EUSKAL HERRIA ZUZENEAN. Musikaren uzta ona, Heletan

Manu Chao, Emir Kusturica eta The Bellraysen kontzertuekin hasiko da Euskal Herria Zuzenean jaialdia, gaur

ENEKO BIDEGAIN
Heleta
2009ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Aro ederra iragarri dute gaurko Heletan (Behe Nafarroa). Eta Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren antolatzaileek espero dute hala izanen dela, jaialdiko lehen egunean. «Eguzkia oholtza handiaren gibelean etzanen da, eta koloreak zoragarriak izanen dira». Musikak mendiz inguratutako ilunabar ederrarekin bat eginen duela uste du Eneko Gorri antolatzaileak, iragarpenak betetzen badira.

Eguzkia sartzeko tenore horretan The Bellrays talde kaliforniarrak joko du. Talde horretako kantaria «zinezko Tina Turner punk bat» dela diote antolatzaileek. Rock, punk eta soul musiken nahasketarekin berotuko da publikoa, eguzkiaren indarra ahultzen hasiko denean. Talde hori ez huts egiteko aholkatu dute EHZkoek, hain zuzen ere, jakinik jendeak Manu Chao ikusi nahi duela bereziki, lehenagoko taldeen kalitatea ez gutxiesteko.

Baina, bereziki, jende gehiena azken unean iristeak sor lezakeen nahasmena saihesteko, «komeni da jendea aski goiz etortzea», argitu du Eneritz Zabaleta prentsa arduradunak. Aparkalekuak herritik hiru kilometrora izanen dira, eta ezin izanen da oinez joan herriraino, baizik eta espresuki horretarako prestatu dituzten autobusetan. Dena den, festibalaren gunean bertan kanpatzeko azpiegitura guztiak ezarri dituzte.

Goizik heldu direnek ez dute kezkatu behar, lehenbiziko kontzertuak 16:15ean hasiko baitira. Oholtza txiki bat, txoko txiki batean, ongarri usainarekin. Gune nagusiko kontzertuak hasi artean, izanen da animazioa bertan, eta herriko plazan ere bai. Zinema nahiago duenak, Fermin Muguruzaren Checkpoint Rock filma ikusi ahal izanen du lehenik, eta Nomadak TX ondotik. Heletako plazan beste musika animazio franko izanen da, lehen orduen alaitzeko. Denak elkarren ondo-ondoan.

Plaza horretan, atzo bertan jadanik sendi zen giroa, prestaketa lanak bukatzen ari baitziren, gaurko dena prest izateko. Hala ere, lan handiena gaur hasiko da ehunka laguntzaileentzat. Asteburuko egun kargatuena izanen dela uste da. Alabaina, jaialdiko bi taldeburu handienek gaur joko dute. Manu Chao eguna iluntzen ari dela hasiko da kantuan. Goizeko oren bata aldera, aldiz, Emir Kusturica film egile eta musikari serbiarraren taldearen kontzertua izanen da. The No Smoking Orchestrak martxa handia ezarriko duela espero da, musika tziganoa, indiar soinuak, musika klasikoa eta rock erritmoa nahasiz.

Dastatu, ezagutu

Antolatzaileek arreta ez dute bi kontzertu horietan bakarrik ezarri nahi, ordea. Herrian bertan izanik, antzerkia, dantza, zinema, txarangak eta abar nahasiko dituzte. Une oro izanen da animazioa, goizetik arrats. Bakoitzak hautatzen ahalko du nolako jaialdia ukan nahi duen. Antzerkia nahi duenak, ukanen du antzerki gosea asetzeko parada bihar eta etzi, hainbat talderi esker, besteak beste Dejabu, Qualite Street edo Crac. Dantza ikuskizunak ere ez dira eskas izanen, horien artean, Bulgariako Tanec taldearen emanaldia.

