Pau Guillen. Zinegoak jaialdiko zuzendari berria

«Europan erreferente ez bagara ere, kontuan hartzen gaituzte»

Roberto Castonen lekukoa hartu du Guillenek jaialdiko zuzendaritzan; hurrengo ekitaldietan bere aurrekoaren lana jarraituko duela argitu du, eta, oro har, ez du aldaketa handirik egiteko asmorik.

Bilbo
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Zinegoak Bilboko gay-lesbo-trans zinema eta arte eszenikoen jaialdiko ekoizpenean urteetan ibili eta gero, Pau Guillenek (Alacant, 1976) jaialdiaren IX. ekitaldiko zuzendaritza hartu zuen Roberto Castonen eskutik. Caston aurreko zortzi ekitaldien zuzendaria izan da. Guillenen eskutik aldaketaren bat egongo bada ere, Castonek markatutako ibilbideari jarraituko diola jakinarazi du. Zinema eta telebistako ekoizpenean esperientzia handia du Guillenek. Horrez gain, Kinema Bilboko zinema eskolako irakasle da, eta Berlinaleko Teddy sariko epaimahaikidea izan zen 2010ean. Bihar hasi eta astebete iraungo du jaialdiak Bilboko aretoetan; gero, inguruko zenbait hiri eta herritara eramango dute.

Zer aldaketa ekarriko ditu zuzendari aldaketak?

Jaialdia oso ondo dago Robertok antolatu duen erara, baina jendeari gehiago hurbildu nahi diogu, Bilgune atalaren bidez. Pelikulak aurkeztera datozenek kontatu ahal diguten guztiaz baliatu nahi dugu. Aurten, Gulia Sultanova San Petersburgoko gay-lesbo-trans Bok to Bok jaialdiko zuzendariak bertako gay-lesbo-trans kolektiboaren eskubideen egoerari buruzko hitzaldi bat emango du, eta Juanma Carrillo zuzendariarekin ere izango gara, beren erreferentzien eta filmen inguruan galdetzeko.

Goiburuko film laburren lehiaketa bidez aukeratu duzue aurten...

Egun bi gutxiago ditugunez, Txistuaren Showrik ez da egongo, jendeari asko gustatzen zaio eta, dudarik gabe, berreskuratuko dugu, interakziorako gunea baita. Goiburuen lehiaketa egitea erabaki genuen, publikoarekin harremana izaten jarraitzeko. Aurreko ekitaldietako goiburuen bidea jarrai zezaten nahi genuen, umorea baliatzea eta kartelarekin harremana izan zezaten, kalitatezkoak izan daitezen eta hainbat balio biltzea nahi genuen.

Aurrekontu murrizketa dela eta, beste murrizketarik egon al da?

Berez, ez digu murrizketarik ekarri, aurreko ekitaldia amaitzean, plantamendua aldatu genuen. Argi geneukan babesle eta diru laguntza publikoekin lan egin behar genuela eta, koiuntura txarra dagoenez, aurreikusten genuen aurrekontuarekin bat egingo lukeen ekitaldi bat planteatu behar genuela. Saiatu gara egokitzen, kalitate eta gonbidatu kopuru bera mantenduta, azken finean, egun bi horiek diru gehiago esan nahi dute, baina babesle handiek, oro har, antzera mantendu dizkigute laguntzak.

Kalitateaz aritu zara, Zinegoak erreferentziazko jaialdia da Espainiako estatuan...

Bai, nire ustez, bada, bai proiektatutako lanen kalitateagatik, bai antolakuntzagatik, aretoengatik, ekintzengatik... Europan erreferente izatea oso zaila da, ordea, haien aurrekontuak gureak baino askoz handiagoak direlako. Baina urtero Berlinalen, LGTB gaiko programatzaile eta zuzendari batzarra izaten da, eta gu han izaten gara, Europan erreferente ez bagara ere, kontuan hartzen gaituzte. Badakite nortzuk garen, eta maite gaituztela esan dezaket, dudarik gabe. Teddy sariaren epaimahaira gonbidatu gintuzten, jaialdiak harrera ona duenaren seinale.

