Euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte berriro

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Karrikiri elkarteak eta Elkar Fundazioak bi saiotan egingo dituzte ‘Hari izpia hartzen’ topaketak, maiatzean eta uztailean. Iaz ezarritako lan ildoetan sakonduko dute.

'Hari izpia hartzen' topaketen antolatzaileak, gaur egindako aurkezpenean, Atarrabian (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Eslava.
2021eko apirilaren 27a
20:45
Entzun

Iazko urtarrilean egin zituzten Hari izpia hartzen jardunaldiak aurrenekoz, Nafarroako euskara teknikarien sareak, Karrikiri elkarteak eta Elkar fundazioak kezka bat partekatzen zutela ikusi ondoren: euskararen hiztun komunitatea handitzen ari dela, eta euskal kulturara jotzen dutenen kopurua, aldiz, ez.

Abiapuntu hori hartuta, ehun lagun inguru bildu ziren gogoeta egiteko, eta jorratu beharreko hainbat erronka ezarri zituzten; besteak beste, euskal kulturaren transmisioan izan den etena, hezkuntza aratuan dagoen baliabide falta, digitalizazioaren eta globalizazioaren eragina eta diru laguntzekiko menpekotasuna. «Eta, hain zuzen ere, lan ildo horietan sakontzea izango da aurtengo jardunaldien helburua», adierazi du Mikel Oteiza Atarrabiako (Nafarroa) alkateak gaur, jardunaldien aurkezpenean.

Aurten bi saio egingo dituzte: maiatzaren 28an, Atarrabian, eta uztailaren 1ean, Leitzan. Lehenengoan ikusgaitasunaren eta prestigioaren gaiak landuko dituzte, eta bigarrenean, berriz, lurraldea eta kulturaren arteko lotura.

Ikusgaitasuna eta prestigioa

Atarrabiako saioan aztertuko dute zein den euskal kulturaren tokia mundu globalizatuan, Joxe Mari Sors Elkar fundazioko lehendakariak aurkezpenean azaldu duen moduan: «Gutako edozeinek eskura du mundu mailako kultura eta hizkuntza handietatik datorren eskaintza; horren ondoan, euskararen tamainako kultur eskaintzarentzat lekua egitea ez da samurra: ur tanta bat itsaso batean. Zaila izateak ez dakar ezintasuna, ordea». Horregatik, nabarmendu du euskarak «kalitatezkoa eta erakargarria» izan behar duela, «ikusgaitasuna eta prestigioa» lortu: «Kultura gutxitua izateak, askotan, bigarren mailakoa bihurtzen duelako, prestigiorik gabekoa, eta pertzepzio hori aldatzea ezinbestekoa da. Horretarako, garrantzi handia du ikusgarri izateak».

Premisa horri helduta, zenbait adituk beren analisiak partekatuko dituzte parte hartzaileekin. Oskia Ugarte Uharteko Arte Garaikideko Zentroko (Nafarroa) zuzendaritzako kideak Sormena, kultura prestigiatzeko bidea izeneko hitzaldia emango du; Iratxe Retolaza EHUko irakasleak, Euskal kulturak hezkuntza arautua zeharka dezan izenekoa; eta Eli Pagola eta Oihana Iguaran Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideek, berriz, Bertsolaritza berritzea, publiko berrietara iristeko bidea izenekoa. Gainera, Jon Abril Elhuyarreko zuzendariak gai nagusiaren inguruko gogoeta bat gidatuko du.

Kultura eta lurraldea

Leitzako saioan, berriz, lurraldearen eta kulturaren arteko harremanean jarriko dute arreta. «Euskal kulturak lotura du lurralde jakin batekin, eta izan daiteke lurralde horren garapenerako elementu garrantzitsua. Horixe da uztaileko saioan aztergai izango duguna: nola egin kultura izan dadin lurralde baten garapenerako elementu», zehaztu du Sorsek.

Kasu horretan ere Abrilek gogoeta saio bat gidatuko du, eta beste hiru mintzaldi izango dira: Lorea Agirre kazetari eta Jakin fundazioko presidenteak Zer da euskal kultura? izena jarri dio bere hitzaldiari; Arantza Santesteban ikerlari eta zinemagileak, Kultura eta espazioa, pertsonen arteko kultura harremana eta garapena; eta Marc Badal Kanpoko Bulegoa lantegiko kideak, Kultura eta landa-garapena.

Saioetan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta hariizpiahartzen.euswebgunearen bitartez egin daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.