MUSIKA

Euriarekin batera hasi da Azkena Rock

Euritearen ondorioz, Bombus taldearen kontzertua bertan behera geratu da. Scorpions eta Blondie talde nagusietatik haratago, talde eta artista interesgarri ugari bilduko dituzte berriro Mendizabalako agertokiek. 

The Smashing Pumpkins taldea, iazko Azkena Rock jaialdian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2014ko ekainaren 21a
09:14
Entzun

Musikazaleentzat eta, bereziki, rock jarraitzaileentzat aski ezagunak dira Azkena Rock jaialdiak aurten aukeratu dituen bi talde nagusiak. Nor bere estiloan, ospe eta ibilbide handikoak dira Scorpions eta Blondie. Haatik, izen handiak baino askoz gehiago ere bada ARF Azkena Rock Festival. Hain zuzen ere, bestelako musika eskaintzak ikusteko leku ezin hobea dira Mendizabalako kontzertu guneko agertokiak. Hemen daude aurten adi ikusi eta entzuteko moduko hamar proposamen:

1- Wolfmother

Pearl Jamen gaua izan behar zuen hark. Haatik, arratsalde partean munduko beste puntatik Mendizabalara iritsitako talde gazte batek hankaz gora jarri zuen agertoki nagusia. Wolfmother australiarrak ziren. Izen bereko diskoa (Wolfmother, 2005) hamarkadako estreinaldi indartsuenetako bat izan zen. Urteak ez dira alferrik igaro, eta jatorriko taldetik soilik Andrew Stockdale liderra geratzen da. Duela gutxi, New Crown diskoa kaleratu du, formazio berriarekin. Mendizabalan utzitako oroitzapen ona berritzeko erronka dute. Gaur, 23:50ean. Lou Reed agertokian.

[youtube]http://youtu.be/qUyWp4gwElI[/youtube]

2- The Strypes

Rock musikaren loria beteranoen bilgune bihurtu da sarritan ARF. The Strypes taldearen kasuan, justu kontrakoa da. Irlandako laukotea oso gaztea da —16-18 urte dituzte denek—, baina haien lehen diskoak, Snapshot izenekoak, oihartzun handia bereganatu du. Blues eta rock doinu freskoak dakartzate Gasteizera. Ez dute ezer asmatu, baina lagun dute gaztetasunak ematen duen indarra. Gaur, 19:00etan. Raul Aransaez karpan.

[youtube]http://youtu.be/gZb8nEemK2k[/youtube]

3- The Temperance Movement

Mendizabalako gunean izan da talde estimaturik: The Black Crowes, hain zuzen. Horien soinua erreferentzia argia da The Temperance Movement taldearentzat. Talde britainiarrak iazko irailean argitaratu zuen lehen diskoa, eta rock zerrendetan hirugarren postura iritsi zen Erresuma Batuan. Gaur, 18:15ean. Lou Reed agertokian.

[youtube]http://youtu.be/4QRll-AyVnE[/youtube]

4- The Soulbreaker Company

Aurtengo jaialdiak duen berritasun bat: hirugarren agertokia talde berritzaileentzat. Horien artean Euskal Herriko bi egongo dira, biak gasteiztarrak: The Soulbreaker Company eta Arenna. Karpan ere beste euskal talde pare bat ariko dira: Niña Coyote eta Chico Tornado, eta 13 Left to Die. Gaur, 19:55ean. Hirugarren agertokian.

[youtube]http://youtu.be/h9rSU5h-UCs[/youtube]

5- Violent Femmes

AEBetako rock alternatibo berriaren aitzindariak izan ziren 80ko hamarkadan. Taldearen izen bereko lehen diskoa eta bigarrena (Hallowed Ground) klasiko bihurtu dira. Taldeak utzi egin zion jotzeari 2009. urtean, baina iaz berriro elkartu ziren jatorriko kideetako hiru: Gordon Gano, Brian Rithcie eta Brian Viglione. Gaur, 20:00etan. Lou Reed agertokian.

[youtube]http://youtu.be/gproa6vzgws[/youtube]

6- Kadavar

Hard rock klasikoaren aztarna biziberrituta dabil Europa iparraldean. Graveyard suediarren azken bi diskoek rockzaleen onespena izan dute, esaterako. Estetika eta soinu iturri beretik edaten dute Kadavar berlindarrek. Black Sabbath bakarra dago, baina herentzia ondo zaintzen dioten jarraitzaileak ez dira falta. Kadavarrek soinu indartsua eta abesti landuak eskaintzen ditu, behintzat. Gaur, 02:10ean. Lou Reed agertokian.

[youtube]http://youtu.be/4xgi91s7zf8[/youtube]

7- ARFko giroa

Musika da Azkena Rock jaialdiaren arima, noski. Kontzertuen, zuzeneko musikaren bizitasunak erakartzen ditu bisitariak. Urteen poderioz, hori baino gehiago bihurtu da, halere: toki askotatik iritsitako zaleen bilgune iraunkorra da. Jaialdiak gorabeherak izan ditzake, baina Gasteizen rockzaleentzat dagoen giroak arazo guztiak gainditu ditu, orain arte.

[youtube]http://youtu.be/0LRUvBy5A9E[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.