Donostiako 73. Zinemaldia

Euskal Herria, zinema egiteko toki interesgarria

Euskal Zinemaren Galak aurtengo sariak banatu ditu. Besteak beste Miren Gaztañaga aktoreak, 'La Infiltrada' filmak, Sara Fantova zuzendariak eta Borja Kobeaga gidoigileak jaso dituzte. Asier Altuna eta Telmo Esnalentzat izan da Zinemira saria.

Euskal Zinemaren Galako aurtengo sarituak, aurkezleak eta gainontzeko parte hartzaileak. MAIALEN ANDRES / FOKU
Euskal Zinemaren Galako aurtengo sarituak, aurkezleak eta gainontzeko parte hartzaileak. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2025eko irailaren 23a
21:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreek egin dituzte Euskal Zinemaren Galako aurkezle lanak, eta elementu askoz osaturiko espektakulua harilkatu dute. Besteak beste, sariak banatu dituzten gonbidatuen ekarpenak, sarituen esker hitzak, bideo laburretan pantailaratu dituzten profesionalen iritzi eta gomendioak eta Zetak taldearen zuzeneko musika izan da Viktoria Eugenia Antzokian.

Behin eta berriz nabarmendu dituzte, gainera, euskal zinemak gainditu dituen langak, bai eta bidean jarri dituen zedarriak ere, hala nola munduko zinema jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu izana, 50 Goia sari baino gehiago irabazi izana eta euskara nazioartean zabaldu izana. Ezer baino lehen, ordea, Gazako sarraskiaren aurkako aldarria egin dute parte hartzaile guztiek, aho batez. Sarien berri eman dute ondotik.

Borja Kobeagak jaso du gidoi onenaren saria, Los Aitas filmagatik. Gidoi Elkarteko Aitor Eneritzen eta SGAEko ordezkari Joanes Urkijok eman dio garaikurra Kobeagari.

Miren Gaztañagak jaso du EAB Bultzada saria, Euskal Aktoreen Batasuneko zuzendari Alizia Otxoaren eskutik. Saria jaso aitzin, Azken erromantikoak filmeko hainbat eszena proiektatu dituzte.

La Infiltrada pelikulak jaso du film arrakastatsuenaren EZAE Saria; Arantxa Etxebarria zuzendariak jaso du garaikurra talde osoaren izenean.

Aintzane Perez de Palomar produktoreak jaso du ohorezko saria. «Glamourrik gutxi duen lan gogorra» egitea eskertu diote zinema arloko profesionalek, besteak beste Moriarti taldeko Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak: «Aspaldiko lagun baten modukoa da, beti oso gertuko izan dugu eta beti laguntzeko prest».

Sara Fantova zinemagileak jaso du Egile Berriak saria, Jone, batzuetan filmagatik. ETBren zuzendari Unai Iparragirrek eman dio garaikurra. Fantovak konfiantzari eman dio garrantzia: «Zineman pauso guztiak dira konplexuak, eta zaila da ikustea azken emaitza zelangoa izango den. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet konfiantza eman didazuen guztiei».

Euskaraz, natural

Asier Altunak eta Telmo Esnalek jaso dute Zinemira saria, Aupa Etxebeste! filmarekin urratutako bidearen eskertza gisa. Iban Garate eta Ramon Agirre aktoreek film horrek izandako garrantzia azpimarratu dute aurretik. «Duela hogei urte estreinatu zen zinema aretoetan, eta geroztik den-denona da filma. Horixe da politena: euskaldun guztion imajinarioan sartu dela», esan du Garatek. Agirrek umoreari heldu dio: «Gogorarazi ziguten euskalduna graziosoa izan daitekeela euskaraz. Orain oso begi bistakoa dirudi horrek, baina oraindik ere jende askok uste du euskalduna gaztelaniaz ari denean dela benetan graziosoa».

Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileen ibilbideak irudi bidez errepasatu ostean, haiek hartu dute hitza. Altuna: «Modu naturalean hasi ginen euskaraz, eta poliki joan ginen sinesten, Madrilera joan gabe, hemen egin genezakeela zinema eta bizi gintezkeela zinema eginez. Euskal Herria zinema egiteko toki interesgarri bihurtu dugu».

Euskal zinemak aurten lortu duen «errekor historikoa» ere gogoratu du Apaolazak: «38 euskal ekoizpen, euskarazko hiru Sail Ofizialean, eta lehen aldiz telesail bat. Koldo Almandozek historia egin du Zeru Ahoak-ekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.