Literatura

Euskal Herri independentea irudikatu du Fermin Etxegoien idazleak 'Zinegotzia' liburuan

2013ko ekainaren 6an kokatu du Etxegoienek bere bigarren lana. Gaurko egunean. Eleberrian, Euskal Herriak independentzia lortzen duen egunean. Eta eskuineko politikari bat da protagonista; “EAJ bezalako alderdi bateko zinegotzia”, idazlearen hitzetan. [Youtube]http://youtu.be/pAeK7SmEtyU[/Youtube]

Inigo Astiz
2013ko ekainaren 6a
17:03
Entzun

“Eskumako zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean”. Eleberriko lehen esaldia da Etxegoieni lehenik sortu zitzaiona, eta esaldi hori izan da kontakizunaren motorra. Bere aurreko liburuaren aurkezpen ekitaldi batean piztu omen zitzaion politikaz idazteko harra. Izan ere, euskara zuen ardatz 2010ean Euskadi Saria irabazi zuen Autokarabana liburuak. Eta bi urte eman ditu horretan. “Politikari heldu behar banion hordagoa handira egitea erabaki nuen, eta independentzia hartzea liburuaren ardatz gisa”. Aitortu duenez, ordea, liburu “entretenigarri bat egitea” izan da bere asmo nagusia.

Gaurkotasunari oso adi idatzitako liburua da Zinegotzia, egileak azaldu duenez, eta maiz aldatu behar izan du horregatik testua idazketa prozesuan. Gertakarien abiadan, kasik. Behin eta berriz aritu behar izan omen da idatzitakoa berridazten. Baina, azkenean, orain hilabete gutxi eman zuen amaitutzat. "Nik espero nuen lehenago bukatzea. 2012an. Eta 2012an zegoen kokatuta horregatik nobela. Baina ez zen garai ona. Ikusten nuen errealitateak jaten ninduela. Orain, ordea, urakanaren begian gaudela dirudi. Hauteskundeen ostean badirudi baretu dela kontua hemen, eta baita Katalunian ere. Barealdi moduko batean dago gaia, eta horregatik pentsatu nuen garai ona zela liburua publikatzeko, ze agian lau hilabete barru berriro aldatu da dena!". Eta berriz idatzi behar, beraz, liburua.

Eskuineko zinegotziaren ikuspuntutik

Eskuineko politikari bat da eleberriko protagonista, eta haren gorabeheren bidez izango du irakurleak Euskal Herriak independentzia lortu duen egunaren nondik norakoen berri. “EAJ bezalako alderdi batekoa” da zinegotzia, Etxegoienek azaldutakoaren arabera. Eta hautaketa ez da debaldekoa. “Euskal literaturan ez dago bere burua eskuinekotzat identifikatzen duen pertsonaiei buruzko nobelarik. Guztiak dira ezkerrekoak, edo ezkerrekoak izandakoak. Hori da kasuen %99,9a. Nire eleberriko zinegotzia ez da idealista bat. Ez du utopietan sinesten, eskuindar gehienek egiten ez duten moduan”. Eta, dioenez, pertsonaia hori da mundu ikuskera bat erakusteko hartu duen abiapuntua. Liburuan familiari eta egunerokoei buruzko gogoetek ere garrantzi handia dutela nabarmendu nahi izan du idazleak.

Egun bakar batera mugatu du kontakizuna. Gaurko egunera, zehazki. Bere nobelan, Euskal Herria independente bilakatzen den egunean, hain zuzen ere. Gaurko egunean. Ironiatik gertukoa batzuetan, eta sarkasmoaren mugan besteetan. Baina handia da kontakizunean umoreak jokatzen duen rola. Sakonean literaturaren oinarri-oinarrian dagoen zerbait egin duela dio idazleak. “Pertsonaia bat sortu dut, eta mundura bota 24 orduz. Eta egun horretan gertatzen zaizkion gauzak eta haien gainean dagoen mundu soziopolitiko ekonomikoa da kontatzen dudana”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.