Euskal Herriko Filosofiazaleen Sarea eratzeko batzarrak egingo dituzte gaur Euskal Herriko bost hiriburutan

Martxoaren 21ean Txinparta prozesu publiko eta parte hartzailea aurkeztu zuten, eta, hari segida ematearren, batzarrak egingo dira gaur Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, 18:30ean.

Agora filosofia elkarteak antolatutako elkarretaratzea, 2021ean, filosofia ikasgaia babesteko eskatzekoa.
Agora filosofia elkarteak antolatutako elkarretaratzea, 2021ean, filosofia ikasgaia babesteko eskatzekoa.
garbine ubeda goikoetxea
2025eko maiatzaren 22a
12:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Filosofia plazara ateratzea, jendartean pentsamendu kritikoa sustatzea eta hausnarketa filosofikoa eguneroko bizitzaren parte bilatzea ditu helburu Euskal Herriko Filosofiazaleen Sarea proiektuak, eta hura ehundu dadin urtebeteko prozesu zabala aurreikusi dute antolatzaileek. Gaur Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo diren biltzar irekietan Txinparta prozesu publikoaren berri emango dute, besteak beste.

Medio akademikoetara eta adituen artera mugatu ordez filosofiak kalera atera behar duela uste dute sarearen sustatzaileek, «elitismotik eta handiguratik urrunduta». Halere, filosofiazaleen komunitatea sortzeaz harago doa antolatzaileen asmoa. Izan ere, berebiziko garrantzia ematen diote pentsamendu kritikoa gizarte eremu guztietara zabaltzeari, deialdi gutunean adierazi dutenez: «Gure jendartean gertatzen denari buruz etengabe galdetzeko eta kolokan jartzeko gaitasuna garatu nahi dugu; erantzun errazetatik haratago joan eta errealitatearen konplexutasuna ulertu, filosofiak eskaintzen dituen tresnak erabiliz». Horretarako gizarte «aktibo, bizi, konprometitu, kritiko, eraldatzaile eta eraikitzaile bat» behar dela diote.

Era berean, sareak sustatuko du beste esparru batzuekiko elkarrizketa aktiboak sortzea, kulturaren, hezkuntzaren, artearen, politikaren eta ingurumenaren esparruekin besteak beste, «ohitura sozialak hobetzeko edota aldatzea lortzeko».

Abiapuntua: Pentsatu Jaialdia

Agora elkarteak urtero antolatzen duen Pentsatu Jaialdian ipini zuten martxan Euskal Herriko Filosofiazaleen Sarea osatzeko proiektua. Bederatzi lagunek sinatu dute deialdi gutuna: Beñat Castorenek (Lapurdi), Iñigo Korkostegik (Gasteiz), Ibai Gonzalezek eta Joseba Meabebasterretxeak (Nafarroa), Yuko Huali Alvarezek eta Saul Curtok (Bizkaia), eta Nerea Olibanek, Inazio Narbaizak eta Xabier Galardik (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.