Euskal Herrian ere agenda estua izango dute kulturzaleek. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izango da aurten. Eta 2009an jokatu zuten azkenak sortutako ikusmira kontuan izanda, aurtengoak ere jarraipen zabala izango duela pentsatzekoa da. Maialen Lujanbiok historia egin zuen orduko hartan, txapelketa nagusia irabazi zuen aurreneko emakumea izan baitzen. Mukuru beteriko Barakaldoko BECen jantzi zuen txapela, hurrenez hurren, Amets Arzallus, Jon Maia, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegiri gailendu ostean.
Halaber, Fermin Muguruzak bira egingo du apiriletik abuztura bitarte. Arinago, martxoan, FM 1999-2013 CD bilduma kaleratuko du euskal musikariak, bakarkako ibilbidean eginiko kantuekin eta remix-ekin. Horren ondotik ekingo dio birari. Palestinan hasiko duela jakinarazi du, baita No More Tour 2013 izenburua izango duela ere. 50 urte beteko ditu aurten Muguruzak, eta bira horren ondotik besterik egingo ez duela iradoki du musikariak. Orobat, Harkaitz Canorekin eta Jorge Aldereterekin batera landutako Black is Beltza nobela grafikoa argitaratzeko asmoa du, urte amaieran. Azkeneko urteetan, film dokumental ugari zuzendu ditu Muguruzak. Azkena, Zuloak, Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen, baina halakorik gehiagorik ez du egingo aurten.
Beste batzuek hartuko diote txanda. Eneko Dorronsorok, besteak beste. Xalbadorri buruzko film dokumentala lantzen ari da, eta aurten estreinatzea espero du. Urepeleko artzainaren eta bertsolari handiaren irudia osatu nahi du Dorronsorok, haren lau seme-alaben oroitzapen eta gogoeten bidez.
Artearen esparruan ere historiara pasatuko diren erakusketak izango dira. Nestor Basterretxearen atzera begirako erakusketa inauguratuko du Bilboko Arte Eder museoak. Euskal kosmogonia sailarekin batera, artistaren beste hainbat obra jasoko dituzte erakusketan, haren ibilbidearen ertz guztietan sakontzeko xedez. Halaber, Antoni Tapiesen erakusketa antologikoa aurkeztuko du Guggenheim museoak. Horretaz gain, BBK Live jaialdian, Depeche Mode, Green Day eta Kings of Leon izango dira.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta Fermin Muguruzaren bira
Nestor Basterretxearen eta Antoni Tapiesen atzera begirako erakusketak aurkeztuko dituzte Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu