Euskal artisten lehen mintegia egingo du bihar Lanarteak, Oiartzunen

Mahai inguru bat eta hitzaldi bat antolatu dituzte, besteak beste. Zenbait artistak hartuko dute parte

Dom Campistron irudigilea Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentalaren fotograma batean. LANARTEA.
Miren Mujika Telleria.
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Madrilen lantzen ari diren Artisten Estatutua izango da hizpide bihar Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak antolatu duen euskal artisten lehen mintegian, Oiartzunen (Gipuzkoa). Besteak beste, estatutu horren gaineko hainbat galdera planteatuko dituzte bertan: Nondik egina da? Nola? Norentzat? Zertarako? Hala eman ditu Amagoia Gurrutxaga Lanarteko koordinatzaileak mintegiaren gaineko azalpenak: «Euskarak harilkatutako kultur sistema da gurea, eta, bi estaturen legeek zamatuta eta hainbat administraziotan zatituta dagoenez, Ipar zein Hego Euskal Herriko artisten esperientziak entzungo ditugu». Izan ere, Lanartearen ustez, «hizkuntza eta kultur sare hegemonikoen neurrira» diseinatutako lege eta estatutuen arabera bizi behar dute euskal artistek.

Horretarako, egitarau zabala osatu dute; 09:00etatik hasita 14:00ak arte. Ordubeteko mahai inguru batekin emango diote hasiera mintegiari. Gurrutxagak azaldu du intermitentzian —Frantziako administrazioan, ikuskizunetako langileen erregimen berezia— lanean ari diren artistak izango direla mahai inguruan parte hartuko dutenak. Hala nola Odei Barroso musikaria, Pantxika Telleria dantzaria eta Maddi Goikoetxea aktore eta idazlea. Moderatzaile lanetan, berriz, Sustrai Colina arituko da. Gurrutxaga: «Hegoaldetik miraz begiratzen zaion sistema da intermitentziarena, eta zertan datzan azaltzen saiatuko gara larunbatean».

Lanarteak gakotzat duen auzi bat izango du mahai inguruak ardatz: prestigioa. «Estatutu eta estatus hitzak senide direnez, gure gizartean kulturari eta, ondorioz, kulturgileei zein rol eta garrantzi aitortzen zaizkien gogoetatu nahi dugu».

Urteak dira jada Artisten Estatutu bat ari direla lantzen Madrilen. Are, onartu dituzte zenbait neurri eta dekretu ere. Lanartearen ustez, artista multzo bakar bati begirako neurriak dira horiek; zehazki, interpretazioaren arloari begirakoak dira. Begirada zabalago bat proposatzen du Lanarteak: «Sortzaileak ere zainduko dituen estatutu bat aldarrikatzen dugu guk: idazleak, irudigileak, itzultzaileak... horiek ere artistak baitira».

Bada, hain justu, sortzaileez ariko dira mintegiko bigarren atalean. «Zehazki, Hego Euskal Herrian erroldatuta daudenek fiskalitate arloan nozitzen duten anabasari buruz arituko gara», azaldu du Gurrutxagak. Lanarteak Bertsozale, EIE, EIZIE eta Galtzagorri elkarteen laguntzarekin ondu duenproposamen sortaren gaineko azalpenak emango dituzte hitzaldi horretan Xabier Barinaga-Rementeria abokatuak eta Gurrutxagak berak. «Proposamen hori ogasun ezberdinei aurkezteko fasean gaude orain», gaineratu du.

Lanarteak duela bi urte ekoitzitako Loreak Belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala proiektatuko dute hurrenik. Gogoetarako tartea ere izango da ondotik, Aner Peritzek eta Maider Arregik gidatuta.

Euskal artistak aintzakotzat

Kezka batetik abiatu du Lanarteak bihar egitekoa duen mintegia. «Gure arazoak konpontzera etorriko omen den Artisten Estatutu bat iragartzen ari zaizkigu Madrildik, eta estatutu horri buruz orain artean dakigunak zalantza handiak eragiten dizkigu», azaldu du Lanarteko koordinatzaileak. «Zenbait arlotan gure kultur sistemari kalte ere egin diezaioke. Guk uste dugu badugula zenbait arlo hobetzeko tarterik, eta horretaz hitz egin nahi dugu gure artean, eragileekin, gizartearekin».

Lanartearen ustetan, artisten errealitatea kontuan hartu gabe ezin da artisten estatutu bat diseinatu. Horrenbestez, euskal kultur sistema indartuko duen estatutu bat pentsatzen hasi beharra dagoela dio Gurrutxagak. «Oiartzunen ez dugu estatutu bat asmatuko, jakina. 40 urtean egin ez dena ez dugu guk egingo goiz batean, baina bideari ekin nahi diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.