Bilduma artistiko oparoa du Kutxak. Bi mila artelanetik gora eskuratu ditu azken hiru hamarkadetan, horietatik 200 inguru 2008. eta 2010. urteen artean. Azken horiek jarri ditu ikusteko Itsasurdin erakusketan, Donostiako Kubo aretoan. Bilduman aspalditik dauden beste zenbait lanekin osatu du erakusketa, euskal artearen bilakaera eta horren testuingurua aurkezteko. Gaurtik uztailaren 3ra bitarte izango da zabalik.
Orotara, 120 artistaren 230 lan aukeratu ditu Nekane Aranburu komisarioak. Sortzailerik esanguratsuenetako batzuen obrak biltzen ditu erakusketak, Bixente Ameztoi, Aurelio Arteta, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza, Fernando Beorlegi, Jose Maria Aleman Amondarain, Remigio Mendiburu edo Dora Salazarrenak, besteak beste. Baina badira Euskal Herritik kanpoko sortzaileen lanak ere, H. R. Giger edo Robert Caparenak, esaterako. Kutxaren fototekak orain dela gutxi erositako funtsak ere jarri dituzte. Horiek guztiak «kontakizun poliedriko» baten mesedetan antolatu ditu Aranburuk.
Zortzi ataletan banatu du aretoa komisarioak. Lehenean, Hondo sakonean izenburupean, erretratuak bildu ditu; Maria Kristina Espainiako erregina ardatz duen Ignacio Ugarteren oliotik hasita Joan Fontcubertak irudi txiki askorekin osatutako etxerik gabeko pertsona baten erretraturaino. Caparen argazki batean, Pablo Picasso hondartzan ageri da, Françoise Giloti itzala emateko eguzkitako bat eskuetan duela.
Espazioa eskuez ukitzea, denbora azazkalez haztatzea gunea, eskulturari eskainia dago bereziki, Mendiburu, Basterretxea, Oteiza, Juan Gorriti, Xabier Laka eta Elena Asinsen lanekin, besteak beste. Rafael Moneok Loiolako Erribera auzorako diseinatutako elizaren maketa areto berean dago. Goiko aldea, berriz, irudiari eskaini diote. Irudia aingura gisa izenburupean, 1930eko urteetako argazkiek herritarren egunerokoa agertzen dute, baita gerra ere, Gernika bonbek suntsitua erakusten duten Sigfrido Kochenak, kasu. Itsaso, itxaropen eta erbestean zehar atalean, berriz, kostaldeko paisaiak irudikatzen dituzten lanak dira nagusi, Julio Caro Baroja, Gonzalo Txillida, Aurelio Arteta, Genaro Urrutia eta Julian Tellaetxerenak, besteren artean. Topaketak eta oihartzunak atalean, Ameztoi, Jesus Olasagasti, Rafael Ruiz Balerdi eta Amable Ariasen lanak bildu dituzte.
Objektuek lagunduta
Obra intimistagoak nahasten dira Ekaitzen gurutzagunean espazioan, Amondarain, Pello Irazu, Dario Villalba eta Julia Otxoarenak, tartean. Lema-biraketak atalak arbasoen lurraldera itzultzeaz hitz egiten dio bisitariari, Dora Salazar, Jesus Mari Lazkano, Vicente Berrueta, Xabier Obeso eta Txuspo Poyoren lanen bitartez.
Ibilbideari amaiera emateko, Kursaalaren eraikina eta ingurua iraganean nolakoak ziren eta gaur egun nola dauden erakusten duten lanak bildu dituzte Denboren atzetik atalean. Fototekako zuri-beltzeko hainbat argazki, Mikel Garateren olio bat eta Eduardo Arroyok koloreztatutako litografia bat ikus daitezke, besteak beste. Erakusketa ixteko, azkenik, Jorge Oteizaren Ley de cambios para el arte karpeta litografikoa (1990) eta Esther Ferrerren Serie de números primos lana (2000) aukeratu dituzte.
Obren eta jendearen arteko lotura indartzeko, normalean balio artistikorik aitortzen ez zaien objektuak jarri dituzte Kubo aretoan, tartean, aingura zahar bat eta erloju bat. Sortzaileen testigantzak jasotzen dituen dokumental bat ere ikus daiteke.
Euskal artearen bilakaera agertzen du 'Itsasurdin' erakusketak Kubo aretoan
Kutxaren bildumako 230 lan ikus daitezke Donostian, ia denak 2008. eta 2010. urteen artean eskuratutakoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu