Jack mintzatu zen:
—Emaidazue edaten.
Henryk oskol bat eraman zion berehala eta Jackek bertatik edan, ertz makestu haren gainetik Txerri eta Ralphengandik begirik kendu gabe. Boterea ageri zen haren besagain beltzaranen konkorretan; larderia zetzan haren sorbalda gainean, belarrira txutxumutxuka ari litzaiòn tximu baten gisa.
—Eseri zaitezte denok.
Mutilak lerrotan jezarri ziren zelaian haren aurrean, baina Ralph eta Txerrik zutik segitu zuten han beheraxeago, hondarreta leunean. Jackek ez zituen oraingoz aintzakotzat hartu eta, bere mozorroa eserita zeudèn mutikoei zuzendu eta lantzaz seinalatzen zituela, galdetu zien:
—Nor dator nire tribuarekin?
Ralphek zirkin trakets bat egin zuen, bat-bateko behaztopa. Mutiko batzuk harengana jiratu zuten burua.
—Jaten ematen dizuet —esan zuen Jackek— eta nire ehiztariek babestuko zaituztete piztiarengandik. Nork nahi du nire tribukoa izan?
—Neu naiz jefea —esan zuen Ralphek—, zuek aukeratutakoa. Eta suari eutsiko geniola erabaki genuen. Zuek, hala ere, jatekoaren atzetik korrika beti…
—Heu ere bai! —Jackek oihuka—. Begira bestela esku artean daukaan hezurrari!
Ralph gorri-gorri.
—Zuek ehiztariak zinetela esan zenuen. Horixe zen zuen lana.
Jackek aintzakotzat hartu ez berriro:
—Nork nahi du nire tribukoa izan eta ondo pasa?
—Neu naiz jefea —Ralphek, ahots dardartiz—. Eta sua zer? Gainera, neuk daukat maskorra…
—Badaezpada ere ez duk hona ekarri —Jackek, maltzurki—. Hantxe utzi duk... ez al da hala, sasi-jakintsu? Eta, dena dela, maskorrak ez dik balio irla-mutur honetan.
(...)
—Hemen ere balio dik maskorrak—esan zuen Ralphek—, hemen eta irla osoan.
—Bai ote?, eta zer egingo huke, bada?
Ralphek mutikoen lerroak ikusmiratu. Handik laguntzarik ez eta bestaldera begiratu zuen, nahasturik eta izerditsu. Txerrik ahapeka:
—Sua… erreskatea.
—Nor dator nire tribura?
—Neu.
—Neu ere bai.
—Baita neu ere.
NOBELA (ZATIA)
Jatorrrizko hizkuntza: ingelesa.
Jatorrrizko izenburua: 'Lord of the Flies'.
Itzultzailea: Joxe Austin Arrieta.
Argitaletxea: Elkar.
Urtea: 1990.
Aurkezpena: Duela 100 urte jaio zen William Golding, Cornwallen (Ingalaterra), 1911ko irailaren 19an. Literaturako Nobel saria jaso zuen 1983an, eta Lord of the Flies (1954) da haren nobelarik ezagunena. Aire istripu baten ondorioz irla mortu batera eroritako mutiko talde baten gorabeherak kontatzen ditu. Gizartea eratzeari ekitean, ereduen arteko talka sortuko da.
Literatura. Pasarte hautatua. William Golding
'Eulien ugazaba'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu