EUSKAL HERRIA ZUZENEAN JAIALDIA. «Zuberoa bizi da, eta erakutsiko du»

Nora Arbelbide Lete.
2004ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Arrunt motibatua eta ilusioz beterik itxaro du jaialdia Üthürriagak. Jadanik hasia da bere lagunekin Zuberoan gaindi laguntzaileen bila.

Zergatik proposatu dituzu zure lurrak?

Sei urtez ibilia naiz Arrosako festibalean eta beti memento goxoak iragan ditut. Domaia zitekeen horren galtzea. Eta, beraz, normala zen presta nezan. Prentsan jakin nuen Hazparnek errefusatu eta leku baten xerkatzen ari zirela. Amini bat pentsamentuka aritu eta nire lurren proposatzera deliberatu nuen. Ondotik dena biziki zale joan da. Hiru herrietako auzapezei baimena galdegin nien. Aste bereko Emakumeen Egunean bilkura publikoa antolatu genuen. 80 bat herritar bildu ziren. Ez naiz nihaur aferan. Festibalak 20 bat hektarea behar ditu. Nik 13 ditut. Orotara sei bat laborarik utziko dituzte beren lurrak. Aparkalekuetarako eta kanpalekuetarako erabiliko direna besteenak.

Herritarrek nola hartu dute berria?

Hastapenean latza zen, prefosta. Lotsa zuten hainbeste jende Zuberora bilduko zela pentsatzean. Bazterrak andeatuko zituztelakoan, harrabots anitz izanen zelakoan... Adinekoek dituzte dudak. Normala da. Ez dira behin ere Arrosara joan. Ez dakite zer den. Baina antolatzaileek ontsa argitu dute dena. Entseatu gabe ezin da erran. Gazteek, aldiz, arras ontsa hartu dute berria. Joan den igandean maskaradan nintzela, franko jin zitzaizkidan goresmenak ematera. Eskuz esku lanean aritu behar dugu kulturalki zein ekonomikoki proiektuak eramateko Zuberoan. Hautetsiek baietza ematerakoan ere gazteak zituzten gogoan.

Eremu franko miatu dituzte, baina beti ezezkoak bildu dituzte. Zuberoan kontzientzia handiagoa ote?

Zuberoa bizi da eta erakutsiko du festibala hartzeko gai dela. Eta, azken finean, zergatik ez Zuberoan egin? Zuberoan badira pastoralak eta maskaradak... Zergatik ez festibal bat? Horri esker jendetza zabalago bat hunkiko da. Zuberoa ezagutarazteko aukera ezin hobea da. Frankok ez baitute Zuberoa ezagutzen. Ekonomikoki, merkatariak ere ekarriko ditu. Ororen buru, galdu ezin den aukera bat da Zuberoarentzat.

Zuberoako biztanleria hiru aldiz biderkatuko litzateke hiru egunez seguruenik...

Hentu bada, horietarik zenbait Zuberoan geldituko balira, ongi litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.