Euskadi saria 'Martutene'-ri

Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle itzultzaileak ere saritu dituzte, eta Elena Odriozolak jaso du ilustrazio sariaRamiro Pinilla idazle bilbotarrak irabazi du gaztelerazko literaturaren Euskadi saria

Ramiro PInilla, Ramon Saizarbitoria, Iñaki Mendiguren, Sarah Turtle eta Elena Odriozola. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sorpresarik ez: kontsentsua sumatzen zen lekuan jarri du epaimahaiak saria. Ramon Saizarbitoria idazleak jaso du aurten Literaturako Euskadi saria. Martutene nobelak, zehazki. Bilbon eman zuten atzo sarituen izenak jakinarazteko prentsaurrekoa, eta idazlearen ibilbidea goraipatu zuen Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. «Euskal literatura markatu du hasiera-hasieratik». Eta tontorra jo du oraingoan, dioenez. «Askok diote haren libururik onena dela». Baina Saizarbitoriaren garrantzia azpimarratzeaz gainera, hark jasotako sariaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuen Muñozek. «Euskadi sariak, nolabait, gure sari nazionalak dira». Eta, aurten, Martutene obra nabarmendu dute.

Epaimahaikideek azaldu dute zergatik. Lan «handia» dela esan dute, eta haren irakurketak dakarren «plazera» azpimarratu. «Orrialde bakoitzean nabaritzen den tentsioak irakurtzen jarraitzeko bultzatzen gaitu». Hiru ardatz ditu lanak: afektibotasuna, gizartea eta literatura. «Afektibotasunaren arloan, elkar ulertzeko ezintasuna nagusitzen da pertsonaien arteko harremanetan; bestalde, aipagarri da euskal gizartearen ispilua: hiria eta herria, politika-iritzi ezberdinen talka, literaturari dagokionez, azkenik, diskurtsoaren osotasuna eta aberastasuna dira azpimarragarri». Idazlearen trebetasun teknikoa ere nabarmendu dute.

Ez da Saizarbitoria izan saritutako bakarra, ordea. Ibilbide sendoko sortzaileak hautatu dituzte gainontzeko sarietarako ere. Bost pertsona garrantzitsu bildu ziren, horregatik, atzo mahaiaren bueltan: Elena Odriozola ilustratzailea, Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle itzultzaileak, Ramiro Pinilla idazlea, eta Saizarbitoria bera. Muñozek ekitaldi hasieran egin zuen aurkezpen orokorra. «Denak dira gure kultur munduan prestigio handiko jendea». 18.000 euro jasoko dituzte sarituek, eta 4.000 euroko laguntza izango dute sorkuntza lanek beste hizkuntza batean argitara emanez gero.

Kointzidentzia nabarmendu zuten Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle itzultzaileek atzo. Elkar ezagutu zuten hiri berean izan ziren atzo, elkar ezagutu eta 40 urteren buruan. Elkarrekin.Itzulpenaren Euskadi saria irabazi dute biek, Mark Twain idazlearen Tom Sawyer-en abenturak liburuagatik. Epaimahaiak lanaren gailentasuna aipatu du: «Euskal itzulpengintzak gaur egun lortu duen mailaren adibide egokia da liburua». Eta zehatzago: «Kalitatezko itzulpen bat eginda, XIX. mendeko klasiko estatubatuar bat XXI. gaurko irakurle gazteek nahiz nagusiek gustura irakurtzeko moduan ekarri dute, jatorrizko lanaren zailtasun guztien gainetik eta gaurko euskararen legeen azpitik».

Sari hirukoitza

Sari bikoitza jaso du Elena Odriozolak aurten. Hirukoitza, agian. Izan ere, hark jaso du aurten Literatura Lanaren Ilustrazioa saria Tropecista lanagatik, baina hori baino gehiago lortu du. Saritua izan den lanaz gain, donostiarraren beste bi lan ere hautatu ditu epaimahaiak finalista izateko: Eguberria, ohitura, kantu eta istorio eta Sábado. Baina Tropecistas da, azkenean, hautatu dutena. «Osotasun bakar moduan ulertzen den lanaren adibidea da hau, ezer aliritzira uzten ez duena». Eta baita gehiago ere: «Malabarismoz eta estropezuz eraikitako istorioari beharrezko hauskortasuna ematen dioten narratiba original eta dinamiko baten ikusle bihurtzen da irakurlea».

Azkenik, Ramiro Pinilla idazleak irabazi du aurtengo Gaztelaniazko Literatura Euskadi saria. Aquella edad inolvidable lanagatik. «Maisuek ohi duten xalotasun zailarekin idatzitako lana».

Azaroaren 19an egingo da sari banaketa gala, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.