EUSKADI LITERATURA SARIA

Euskadi literatura saria, Atxagarentzat

'Nevadako egunak' liburuagatik jaso du Atxagak saria. Iñigo Roque itzultzaileak jaso du itzulpen lanik onenarena, eta Idoia Estornesek gaztelerazko literatur libururik onenarena. 18.000 euro jasoko ditu bakoitzak, eta 4.000 euroko laguntza jasoko dute literatura sarituek liburua beste hizkuntza batera itzultzen bada.

Iñigo Roque, Idoia Estornes eta Bernardo Atxaga, gaur goizean Euskadi sarien berri emateko ekitaldian. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2014ko urriaren 8a
07:25
Entzun

Hibrido bat da Bernardo Atxagaren Nevadako egunak liburua (Pamiela), eta, hain zuzen ere, hibridazio hori saritu du Euskadi sariak hautatu dituen epaimahaiak. Erdiz memoria liburu, erdiz eleberri. “Hitzaren magia dario Bernardo Atxagaren prosari liburu honetan”. Atxagarena da, epaimahaikoen hitzetan, iaz euskaraz argitaratu zen libururik onena. Bideoa: 'Nevadako egunak' liburuaren aurkezpena (2013-12-04).

[Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/1970/[/Berriatb]

Euskadiko Artxibo Historikoan eman berri dute sarituen zerrenda, Bilbon. Euskarazko literatura lanik onenarena, gaztelerazko literatura lanik onenarena eta euskarazko itzulpen lanik onenarena eman dituzte oraingoz. Hurrengo asteetan emango dute gainontzeko sarituen berri.

Iñigo Roquek egindako itzulpena nabarmendu du epaimahaiak itzulpengintzaren alorrean. Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarraren Gauzen ordena naturala liburua itzuli du Roquek, eta hori izan da, epaimahaiaren hitzetan, urteko itzulpen lanik behinena: “Jatorrizko testua bihurri halakoa da, zailtasun formalak izan badira, erronka handia izan du itzultzaileak eta ederto gainditu du”. Literatura Unibertsala sailean argitaratu dute lana, Alberdania-Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanez. Iaz ere izan zen finalista Roque, Fernando Pessoa poetaren poemez osatutako Poemak pluralean antologia itzultzeagatik, eta aurten jaso du saria.

Cómo pudo pasarnos esto liburuagatik jaso du Idoia Estornes idazleak gaztelerazko libururik onenaren saria (Erein). Memoria liburu gisa idatzitako liburua da, eta hori ere nabarmendu du epaimahaiak: “Liburu honek hurbilketa bat eskaintzen du, lekukotza bat, zenbait; belaunaldi baten kronika da, eguneroko bizitza ere txertatzen duena, barneko begirada bat”.

Azken urteetan idazleek eurek edo argitaletxeek aurkeztu behar izan dituzte lanak sariketara. Kritikak jaso zituen aldaketa horrek, eta aurten baldintza hori aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Berriz ere epaimahaia da urteko produkzioa kontuan hartuta sarituak hautatzen dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.