Orotara, 60 bat animazio izanen dira, hiru egunetan. Nahiz eta ikusle gehienek talde gehienak ez ezagutu, antolatzaileek talde horiek deskubritzeko gonbidapena egiten dute. Arratsetan ez da animaziorik izanen plazan eta plaza inguruetan. Denak oholtzen gunean izanen dira, herri gibeleko pentze zabalean. Baina orduan ere ez da aspertzeko astirik izanen, bi oholtza ukanen baititu guneak, parez pare. Oholtza handiko kontzertuak bukatu orduko, oholtza txikikoak hasiko dira eta alderantziz. Musikaren deskubritzea goizeko ordu txikiak arte luzatuko da, nahi duenarentzat. Gaur goizeko ordubietan bukatuko da kontzertu nagusia, eta ondotik, laurak arte disko jartzaileak izanen dira. Bihar ere halatsu. Hasi da musikaren uztaila.



Non zer



Oholtza handia
Ostirala

20.30. The Bellrays.

22:15. Manu Chao.

0:45. Emir Kusturica.

Larunbata

19:45. Che Sudaka.

21:30. We Are Standard.

23:45. The Puppetmastaz.

1:30. Beat Torrent.

Igandea

10:00. Gauzak Biltzen.

13:00. DJ Tonton Moustik.

15:00. Sebastien Schuller.

17:15. The Congos.

19:30. Seun Kuti.

Oholtza txikia
Ostirala

19.30. Borrokan.

21:30. Safaa Arapiyat.

23:45. Willis Drummond.

2:00. Kalash l'afro.

3:00. Miss DJ Blue.

Larunbata

18:45. Deabruak Teilatuetan.

20:45. Wankin Noodles.

22:45. Des-kontrol.

2:30. DJ Madgic.

Igandea

16:15. Fiachras.

18:30. The Sparteens.

20:45. Mikel Hats.

Plaza
Ostirala

18:00. Trikitilariak, txistulariak, txaranga.

19:15. Euski.

Larunbata

11:00. Zurbeltz, CRAC

14:00. Les Freres Grooms, laburmetraiak.

16:00. Tanec.

17:00. Wonbo, Salda Badago.

Igandea

10:00. Pilota, bertsolariak.

11:00. Tanec, Salda badago.

12:00. Wonbo.

14:00. Lekorneko dantza taldea.

Antxarteta
Ostirala

(16:15etik 20:00era).

Moskorri.

Hurmurao.

Zezenaren taldea.

Milsup.

Larunbata

13:00. Ixah, break dance ikusgarria.

14:15-17:15. Baraka Music.

17:30-20:00. Iceberg.

Igandea

10:00. Bost Gehio.

12:00-16:00. Musikherria kolektiboa.

Erregelu
Ostirala

17.00. 'Checkpoint Rock'.

18:45. 'Nomadak TX'.

Larunbata

11:00. 'Nomadak TX'

12:15. 'Nomadak TX'

14:00. Dantza afrikar ikastaroa.

16:00. Dantza afrikar ikuskizuna.

17:00. Break dance, hastapena.

Igandea

13:00. EHLGk prestatutako zikiroa, Kuxkuxtu txarangak alaiturik.

17:00. Tipul eta Putil, txaranga.

Erregelu plaza
Ostirala

18:45. Leinua.

20:00. Trikitilariak, txistulariak.

Larunbata

10:30. Zkratx tailerra.

12:00. Leinua.

14:00. AEK (euskara klaseak).

15:00. Euski.

17:00. Trikitilariak, txistulariak.

18:00. Qualité Street.

Igandea

10:30. Oreka zirkoa, AEK eta Zurbeltz.

12:00. Hudaltzainak.

13:00. Leinua.

Itsasoa
Ostirala

18:30. Zura.

Larunbata

14:00. Dejabu antzerki emanaldia.

18:00. Les contes de Singesse antzerkia.

19:30. Hudaltzainak (Fredi Paia, Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekue bertsolarien ikuskizuna).

Igandea

14:00. Sacre Silence.

16:00. Batenbila: Wombo, Bost Gehio.



Katti Poxelu.Euskal Herria Zuzenean-en antolatzailea

«Kontzertuez gain, askotariko eskaintza prestatu dugu jende guztiarentzat»

E. Bidegain. Heleta

Batetik bestera dabil Katti Poxelu, Heletako plazatik, kontzertuen gune nagusira. Programazio batzordeko kidea da.

