Musika

Etxera itzuli da

Damien Juradok hamabost disko kaleratu ditu hogei urtean; folk-rock kantautore oparoa dela erakutsi du. 'The Horizon Just Laughed' lan berriak agerian utzi du sasoi betean dagoela.

Damien Jurado 90eko hamarkadaren amaieran hasi zen diskoak argitaratzen. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
AEBetan pisu handia dute kantautoreek, batik bat gitarraren laguntzarekin beren kantu propioak sortu eta interpretatzen dituzten musikariek. Urteetan, country eta folk eszenek kantautorearen figura posible egin dute, baina azkeneko urteetan gero eta gehiago dira genero bati lotuak egon ordez elementu aske gisa agertu diren kantariak. Horien artean kokatu beharrekoa da Damien Jurado (Seattle, AEB, 1972), zalantzarik gabe bere belaunaldiko musikari distiratsuenetakoa, baina baita nortasun handienekoa ere.

1997an Waters Ave S. diskoarekin hasi zenetik, Juradok bide propio bat eraikitzen asmatu du, sormenari eta begirada ireki bat izateari uko egin gabe. Hala, bere ibilbidea bi zatitan banatu izan bada ere —1997tik 2008rakoa litzateke lehenengoa, eta orduz geroztikakoa bigarrena—, musikariaren diskografian arakatzea nahikoa da jabetzeko urruti dagoela kategorizazio eta sailkatzeetatik. Adibidez, ezagun egin zuten lanetako bakoitzak soinu bereizgarria du. Rehearsals for Departure diskoan (1999), Bruce Springsteen eta Neil Young barnerakoienen eragina antzematen zen, baina pop ukituak ere bazituen; Ghost of David (2000) lan biluzia zen, nolabaiteko Nebraska bat; eta I Break Chairs-ek (2002), berriz, gitarra elektrikoan zuen oinarria, eta rock moldeetara hurbildu zen.

Nolanahi ere, hamarkadaren amaieran, Richard Swift ekoizlea gurutzatu zen Juradoren bidean, eta zerbait aldatu zen Seattleko kantariaren musikan. Saint Bartlett (2010), bien arteko lehen kolaborazio hark, bere soinua hedatzeko prest zegoen musikari gisa agerrarazi zuen Jurado, zeinak soinuaren sakontasunean arakatu nahi zuen 60ko hamarkadako popari keinuak egiteaz gain. Diskoa bikaina izanagatik, ez zuen aurreikusten zenbaterainokoa izango zen Maraqopa (2012), Brothers and Sisters of The Eternal Son (2014) eta Visions of Us on the Land (2016) lanek ekarriko zuten sakontzea. Atmosferikoak, psikodelikoak eta ia etereoak dira trilogia osatzen duten lanak; ez zuten iraganeko Jurado ezkutatu, baina, zalantzarik gabe, beste eremu batera eraman zuten. Hala ere, kantariaren molde leun eta tristeen zaleak kantu sorta aparta aurki zezakeen.

Soiltasunerako bidaia

Richard Swiftekin egindako lanaz harro egon arren, eta ekoizleak beste soinu batzuk arakatzeko aukera eman badio ere, Juradokazken aurreko diskoetako molde psikodelikoetatik ihes egin du The Horizon Just Laughed lan berrian. Beste zerbaiten bila. «Richard Swiftekin lan egiten duzunean, badakizu Richard Swiften disko bat izango dela. Soinu oso bereizgarria duelako». Ez du zentzu negatiboan nabarmendu ekoizlearen lana, eta gaineratu du «oso gustura» aritu dela harekin. «Oso momentu onak igaro ditugu elkarrekin, eta asko ikasi dut harengandik. Baina, oraingo honetan, nik neuk ekoitzi nahi nuen diskoa». Ekoizle baten begietatik baino gehiago, bereetatik ikusi nahi zuen bere musika: «Oinarrian, ni neu nago disko honetan. Nire ekoizpena, nire soinuak, nire konponketak... Diskoa%100 ni da».

Horrek Ghost of David-en biluztasunera eraman du sarritan, nahiz eta nolabaiteko argitasuna darion disko osoari. Soul jantziekin azaltzen da batzuetan (Allocate), ohi baino biziago beste batzuetan (Percy Faith), hauskor bezain zirraragarri behin sarritan (Over Rainbows and Rainier, Lou-Jean), eta eguzkiari bete-betean sartzen uzten dio Florence-Jean-en.

Euskal Herrian behin baino gehiagotan egon den arren—2010ean kontzertu gogoangarria eman zuen Donostiako Gazteszenan, gitarraren laguntza hutsarekin—, udazkenean egingo duen birak ez du —aldaketarik ezean— hona ekarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.