Euskadiko Filmategiak Film Artxiboen Nazioarteko Biltzarra hartuko du 2028. urteko apirilaren amaieratik maiatzaren hasierara. Artxibo zinematografikoen esparruko ekitaldirik garrantzitsuena da biltzar hori, eta mundu guztiko 300 espezialista baino gehiago elkartu ohi ditu. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria Quebecen izan da asteon, eta FIAF Film Artxiboen Nazioarteko Federazioaren batzar nagusiaren aurrean defendatu du biltzarraren egoitza izateko Euskadiko Filmategiaren hautagaitza. Bertan esan duenez, «erakustoki bikaina izango da euskal ondare zinematografikoaren balioa nabarmentzeko eta sektoreko punta-puntako adituekin ezagutza partekatzeko».
Quebeceko saioan, pantailaren beste aldetik, hautagaitzaren alde mintzatu dira, halaber, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria.
Urtero egiten du FIAFek nazioarteko biltzarra, eta mundu osoko artxibozainek, akademikoek eta zinemagileek parte hartu ohi dute bertan. Urtetik urtera aldatu egiten da herrialde antolatzailea, eta urteurrenarekin batera helduko zaio Euskadiko Filmategiari biltzarra hartzeko ardura. Izan ere, 2028. urtean mende erdia beteko du erakundeak. 1978an sortu zutenetik, aro desberdinak ezagutu izan dituela azaldu du filmategiak —elkarte gisa eratu zen—, eta FIAFeko eskubide osoko kidea da gaur egun.
FIAF 1938an sortu zuten zinema artxiboez arduratzen diren Frantziako, Alemaniako, Erresuma Batuko eta AEBetako erakunde nagusiek. Film materialak hauskorrak izanik, haiek desagertzeko kezkari erantzun nahian sortu zen federazioa. Ordutik, kide berriak batu zaizkio, eta, gaur egun, 79 herrialdetako 176 erakundek osatzen dute. Munduko ondare zinematografikoa zaintzea, zaharberritzea eta zabaltzea du helburu.
Nazioarteko biltzarra 1939an antolatu zuten lehen aldiz, New Yorken. Datorren urtean Rabaten egingo dute, eta Berlinera egingo du jauzi hurrengo urtean.