1982. urtean abian jarri zutenetik, euskarazko eta gaztelaniazko deiturak eta siglak erabili izan ditu Euskadiko Orkestrak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Orquesta Sinfonica de Euskadi, EOS, OSE... Orain, ordea, eta orkestrako kideekin eta kanpoko eragileekin egindako hausnarketa-elkarrizketa ariketa baten ondoren, marka bakarra izatea erabaki dute orkestrako arduradunek: Euskadiko Orkestra.
Orkestrak berak eman ditu, ohar baten bitartez, izen berria hartzearen inguruko argibideak: «Euskadiko Orkestra 1982an sortu zen helburu honekin: musika ondasun unibertsal eta ondare kultural bezala sustatu eta garatzea. 38 urte hauetan, ordea, gure gizartea goitik behera eraldatu da: kultura ulertzeko modua erabat aldatu da, musikarekin harremanetan jartzeko eta hura kontsumitzeko moduak ere aldatu egin dira, baita markek euren audientziekin komunikatzeko dituzten moduak ere. Gaur egun, euskal gizartea garatzen doan hein berean Euskadiko Orkestrak misio honekin konprometituta jarraitzen du, eta gizartearekin batera gauzatu nahi du eboluzio hau».
Azken garaian egindako gogoetak helburu jakin bat izan du: «Pertsonekin gehiago konektatzea eta eragin nabarmenagoa izatea orkestrak eragile kultural eta sozial gisa duen rol horretan». Irudi eraberritu horrek islatuko ditu «orkestraren identitatea, eraldaketa sozialerako sentsibilitatea eta, bereziki, gizarte elkartuago eta aberatsago baten aldeko ikuskera, bere musikaren botere unibertsal eta deskribaezinaren bidez».
Euskadiko Orkestra marka bakar izango du orkestrak, baina nazioarteko zabalkundea lortzeko ingelesezko Basque National Orchestra erabiliko du, «kanpo esparruan».