Euskal artistei buruzko beste interpretazio bat

Juan Etxebarria, Gustavo Maeztu, Angel Olarte, Fernando Amarika eta Ignacio Diaz Olanoren hainbat lan ikusgai jarri ditu Arabako Arte Ederren Museoak.

Angel Olarteren 'Sorginak' margoa ikus daiteke erakusketan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Angel Olarteren 'Sorginak' margolana ikus daiteke erakusketan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 19a
05:10
Entzun

XX. mende hasieran distira egin zuten bost euskal artistaren hainbat obra hartuta, bi erakusketa zabaldu ditu Arabako Arte Ederren Museoak: Ibilbideak eta Maria Antonia Proietti, italiar modeloa. Biek ala biek bestelako ikuspegi batetik so egiten diote museoaren bildumari, eta artisten lanari buruzko ikuspegi sakonagoa eskaintzen dute. Ibilbideak erakusketan, Juan Etxebarria, Gustavo Maeztu eta Angel Olarte margolarien berrogei lan ikus daitezke. Maria Antonia Proietti, italiar modeloa, berriz, Ignacio Diaz Olano eta Fernando Amarika pintoreek emakume horri egindako zazpi erretraturekin osatu dute.

Ibilbideak erakusketan bildutako obra gehientsuenak XX. mendearen lehen herenean eginak dira, eta hiru euskal artisten ibilbideei buruzko bestelako interpretazioak egiteko modua ematen dute, narratiba historiko eta lineala alde batera utzita. Sara Gonzalez de Aspuru museoko zuzendariaren hitzetan, «kezka plastikoek» bultzatuta bidaiatu zuten hiru pintoreek Europan barrena, eta «hainbat berrikuntza artistiko bertatik bertara ezagutzeko eta esperimentatzeko irrikak beren estilo propioa sortzera eraman zituen». Estilo hori paisaietan, erretratuetan, natura hil eta loreetan, eta genero eszenetan islatu zuten. 

Juan Etxebarriaren (Bilbo, 1875-Madril, 1931) hamazazpi margolan bildu dituzte erakusketan, Gustavo Maeztuk (Gasteiz, 1887-Lizarra, Nafarroa, 1947) egindako hamabost, eta zortzi dira Angel Olarterenak (Gasteiz, 1897-1924).

Etxebarriaren obra multzoa 1974an eta 1975ean erosi zien museoak haren alargun Enriqueta Normandeni eta Jose Etxebarria semeari. Erakusketan bildutako pinturek hainbat gai dituzte inspirazio iturri: natura hilak, paisaiak, ijitoak eta 98ko belaunaldiko intelektual eta idazleen erretratuak. Hain justu ere, artistak adiskidetasun handia izan zuen Miguel Unamuno, Valle Inclan, Juan Ramon Jimenez, Pio Baroja eta Ramiro Maezturekin, eta haiei egindako erretratuak ikus daitezke erakusketan. Horiekin batera, bereziki aipagarriak dira 1914tik aurrera margotzen hasi zen koadroak ere, emakume eta haur ijitoenak.

Emakumeen irudiekin, hiri paisaiekin eta gizarteak baztertutako herritarrekin margotutako pinturek osatzen dute Gustavo Maezturen bilduma. 1919an Londresera bidaiatu zuen, eta han, bazterreko auzoetan bizi ziren ekialdeko herrialdeetako bizilagunak marrazteari ekin zion. Garai hartako bi margolan ikus daitezke museoan: Mongoliarrak eta Txinatarrak. Emakumeen irudi sendoak ere pintatu zituen: Emakume dantzaria lana da horren erakusle. Obra horretan, Carmen Tortola Valencia artista ospetsua irudikatu zuen, garai hartako intelektualen musa izandakoa.

Angel Olarteren hainbat erretratu. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Angel Olarteren zenbait erretratu. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU

Erretratu eta paisaia ugari egin zituen Angel Olartek, eta, oso gazte zela hil bazen ere, arrakasta handia izan zuen. Egin zituen azken lanetako batzuk– Sorginak,Akelarre eta Adam eta Eva– paratu dituzte erakusketan.

Proiettiren erretratuak

Museoaren bilduma osatzen duten egileen artean bi izen nabarmentzen dira: Ignacio Diaz Olano (Gasteiz, 1860-1937) eta Fernando Amarika (Gasteiz, 1866-1956), XIX. eta XX. mendeen arteko Arabako bi pintore garrantzitsuenak. Bi artistek pinturarako bokazioa zuten, eta adiskidean ziren; are, emakume bera ageri da haien lan batzuetan: Maria Antonia Proietti italiarra. Proiettiri egin zizkioten zazpi erretratu ikusgai jarri dituzte museoaren areto txiki batean.

Diaz Olano Erromara joan zen 1894an, Europako arte prestakuntzako zentro nagusietako batera, eta modeloak erretratatzen hasi zen, hango artistek egiten zuten eran. Modelo guztien artean, Proietti izan zen garrantzitsuena artistarentzat. Erromako egonaldiaren hasieratik izan zuen alboan, eta ordutik aurrera eta XX. mendeko lehen hamarkadara arte, artistaren lanik garrantzitsuenetan agertu zen.

Ignacio Diaz Olanoren Maria Antonia Proiettiren erretatua. ARABAKO ARTE EDERREN MUSEOA
Maria Antonia Proiettiren erretratua, Ignacio Diaz Olanok egina. ARABAKO ARTE EDERREN MUSEOA

Diaz Olanok bere gutunetan Fernando Amarika animatzen zuen Erromara bisitan joan zedin. 1895eko abenduan joan zen hara, erretratuaren teknika hobetzeko asmoz, eta orduan hasi zen hura ere Proiettiren eta haren alabaren erretratuak margotzen. 

Proietti eta Diaz Olano Gasteizera joan ziren bizitzera 1886an, artistak Erroman egindako bi urteko etapa amaitu ondoren. Modelo italiarrak artistaren obra enblematikoetarako paratzen jarraitu zuen, eta parte hartu zuen margolariak Gasteizko Arka kalean irekitako akademiaren eta estudioaren kudeaketan.

Diaz de Olanok eta Amarikak hainbat teknika erabilita margotu zituzten formatu ertaineko erretratuak ikusgai jarri dituzte erakusketan. Horien artean azpimarratzekoa da Proiettiren aurpegia erakusten duen marrazki bat, ikatz ziriz egindako; izan ere, lehen aldiz erakutsi dute jendaurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.