Euskal kulturgintzaz jabetzeko asteburuak Mondragonen

Urriaren 17tik goiti, hilabetero asteburu batez elkartuko dira hainbat kulturgile: Itxaro Borda, Oier Araolaza, Benito Lertxundi... Trukean eta transmisioan oinarrituko dira egonaldiak

2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Kulturgintzaren Transmisioa deituriko aditu titulua lortzeko 6. deialdia antolatuko dute Mondragon Unibertsitateko kideek, Arteola fundazioarekin batera. Euskaltasunaren inguruko trebakuntza eskaintza bat dela laburbildu du Nekane Goikoetxeak, EKT aditu tituluko batzordeko kideak. Aditu andana batekin elkartzeko aukera izango dute matrikulatzen direnek, eta, antolatzailearen ustez, trebakuntza «euskal herrian sinisten duen orori irekia da».

Bi urtetik behin antolatzen datrebakuntza, eta aurtengo urritik 2017ko ekainera iraganen da, asteburu batez hilean eskolakideak bilduz Aretxabaletan (Gipuzkoa), Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Matrikulatzeko epeak urriaren 14a arte zabalik izango dira. Asteburu kultural horiek animatzeko bilduko diren aditu eta kulturgileen artean daude, besteak beste, Gema Lasarte, Ana Gandara, Miren Manias, Aitor Arregi eta Joseba Tapia.

«Bildu, sortu, transmititu»

Aurtengo tituluaren xedea kultura alorreko ezagutza biltzea, aberastea eta transmititzea izango da. Erabilitako prozedura argia da: hasteko, hainbat topaketen eta hizketen bitartez, jakituriaz jabetzeko aukera emango du tituluak. Ondotik, Sorguneak ikertegiaren bidez jasotakoaz aberasten ahalko da parte hartzailea: besteak beste, ikerketetan parte hartuz. Bukatzeko, ezagutza osatuagoa transmititzeko aukera izango da, HUHEZIko Sorguneak ikertegiko kideen bitartez.

Kulturgintza «sormenarekin eta askatasunarekin» batzen ditu Goikoetxeak, eta horrela aritu da ikasturtearen funtsaren inguruan: «Saiatzen gara egungo euskalduna kultur ikuspegi garaikidean kokatzen eta bere kapital kulturala osatzeko tresnak ematen [...] Kulturgintzari buruzko irakurketa propioa egiteko borondatea daukagu, eta horretan parte hartzen dute nola irakasleek hala ikasleek ere».

Adituak eta lanak

Aldi guztietan aztertua izan den moduan, kulturaz eta identitateaz mintzatzeko, besteak beste, Joseba Sarrionandia, Itsaso Olaizola eta Eneko Bidegain bilduko dira. «EKT identitate euskaldunaren konplexutasunaz arduratu da beti [...] Oraingoan ere sakontzen jarraituko dugu».

Halaber, etxeko transmisioa, eta kulturaren eta ekonomiaren arteko lotura ere aztertuko dira, merkatu logikaren testuinguruan kokatuz eta bata bestearekin kontrajarriak ez direla frogatuz.

Esperientzia esanguratsua

Adituen eta ikasleen arteko harremanean oinarritutako titulu horretan, ikaslea eragile garrantzitsua dela azpimarratu du Nekane Goikoetxeak. Baina, hizlari batekin izandako esperientzia bat nabarmentzekotan, iaz —5. aldian— Sarrionandiak eskainaitakoa hautatu du adituak: «Lapur banden etika ala politika izango zenaren lehen zirriborroa jarri zuen ikasleen esku, eta nahi izan zuten guztiek iruzkinak egin ahal izan zizkioten, eta bidali, eta hark erantzun egin zituen. Ondoren, bere testua berregin zuen».

Bi urtetik behin errepikatzen den tituluaren eraldaketa goraipatu du batzordeko kideak, eta zehaztu deialdi bakoitzari diseinu propioa marrazten ahalegintzen direla: «Askotan, ikasle ohiek esaten digute berriz egingo luketela, beti delako diferentea. Badugu birritan egin duenik ere; EKTn adiktua deitu izan diogu brometan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.