Jasotako filmen artean aukeratzeko zer irizpide duzue?

Zinegoak LGTB gaia duen jaialdia da, baina, batez ere, zinema jaialdia da; zinema fantastikoko jaialdiak dauden era berean. Hori dela eta, oinarrizko irizpidea kalitatea da. Funtsean, zinematografia oneko filmak hautatzen ditugu. Aurtengo filmek nazioarteko sari garrantzitsuak irabazi dituzte. Horrekin batera, zabalkunde zaila duten zinematografiak erakutsi nahi ditugu. Saiatzen gara jendeari beste sentsibilitate batzuk erakustea, LGTB edukiarekin, beste errealitate batzuk.

Homosexualitateari buruz zer irudi ematen du zinema komertzialak?

Estereotipoz josita dago, gay jendeari zuzendua, eta hori ondo dago, baina horiek ez ditugu jaialdirako nahi. Noizean behin, halako bat programa dezakegu, ondo dauden beste elementu batzuk dituelako, baina ideia ez da zinema mota hori ematea. Zinema komertzialak klixez beteriko irudia ematen du gay, lesbiana, bisexual edota transexuali buruz ari denean, ez dago tratamendu errealistarik.

Eta zer leku dute LGTB gaiko filmek zinema aretoetan?

Kalitatezko filma izanez gero, beti daude proiektatuko dituzten aretoak. Arazoa zera da, komertziala ez den zinema eskaintzen dizuten aretoak desagertzen ari direla. Filma ondo dagoenean ez du axola zer gai jorratzen duen, adibidez, Albert Nobbs arrakasta handia izaten ari da.

Funtsean zinema jaialdia bada, arte eszenikoek ere bere lekutxoa dute...

Bai, funtsean zinema jaialdi bat da, baina arteari lotutako bestelako errepresentazioetara zabaldu nahi genuen. Ez dugu aretoekin lehiatu nahi izan, baizik eta funtsezkoa den elementu bat sartu dugu: umeentzako antzerkia. Niri asko gustatzen zait, aurreko urtean oso jende gutxi etorri zen, baina ez dio axola, berriro programatuko dugu, garestia bada ere. Umeentzako antzezlanen bidez helarazten diren balioak oso garrantzitsuak dira. Beste eredu posible batzuk daudela kontatzeko era bat da, inolako asmo txarrik gabe.

Agusti Villarongak jasoko du aurtengo ohorezko saria.

Villaronga beti izan da ohorezko sarirako hautagai, aurten haren izena berriro oso gogor irten da, Pa negre dela eta; homosexualitatea tratatzeko oso era pertsonala du, oso arriskatua. Ez du homosexualitatearen inguruko istorio bat eraikitzen, baizik eta homosexualitatea pertsonaiaren parte dela, bere jarrera aldatzen du; beste ezaugarri bat da. Pa negre-k saria emateko egoera perfektua eman digu, baina ez da horregatik bakarrik izan, Tras el cristal eta El mar ere hor dira.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo ekitaldiaz?

Publiko guztiarentzako filmak ekarri ditugu, Zinegoak jaialdiko publikoak ez du zertan homosexuala edo transexuala izan. Dokumentalei dagokienez, Rosa von Prauheimen Berlingo xaperoien inguruko dokumentala izugarria da, baita Marylin Solayarena, Kuban legalki operatutako lehen emakume transexualaren ingurukoa. Amaiera jaialdiko Antonio Naharroren zuzendaritzapeko flamenko ikuskizuna ere aipatu behar dut. Gun HillRoad, Circumstance, Les amours imaginaires, Ausente... film luze guztiak gustatzen zaizkit. Horretaz gain, saio berezi bi izango ditugu, postpornoari buruzko saio dokumental bat eta Hot Gay Night, non filmen sekuentzien artean sexu harreman esplizituak agertzen diren, nahiz eta porno ez izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.