Zineman oihartzun gutxien dutenak dira film laburrak eta dokumentalak. Eta, oro har, toki txikia izaten dute euskal sorkuntzek jaialdietan. Horiek bultzatuko dituzte gaur hasiko den Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film laburren Nazioarteko 56. Jaialdian. Zazpi euskal film daude sail ofizialean, eta bi dira euskaraz egindakoak. Horiekin abiatuko dute jaialdia, gaur, 20:00etatik aurrera Bilboko Arriaga antzokian egingo den ekitaldian. Guztira, 29 herrialdetako 65 film ariko dira Mikeldi sariak eskuratzeko lehian; azaroaren 21ean aurkeztuko dute palmaresa. Astebetez, egunero izango da film emanaldiez gozatzeko aukera. Aurreko jaialdietan bezala, lehian arituko direnak baino pelikula gehiago emango dituzte hiriburuko zinema aretoetan; 70 zehazki aurten.
Proiektu baten hasiera da Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa filma. Hala adierazi dute Maria Elorza, Maider Fernandez eta Aitor Gametxo egileek. Haiena da gaur hasiera ekitaldian emango dituzten lanetariko bat. Galtzen ari diren euskarazko esapideak jasotzea izan dute helburutzat dokumentalean. Baina ez dute edonola egin. Ez dute hiztegirik egin; argi adierazi du hori Fernandezek. «Irudi poetiko» bidez jaso nahi izan dituzte hitzak.
Bost esamolderekin Euskal Herriko bost herrialdetara bidaiatzea proposatzen dute egileek. Bost giro ezberdin erakusten ditu lanak, bost euskalkitan. Lesakan (Nafarroa) hotza bazkatzen egon ostean, Sarako (Lapurdi) astira egiten dute jauzi. Eta Zaldibia jaso dute pantailan gero (Gipuzkoa). Hazitarako egon esapidearekin gogoraraziko diote ikusleari ez dela behin betiko izango mundu honetan. Baina argia erakutsiko dute gero Maulen irekitako zohardi tipilarekin; zerua guztiz oskarbi dagoenean darabilte esamolde hori. Erakutsiko dute nola egiten den dzanga Lekeition (Bizkaia): haurrek itsas hesitik uretara botatzeko duten ohitura azalduko dute haur bik. Irudi mintzatuen eta hitz irudikatuen topagune bilakatu nahi dute pantaila: «Lekuen lekua».
Kostaldetik desertura
Izenburuak berak jasotzen du Koldo Almandozek animazio film laburrean jaso duena: Hubert Le Blonen azken hegaldia. Gailu motordunen zale porrokatua zen Le Blon frantziarra (1874-1910). Eta marrazki eta garai hartako zuri-beltzeko grabazio bidez kontatzen du Almandozek haren istorioa. Narrazio berezia jarri dio: Le Blonen emazteak oihal atzean kontatuko ditu biek auto karrera zein hegazkin erakusketetan bizitakoak. Donostian egin zuen azken hegaldia. Zurriola inguruan pilatutako ikusleen aurrean erori zen Le Blon, zerutik itsasora. Nafarroako Bardea desertuan kokatu du Asier Altunak Soroa film laburra. Jorge Oteizaren Existe dios al noroeste liburuko Deja cada muerto un dedo acusador al cielo poematik abiatu du lana. Desertuko prozesio bat da Soroa film laburreko pasaia nagusia.
Hiru agure eraman ditu pantailara Aitor Gutierrezek Anómalo fikzio film laburrean. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Gutierrezek lana, baina garrantzitsua da harentzat Zinebi jaialdian ere egotea. «Bertan ez egotea ez da ona», esan du, irriz. Kiroldegiko leiho handietatik aurrean dagoen eraikineko auzokideak zelatatzen aritzen diren lagunen istorioa kontatzen du egileak pelikulan. Baina zelatarien presentziaz ohartuko da agureek zelatatzen duten emakumea, zelatariek Marilin deitzen dutena. Mendeku hartuko du orduan, eta era dibertigarrian erakutsiko die agureei beren jolasaz konturatua dela.
Dokumental faltsua da Lander Camarero bilbotarrak osatu duen lana. Irakeko errealitate zati bateko atal txikia erakutsi nahi du A Serious Comedy filmean. Era bitxian egin du lana. Nizar Rawi Bagdadeko Iraq Short Film Festivaleko zuzendaria eraman du pantaila aurrera. Eta hango jaialdiko komedia generoaren gabezia du gai nagusitzat. «30 urte baino gehiago dira Iraken komediak filmatzen ez direla». Rawiren hitz horiekin hasten da 30 minutu irauten duen dokumentala. Helburu bikoitza du Camarerok egindakoarekin: genero horretako lanak sustatzea eta Iraki buruz dagoen irudia aldatzea.
Hausnarketa bultzatu nahi du Ibon Antuñak Peter Hollywood dokumentalarekin. Bizipen berri bila abiatuko da toki batetik bestera dena galdutzat jotzen duen protagonista. Egungo gizartean ezarritako arauak erakutsi nahi ditu lanarekin. Gregorio Muro eta Mikel Murok denborarekin jolas egin dute Tempo inverso animazioko film laburrean. Denboran atzera egiteko gaitasuna eman diote Alberto protagonistari. Eta egunero egindako oker guztiak konpontzeko aukera emango dio horrek. Denboran atzera eginda konponduko ditu Albertok pertsona normalek denbora pasatzen utziz konpondu ohi dutena.
Emanaldiak baino gehiago
Euskal Herrian ekoitzitako zazpi film laburrez gain, Luis Viloriak 1905ean zuzendutako Vivir un sueño proiekzioa ere emango dute gaur. Euskal filmotekari esker berreskuratu dute lana, eta Bizkaiko milaka haurrek Burgosko Villarcayo herriko udalekuetan (Espainia) izandako egonaldiak erakusten ditu. Viloriaren lana girotzeko, frankismo garaiko No-do dokumentalen pieza laburrak botako dituzte aurretik. Francisco Francok eta haren emazte Carmen Polok udalekua inauguratu zuteneko irudiak ageri dira. Gainera, omenaldia egingo diote Cecilia Roth antzezle argentinarrari: ohorezko Mikeldi saria jasoko du film laburren arloan egin duen lanagatik.
Euskal film laburrekin hasiko da 56. Zinebi jaialdia, gaur
Lehian arituko diren 65 filmetatik zazpi dira Euskal Herrikoak, eta euskarazkoak dira haietariko bi.Cecilia Roth aktore argentinarrari emango diote ohorezko Mikeldi saria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu