EUSKAL HERRIA ZUZENEAN JAIALDIA. Ezinezkoa lortu duena

Nora Arbelbide Lete.
2004ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
aialdia Arrosatik Ozaze, Idauze-Mendi eta Mendikota arteko lurretara joatearekin, zortzi urtez hazi ametsak orri aberats bat itzultzen du.

Izan ere, 1995ean iragan zen lehen jaialdia. 400 laguntzaile biltzea espero izan zuten. 500era heldu ziren eta 7.000 ikusletara.

Geroztik kopuruak emendatu baizik ez dira egin. Azken urteeetan 30.000 bisitari biltzen ziren Arrosako Sohatian. Eta 1.000 boluntario. Gehienek normal-normal hartzen badute aitzinatze hori, orain dela 20 urte ez zen horrelakorik amestu ere egiten. Jean-Noel Etxeberrik,Txetx deitzen dioten elkarteko kideak, ontsasko gogoan ditu jaialdiaren hastapenak. «Lagun artean muntatzen hasi ginen jaialdia. Kontzertuen munduan ibiltzen ginen denak. Gure hitzorduek helburu politiko bat zuten beti, hau da, gazteak mugiaraztea. Erakusteko nola aitzinatu den guztia, zein testuingurutik abiatu ginen aipatuko nuke. 1986. urtean, Hertzainak taldearekin besteak beste, 500 ikusle biltzea lortu genuen. Garairako sekulakoa zen, usaian 150 bat biltzen baitziren. Bide beretik jaialdi baten ideia hazten hasi zen. Garaian jaialdien moda zen. Gainera, Lapurdi itsasaldean antolatzaile pribatu batek Euskal Herriko talde handiak elkartu eta izugarriko kontzertua muntatu zuen. Boikotera deitu genuen. Hor erabaki genuen guri zegokigula horrelako eskaintzak egitea», kontatu zuen Etxeberrik. Ororen buru, «ez da ezkorra izaterik, aski da begiratzea nondik heldu garen» 1995ean, ezer jakin gabe abiatu zuten guztia. Bigarren urtea ere, zaila. Euria jautsi ahala etengabean. Dena dela, gibelera begiratzean laguntzaileek eraman lanaz da bereziki harro Etxeberri. Jaialdia xutik atxikitzen dutenak boluntarioak baitira. Kanpoko diru laguntzarik gabe, azken urte hauetan 180.000 euroko etekinak lortu eta hainbat elkarte laguntzeko aukera izan dute. Berriaren ondoan, Maliako emazteen elkarte bat bezala, besteak beste. Eta boluntarioak beti prest. Nahiz eta gero eta lan itzuli gehiago eskatu bakoitzari. «Kolektiboaren onuragarri den ber, hemengoak prest dira beti lan egiteko. Ez da egia gazteak alferrak direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.