Euskal Herrian egindako hamar film labur erakutsiz hasiko da 31. Fant jaialdia, gaur

Sail Ofizialean, hemeretzi film luze eta 30 film labur erakutsiko ditu Bilboko Zinemaldi Fantastikoak. Aitzol Saratxagaren, Eneko Muruazabalen eta Izibene Oñederraren lanik berrienak daude euskarazko filmen artean.

Aitzol Saratxagaren 'Ehiza' film laburra. FANT
Aitzol Saratxagaren 'Ehiza' film laburra. FANT
itziar ugarte irizar
2025eko maiatzaren 2a
04:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Mundu digitalarekin zailtasunak dituen adineko andre bat (A-Maniki), nagusiarengana ingurumen politikak salatzera joango den zientzialari bat (Planetagatik) eta XIX. mendearen amaierako euskal herrixka batean desagertu den Matero erretorea (Ehiza). Hiru film labur horiek eta Euskal Herrian egindako beste zazpi proiektatuko ditu gaur gauean Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, Campos Eliseos antzokian. Hala, harekin eta aurretik leku berean erakutsiko duten inaugurazioko Hallow Road (Babak Anvari) filmarekin emango diote hasiera jaialdiaren 31. aldiari, eta, datorren larunbatera bitartean, Sail Ofizialean bakarrik, hemeretzi film luze eta 30 labur izango dira ikusgai. Bost sari ere banatuko dituzte: Alice Lowe, Eva Llorach, Daniel Monzon, Saturnino Garcia eta Enrique Buleorentzat izango dira.

Zehazki, Euskal Herrian egindako hamar film labur hauek emango dituzte Fanten —erdiak dira euskaraz sortutakoak—: A-Maniki (Elixabet Nuñez), Una carroña (Daniel Alegrete), Deja de hablar (Laura Gerrikaetxebarria), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izebene Oñederra), Gizaki (Xanti Rodriguez), Hotz (Lander Castro), Planetagatik (Eneko Muruazabal Elezkano), Presencia (Igor Salutregi Gabiola) eta Tragedium (Gaston Haag). Euskarako film labur bat ekoizteko proiektu onenaren saria ere banatuko du jaialdiak beste urte batez.

Diana Rojo gidoigileak, Esty Quesada youtuber eta aktoreak eta Justo Ezenarro Fanteko zuzendari ohiak osatuko dute aurtengo epaimahaia, eta Europako Fantasiazko Film Labur Onenaren Zilarrezko Melies saria ere emango dute aurten lehen aldiz.

Sail Ofizialaren barruko film luzeen artean daude, besteak beste, 1978 (Nicolas eta Luciano Onetti), Argentinako diktadura militarrean girotutakoa; Idilia (Javier Canales eta Jose Taltavull Sepulveda), gaitasun handiko haurren atzetik dabilen erakunde baten istorioa kontatzen duena; Desert Road (Shannon Triplett), autoarekin istripua izan ondoren errepidean atzera-aurrera laguntza bila ari den emakume bati jarraitzen dion lana; eta Fréwaka (Aislinn Clarke), Irlandako mitologiako izaki batek sorgindu zuela sinistuta bizi den emakume bati buruzkoa. Horiek bezala, atal ofizialean erakutsiko dituzten film laburrak ere hamaika herrialdetatik iritsiko dira Bilbora.

Mad Max 2 eta David Lynch

Sail Ofizialetik kanpo ere, ordea, programa zabal bat proposatzen du urtero genero fantastikoan ardaztutako jaialdiak, eta emanaldi bereziak egon ohi dira tartean. Bihar eguerdian, esaterako, Daniel Monzonen El corazón del guerrero (1999) emango dute Azkuna zentroan; etzi eguerdian, George Millerren Mad Max 2: El guerrero de la carretera (1981); eta ostegunean, berriz, hiru proiekzio berezi izango dira: Santiago Aguilar eta Luis Guridiren Justino, un asesino de la tercera edad (1994), Enrique Buleoren Bodegón con fantasmas (2024) eta David Lynchen Eraserhead (1977).

Doku Fant, Orbita Fant, Melies eta Fant Maisuak ataletan erakutsiko dituzte beste film gehientsuenak, eta horien inguruko xehetasun denak jaialdiaren webgunean kontsultatu daitezke, baita sarrerak eta abonuak eskuratu ere.

Bestalde, jakina da dagoeneko zer bost zinemagile sarituko dituzten 31. Fanten. Alice Lowe aktore, zuzendari eta gidoilari britainiarrak jasoko du Genero Fantastikoaren Izarra saria, maiatzaren 9ko amaiera ekitaldian, eta haren azken filma ere proiektatuko dute: Timestalker. Daniel Monzon zinema kritikari eta zuzendariari eta Saturnino Garcia aktoreari, halaber, Ohorezko Fant sari bana banatuko diete; eta Fantrobia saria, berriz, Enrique Buleo zuzendariarentzat izango da —jaialdian erakutsiko duen Bodegón con fantasmas da haren lan berriena—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.