Intercult elkarteak hauspotutako egitasmoa da Corners of Europe, eta haren asmoa da "Europako txokoetako" sortzaileak harremanetan jartzea, eta hainbat jatorri eta diziplinatako artisten arteko lankidetza proiektuak bultzatzea. Talde espedizioak egiten ditu horretarako, eta plataformako kidea izaki, Donostia 2016 bulegoak Basque Xpedition prestatu du. Hartara, 25 artistak parte hartuko dute hilaren 18ra bitartean antolatutako jardueretan. Horietako bost Euskal Herrikoak dira: Borja Ruiz, Juan Aizpitarte, Ixone Ormaetxe, Beatriz Txurruka eta Asier Zabaleta.
Donostia 2016z gain, beste zortzi bazkide ditu Cornersek: Umea 2014ko Kultur Hiriburua (Suedia), Gdansk (Polonia), Ljubliana (Eslovenia), Pogon, Zagreb eta Rijeka (Kroazia), Belfast (Irlanda) eta Bradford (Ingalaterra). " Europa erdiguneko toki hegemoniko horiek guregana erakartzea eta gurea Europan erakustea" . Horixe da plataformaren helburua, Chris Torch zuzendari eta komisarioaren ustez. "Beste ikuspegi bat proposatu nahi dugu".
Horretarako, bi asteko espedizioak antolatzen dituzte, eta horietan, artistek ez ezik, soziologoek, arkitektoek eta zientzialariek ere parte har dezakete, besteak beste, Torchen esanetan. Orain arte lau egin dituzte: Eskandinavian, Balkanetan, Kaukason eta Europako ekialdean. Bosgarrena da Basque Xpedition, eta hurrengoa Irlandak hartuko du, apirilean.
Espedizio horietan sortzen diren lanak bazkideek antolatutako ekitaldietan aurkezten dira. Hartara, aurreko espedizioetan eraturiko pieza batzuk egongo dira ikusgai Umearen kultur hiriburutzaren inaugurazio ekitaldian, datorren urtarrilean. Egunotako lankidetzaren ondorioz sortuko diren piezak, berriz, Exodos jaialdian erakutsiko dituzte, ekainean, Ljublianan.
Torchek pentsatzen du espedizio horietan "egoera hauskor batean" kokatzen dituztela artistak, eta beste era batean jokatzen dutela horregatik. "Ez gara joaten kultura kontsumitzen den ohiko tokietara. Beste eremu batzuk bilatzen ditugu, beste jende bat. Eta haiei galdetzen zaie: 'Zer da artea zuretzat?'".
Iker Tolosa Donostia 2016ko kideak prestatu du espedizioaren egitaraua, eta «topikoetatik ihes egiten» ahalegindu da. "Hemengo errealitate soziala, kulturala eta politikoa gertutik ezagutzeko aukera eskainiko dugu, hori sorkuntzarako akuilu izan daitekeelakoan". Ekintzek hiru ardatz izango dituzte. Batetik, indarkeria politikoak sortutako zauriak kontuan hartuta, euskal herritarrek etorkizunari nola aurre egiten dioten azaldu nahi dute. Bestetik, euskara gertutik ezagutzeko parada eman nahi zaie parte hartzaileei. Eta, azkenik, aktibismoak zer rol jokatzen duen erakuts dezaketen esperientzien berri emango zaie artistei.