Heleta. Aldaketa. Arrosako edo Idauze-Mendiko pentzeetatik, herri erdira doa Euskal Herria Zuzenean, eta hori da azpimarratu nahi duzuena: kontzertuez gain, herri barneko jaialdi bat izanen dela diozue.

Bai, aldaketa egin dugu, herrira jinez. Justuki, kontzertuetatik pixka bat atera nahi genuen, eta eskaintza anitza eman publiko guztiarentzat. Hori animazio taldearekin batera osatu dugu. Herrian hainbat gune eginen ditugu. Gune bakoitzak bere giroa izango du. Adibidez, egunean zehar kontzertuak egiteko taula gain bat izanen da, pixka bat gaztetxeetako izpirituarekin. Larunbatean eta igandean haur txoko bat izanen da, musika ibiltaria, antzerkiak, trikitilariak, poteoa...

Nola pasatzen da herri erdian sartzea, Heletako biztanleekin eta hautetsiekin? Kezka sortzen du ala, alderantziz, herritarren inplikazioa?

Bietarik bada. Kezkak badira, baina normala da; ez gaituzte oraindik ezagutzen, batzuek ez dute festibala ezagutzen, ez baitira inoiz izan. Hasieran, elkarren arteko konfiantza sortu dugu. Poliki-poliki haiekin lan eginez, Herriko Etxearekin bereziki, konfiantza harreman bat lortu dugu. Herritarrekin berdin. Gure lana da horiek ahal bezainbat informatzea, lasaitzeko, nor garen eta zer lan egiten dugun esplikatzeko. Ez dakite zenbat jende jinen den, zer motatakoak, zer gertatuko den...

Berritasuna da heletarrentzat, baina baita festibalarentzat ere. Berriz ere leku berri bat. Aldi berean, kostaldera hurbiltzean, jende gehiago erakartzeko eta azken urteetako diru galerei itzulia emateko aukera ukanen duzue?

Egia da jendearentzat errazago izanen dela Heletara etortzea, bereziki gau batentzat etorriko direnentzat. Batzuentzat abentura bat zen Zuberoara joatea. Beste batzuek ohitura badugu, baina ezagutzen ez zutenentzat, pixka bat urrun zen. Egia da, gau batentzat joateko, alfer anitz bazela eta zailago zela jende anitz erakartzea. Orain, espero dugu jende gehiago bilduko dela.

Zertan dira sarreren salmentak?

Ostiral gaueko sarrera guztiak saldu ditugu. Orain, ostiral gaueko kontzertuak ikusteko aukera bakarra da hiru eguneko sarrerak hartzea. Gainerako zenbaki zehatzik ez dugu oraindik.

Gaur, Manu Chao ikusi nahiz, hiru eguneko sarrera erostera sekulako jende andana etortzen bada, arazo bat sor dezake?

Alde horretatik lasai gaude, kalkuluak eginak baititugu. 12.000 pertsonako muga ezarri dugu, eta badakigu gau bakoitzeko, kopuru hori ez dugula gaindituko. Penagarria da, batzuek hiru eguneko sarrera erosiko dutela ostiraleko kontzertuentzat bakarrik, baina espero dut kuriositatez, beste egunetan ere egonen direla.

Zein izanen da festibalaren kolorea? Gau edo egun bakoitzak bere kutsua izango du, ez?

Musika estilo guztiak nahasten ahalegindu gara. Baina gertatu da beharbada egun batzuk musika estilo baten ingurukoak izatea. Ostiralean rock talde anitz bada, larunbatean rap eta musika elektronikoan ari diren talde handiak, eta igandean Afrikako musika eta reggaea.

Festibala antolatzeko laguntzaile andana baten sarea sortzen duzue. Beti bezain erraza edo zaila da laguntzaileen aurkitzea?

Uste dut aski erraz aurkitu ditugula laguntzaileak. Oraindik deitzen dute batzuek, laguntzeko, baina ez dakit lekurik badugun gehiago. Urte guziez jende berria etortzen da, gainera.

Festibalak zer ekartzen die antolaketan parte hartzen duten eta laguntzen duten gazteei?

Bada giro berezia laguntzaileen artean, biziki goxoa: elkarrekin jaten dugu, elkartzen gara, ezagutza anitz egiten da... Gazte anitzek taldean lan egiten ere ikasten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.