Apirilaren 13an 200 urte bete ziren Eusebio Maria Azkue poeta jaio zenetik, eta azaroaren 11n 140 urte izango dira hil zenetik. Haren jaiotzaren bigarren mendeurrena dela gogoratuz, Euskaltzaindiak jaio eta hil zen herrian omenduko du gaur, Lekeition (Bizkaia), herriko kultur etxean, 19:00etan hasiko den ekitaldi baten bidez. Maitane Larrauri Lekeitioko alkatearen sarrera hitzen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agur hitzen artean, honako hitzaldi hauek entzuteko aukera izango da ekitaldi horretan: Jon Kortazarren Eusebio Azkueren poesiaren bidetik, Josu Bijuescaren Parnasotik Euzkadira. Eusebio Maria Azkueren poesiagintza eta nazio identitatea eta Xabier Altzibarren Zein dira eta zein ez Eusebio Maria Azkueren bertsoak? Horrez gain, aurretik, 15:00etan, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak leku berean egingo du hileko bilera.
Resurrecion Maria Azkue ikerlari ezagunaren aita izan zen Eusebio Maria Azkue, eta askotan xehetasun hori aipatu ohi da, beste ezeren aurretik, hartaz mintzatzean. Asier Astigarragak eta Josu Bijuescak uste dute, ordea, Eusebio Maria Azkuek egin zuen lanak nahiko interes eta meritu duela berez gogoratua izateko, semearen erreferentziara jo beharrik gabe ere. Astigarragak eta Bijuescak Eusebio Maria Azkueren lanen bilduma kritikoa plazaratu zuten Euskarazko vertsoak liburuan (Labayru, 1990). Aurretik Parnasorako bidea liburuan ezagutarazi ziren Azkueren poemak, semeak 1896an bilduak eta Hordagok 1979an berrargitaratuak.
Azkueren lanik gehienak «1860aren inguruan idatziak» dira, Patxi Salaberri Muñoak Iraupena eta lekukotasuna liburuan (Elkar, 2002) dioenez. «Alegiak, ziri-bertsoak, kanta tradizionaletan oinarritutakoak, erlijiosoak, etab. dira hark jorratutako arloak. Seriotasun gehiagoz egindakoen artean ez zaio falta, Hiribarrenaren antzera, emigrazioaren aurkakorik ere (Buenos Aires-en euskaldunak). Formari dagokionez, haren poema asko eta asko Lekuonak Bizkaiko zortziko txikia bezala definitzen duen eredu plurirrimokoak dira (bi puntukoak, Hiribarrenenak-eta bezalakoak)».
Eusebio Maria Azkue poeta omenduko dute gaur Lekeition
Euskaltzaindiak omenezko ekitaldi bat antolatu du jaiotzaren bigarren mendeurrena gogoratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu