiak» egongo dira ordezkatuta. Izan ere, 200 irakurle horien artean egongo dira unibertsitateko, komunikabideetako eta erakunde publiko zein pribatuetako hainbat ordezkari, kultur eta gizarte eragileak, baita euskaltegiko ikasle eta irakasle andana ere. Halaber, 50 euskal etxetako ordezkariak gehituko zaizkie telematikoki Etxepareren testua Arriagan irakurtzen arituko direnei. Euskal literaturako lehen obra idatziaren bertsio bat leituko dute ahots gora, Xabier Amurizak moldatutakoa: zehazki, obraren ahapaldi «ustez onenak» aukeratu ditu idazleak, azaldu duenez, eta horiek euskara batura ekarri ditu, «kantatuak eta deklamatuak» izateko moldean. «Beti Etxepareren estiloa errespetatuz, gustura entzuteko moduan eman dut obra».

Maguregiren hitzetan, egitasmoaren aldi guztietan «bidelagun berezia» izan dute, irakurriko duten obraren autorea bera, ahal izan denetan. Oraingo honetan ezinezkoa zenez, Linguae vasconum primitiae-k jasotzen dituen «herri poemetatik hurbilen» dagoen idazlea nor izan zitekeen hausnartu, eta moldaketa Amurizari egokitzea deliberatu zuten.

Izan ere, poesia jasoaren kontrakarrean, Etxeparek ahapaldi «apalak» idatzi zituela nabarmendu du Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak. Linguae vasconum primitiae-ren jatorri herrikoia azpimarratu du Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatuak ere: pandemiak tokikoaren «garrantzia» erakutsi duela-eta, aurtengo irakurraldirako Etxepare hautatu izanak «herrikoitasuna azpimarratzen» du, foru diputatuaren iritziz. «Falta ezinezko hitzordua da. Tokikoa, gertukoa baloratzen du; bertakoak duen balioa ez da behar beste aldarrikatzen».

Etxepare eta Amuriza

Bilbo Zaharra euskaltegiak enkargatutako lanari «esker», Amurizak sakonago ikasi ahal izan du lehendik ere «asko axola» zitzaion pertsonaia hori. Hainbeste, ezen «saiakera bat» izan baita Etxepareren ahapaldiak moldatzeko lanaren fruitua, idazlearen arabera. Bataren eta bestearen bizitzek bat egiten dute hainbat pasartetan, idazleak aletu duenez, biak izan baitira apaiz eta preso. Alabaina, idazle garaikideak bere bizipenak luze eta zabal kontatu baditu ere, ez zuen beste horrenbeste egin klasikoak, ez baitzuen bere buruaz «ia xehetasunik eman», Amurizak azpimarratu duenez. «Etxeparek enigma bat utzi zigun».

Kontrara, utzi zuen obra ñabarduraz betea dago, eta forma aldetik ez ezik eduki aldetik ere «xarmatu» egiten duela onartu du Amurizak; euskararen inguruan duen ikuspegiak, besteak beste. «Harrigarria egiten zait euskarari ematen dion neurria, kategoria. Euskarazko lehenengo idazlea izateko, nolako kontzientziaz hitz egiten duen euskarari buruz: beti egin zait harrigarri». Beste hizkuntzen gainetik kokatu zuen Etxeparek euskara, idazleak dioenez. «Frantsesaren gainetik, Ronsard eta Montaigneren gainetik jartzea... hori ez zen barkagarria. Atrebentzia ematen du».

Linguae vasconum primitiae-k jasotzen dituen amodiozko poemek ere «harritzen» dute Amuriza. «Trentoko [Italia] Kontzilioa hasi zen urte berean, nola liteke apaiz batek argitaratutako hamahiru poemetatik hamaika amodiozkoak izatea?». Gainera, lanetako batek, Emazten fabore olerkiak, emakumeen alde egiten du, «andre probokatzailearen» tradizioari kontrakar eginez.

Hitzaldiak gaur eta bihar

Osteguneko irakurraldiaz gain, Etxepareren obra hizpide izango duten hitzaldiak ere antolatu ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak. Atzo, Tere Irastorza eta Aingeru Epaltza aritu ziren Etxepareren testuaz, eta gaur eta bihar beste bi idazlek sakonduko dute obran. Koldo Izagirre jardungo da gaur, eta, bihar, Xabier Amurizak azalduko du nola moldatu duen klasikoa, eta xehetasunak emango ditu lanaren formari eta edukiari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.