Musika

Euskadiko Orkestrak Coplanden eta Mahlerren obrak taularatzeari ekingo dio gaur

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrenaren harira, Coplanden 'Abagune solemne baterako hitzaurrea' interpretatuko dute musikariek, eta Mahlerren 1. Sinfonia emango dute ondotik.

Juraj Valcuha
Juraj Valcuha orkestra zuzendaria, artxoboko argazki batean. LUCIANO ROMANO / TEATRO DI SAN CARLO
Ainhoa Sarasola.
2023ko abenduaren 11
17:00
Entzun

Euskadiko Orkestrak gaur bertan ekingo dio 2023-2024ko denboraldiko laugarren programari. Copland / Mahler izenburua eman diote, hain justu, bi konpositore horien obra bana eramango baitute taulara. Juraj Valcuha orkestra zuzendari eslovakiarrak gidatuko ditu musikariak, eta, ohi bezala, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira kontzertuak: gaur, Bilboko Euskalduna jauregian; bihar, Iruñeko Baluarte auditoriumean; etzi eta ostegunean, Donostiako Kursaal auditoriumean; eta ostiralean, berriz, Gasteizko Principal antzokian. Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrena izan zen atzo, eta, efemeridearen harira hautatu dute kontzertuetan lehenik eskainiko duten obra. Hain zuzen, Aaron Coplandek aldarrikapenaren lehen urteurrena ospatzeko sortu zuen, 1949an, Abagune solemne baterako hitzaurrea lana, Nazio Batuen ereserkia ere deitua. Orkestrak azaldu duenez, «obra laburra, oso solemnea eta berezia da», eta lehen aldiz emango dute Hego Euskal Herrian. Aldarrikapeneko testu zati batzuk biltzen ditu, eta kontzertuetan, lehen aldiz, euskaraz errezitatuko dituzte Mireia Gabilondok —Bilbon, Iruñean eta Donostian— eta Dorleta Urretabizkaiak —Gasteizen—. Lana lehen aldiz interpretatu zenean, Leonard Bernsteinek zuzendu zituen musikariak, eta Laurence Olivier aktoreak egin zituen narratzaile lanak. Ordutik, aukera berezietan programatu izan dute.

Kontzertuaren bigarren partean, Gustav Mahlerren 1. Sinfonia interpretatuko dute musikariek, Titan izenaz ere ezaguna dena, «iluntasunetik argirako igarobide heroiko bat izaki», orkestraren hitzetan. «Sinfonia honek leku berezia du Euskadiko Orkestraren azkenaldiko historian, Robert Treviñok obra horrekin aurkeztu baitzuen bere burua euskal ikusleen aurrean, 2016ko irailean titular gisa emandako aurreneko kontzertuan», ekarri du gogora, halaber. Treviñoren lehen kontzertu horren ondotik, Mahlerren beste hainbat sinfonia eskaini ditu orkestrak urteotan. Asteon emango dituzten kontzertuetan, aldiz, beste zuzendari baten gidaritzapean ariko da: Juraj Valcuharen aginduetara, hain zuzen ere. Bratislavan sortua, AEBetan Houstongo Orkestra Sinfonikoko eta Italian Napoliko San Carlo Antzokiko zuzendari titularra da, eta bigarren aldiz zuzenduko ditu Euskadiko Orkestrako musikariak oraingoan, 2015-2016ko denboraldian aritu baitzen lehen aldiz haiekin.

Kontzertuetarako sarrerak gaur bertan jarri dituzte salgai; Euskadiko Orkestraren webgunean eskuratu daitezke, baita areto bakoitzaren txarteldegietan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.