Zaparrada ez da inoiz arazo. Inoiz ez dago jende gehiegi hitzaldi bat entzuten, baita aretoa gainezka egonda ere. Baina arduradun politiko zintzo eta ezkertiarrenak ere esango dizu jende gehiegi etorri dela. Ez ote zen aretoa txikiegi. Inoiz ez dago musika kontzertu gehiegi, edo soberako bertso saiorik, edo antzerki emanaldi gehitxo edo ezin jarraituzko liburu berrien zerrendarik. Ugaritasuna ez da inoiz akats. Hain zuzen hori du kulturak eder: egunero hamar liburu irakurrita, hamar kanta entzunda ere, jakitun izatea ez zarela irakurri nahiko zenukeenaren milioigarren zatitxoa irakurtzera edo entzutera ere inoiz iritsiko. Agian, inor urduritu egin liteke hori pentsatuta, baina sosegatu ere egiten du.
Beste kontu bat antolatzen diren kultur ekimen guzti horietatik bi baino ez direla bistaratzen, ezagutzen, belarrietara iristen, eta horrenbestez jendea ez doala, jendeak baitu eskubiderik ezta ez noa esateko ere. Ez doa eta kitto. Ez dakielako. Ados, ez du bilatzen. Bilatuko balu aurkituko luke. Bale.
Kontua da kultura bat (kultura normal bat, jakina, erran nahi baita bere eremu geografiko eta eremu funtzionaletan nagusi eta bakar dena) ez bada jendearengana infiltrazioz iristen nola iristen da? Alegia, euria bezala harrapatu behar zaitu, nahi edo ez nahi busti behar zaitu. Horrela ez bada, makinariari begiratu bat bota beharko zaio. Zerbait ez dabil ondo.
Badakit bainak badirela. Kultura normaldu horretan bustitzen zaituena kultura horren emaitza banalizatuena dela? Arrazoi. Baina errekatxoak ere badira, eta topatuko dituzu lan handirik gabe, baita erreka nagusitik bertatik gehiegi alboratu gabe ere. Egin froga: saiatu, musika, literatura eta zinema iparramerikar independenteena topatzen. Orain saiatu euskarazko musika, literatura, zinema arruntena topatzen. Bietarik non topatzen duzu gehiago, eta garrantzitsuena dena, errazago? Gaztelaniazkoa hegoaldean eta frantsesezkoa iparraldean, frogatu beharrik ere ez duzu. Blai gaude. Estandarrena, arinena, kalitate eskasenekoa, politikoki zuzenena dela bustitzen gaituen kultura espainiar-frantziar hori? Bai, baina hori beste albo kontu bat da, kultura guztiei eta kultura berari gaitz bihurtu zaiona, gizarte guztiei bezalaxe.
Galdera da nolatan lortzen da hizkuntz-kultur euria sortzea? Orain artean ezagutzen den biderik eraginkorrena estatu baten hizkuntz eta kultura ofiziala izatea da. Horrek bermatzen dizkizu egiturak, laguntzak, hizkuntza eta kulturaren aldeko lege eta dekretuak, babesak, zabalkundea, sortzaileen mintegiak eta industriaren bideragarritasuna. Horrek guztiak bermatzen du, eta horiez gainera eta bereziki hedabide sare oso batek.
Bermatzen edo bermatu izan du. Norabide eta pentsamendu bakarreko globalizazio garaiotan jada ez baita nahikoa zure geografian eta zure funtzioetan nagusi izatea. Galdetu bestela, ez bakarrik Frantziako Kultura eta Komunikazio ministroari,baita azken gobernuak sortu duen Identitate ministerioko buruari ere, nondik datozen frantses kulturarekiko euren kezkak. Gaur egun, kasik munduan ere hizkuntza nagusietako bat izatea eskatzen du zurean zure kulturak, inor bustiko badu.
Desoreka da kontua. Normal ezin bizi izana. Zuretik euririk ez badator, errekak beste isuri bat badakar, iturria agorra bada, nola jabetzen zara zure kultura badenik? Eta honekin lotuta, bazarenik, kolono bat edo kolonizatu bat baino areago?
Estatua izateko arrisku handirik ez dugu, eta izanda ere gure kultura, gizarte, pentsakera eta bizikera kolonizatuak zer ekar lezakeen begitantzea ez da zaila. Oraingoaren hain desberdin jokatuko al genuke kultur eta hizkuntz politiketan? Nork jartzen du lepoa?
Lourdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako Sailburuordeak egin du galdera: zenbat hedabide dira beharrezkoak euskararen normalizazioan aurrera egiteko? «82 hedabide beharrezko dira Euskal Herrian euskararen normalizazioan aurrera egiteko?». Eta berak erantzun: «gogoeta egin behar dugu, dena ez da balekoa!». Asko iruditu antza. Baina ugaritasuna ez da arazoa. Zenbakiak ez du ezer esaten, ez aldeko ez kontrako, ez bada administrazioko kudeatzaile izan eta kezka nagusi diru-apurrak gero eta gehiagoren artean nola banatu baduzu. Baina hemen arazoa ez da administrari publikoaren estutasuna. Gakoa zera da: zertan ari garen gizarte eragileak eta bereziki administrazio publikoak normaltasunaren bidean, eta benetan normaltasun bidean ari ote garen ustean ez ote garen ez-normaltasun politikak egiten ari. Alegia, Auzmendiren erantzuna: zer da baleko eta zer da beharrezko? Ez kultur teknikariarentzat ez aldizkariko erredaktorearentzat, zer da baleko eta beharrezko hizkuntzarentzat eta kulturarentzat? Lepoa jartzen dut 82 izatea hedabideak ez dela arazoa, ez 82 ez 202, baizik eta nola lortzen dugun euria sortzen has daitezen, eta euri horrek busti gaitzan. Eta horrek egiturazko, pentsamenduzko eta izatezko erantzun bat eskatzen du.
Katuajeak
Euria (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu