Euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak aztergai urtarrilean, Iruñean

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Karrikiri elkarteak eta Elkar Fundazioak 'Hari izpia hartzen' izeneko jardunaldiak antolatu dituzte

Jardunaldien antolatzaileak, atzo, aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Euskararen hiztun komunitatea handitzen ari da; euskal kultura kontsumitzen dutenen kopurua, berriz, ez. Kezka hori dute Elkar Fundazioak, Karrikiri topaguneak eta Nafarroako euskara teknikarien sareak. Gogoeta horren harira diagnostiko bat osatzeko eta aurrera begirako helburuak zehazteko, Hari izpia hartzen jardunaldiak egingo dituzte urtarrilaren 24an. Hitzaldi eta gogoeten bitartez konponbideak bilatzen saiatuko dira.

«Euskal kulturaren transmisioan etena egon da: gero eta haur gehiagok euskara ikasten dute, baina horrek ez du ekarri euskaldun izan daitezen», adierazi du Jon Jaka Elkar Fundazioko lehendakariak, jardunaldien aurkezpenean. Haren ustez, kultur sorkuntza aberatsa den arren, ez da herritarrengana heltzen. Bestalde, hezkuntza baliabideak falta direla uste du, hizkuntzaren irakaskuntzarako ez ezik, euskal kultura «zehar lerro» gisa lantzeko. Teknologien aldaketak kulturan eragiten ari diren «iraultzara» moldatzeko premia ere nabarmendu du.

Jardunaldiak hasteko, Josu Amezaga EHUko irakasleak euskarazko kulturaren kontsumoa ulertzeko gako zenbait plazaratuko ditu. Izan ere, euskara eta kultura «une kritiko batean» daudela uste du Amezagak, euskal komunitatea trinkotzen ari den arren ez baita zabaltzen ari.

Bigarren solasaldia izango da ekitaldi nagusia. Jon Abril Elhuyar fundazioko zuzendariak euskal kulturak Nafarroan dituen erronken inguruko gogoeta bat gidatuko du. «Hausnartuko dugu zer egin behar den euskal kultur sormenak eta produkzioak euskararen normalizazioan eragiteko, eta alderantziz, euskararen normalizazioak euskal kulturaren sormenean», azaldu du.

Miren Artetxe bertsolari eta EHUko irakaslea gazteen eta transmisioaren inguruan ariko da, Ipar Euskal Herriko bertso eskoletan egindako ikerketa etnografiko batetik abiatuta. Haren proposamena hau da: hizkuntza erabileraren auzia aztertzerakoan, fokua euskaraz hitz egiten ez dutenengan jarri beharrean, hitz egiten dutenengan jartzea.

Jarduera guztiak irekiak

Azkenik, solasaldi bat egingo dute Euskal Herriko kultur esperientziak ezagutzeko, Aitor Elexpuru Berako alkatearekin, Xabier Gantzarain Azpeitiko Kultur Mahaiko kidearekin eta Gartzen Garaio Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kidearekin. Jarduera guztiak Kondestablearen jauregian izango dira, eta irekiak izango dira, baina beharrezkoa da izena ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.