Euskal letren profesionalizaziorako lehen saialdia bildu du Lanartea elkarteak

Mugarria izan zen 1976a euskarazko kazetaritzan eta kulturgintzan, eta euskal prentsak urte hartan kaleratutako artikulu eta irudien hautaketa bat egin du Koldo Izagirrek '1976. Profesionalak izan ginen urtea' libururako.

profesionalak izan ginen urtea liburuaren aurkezpena
Lanartea elkarteak kaleratutako liburuaren aurkezpeneko irudia. ANDONI CANELLADA/ FOKU
Inigo Astiz
2024ko otsailaren 1a
17:30
Entzun

Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkariek euskal kazetaritza euskaraz egindako kazetaritza zela aldarrikatu zuten 1976an, eta lan horren profesionalizazioa ere defendatu zuen. Mugarria izan zen aldarri hori, eta horregatik hartu nahi izan du gogoan Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak. 1976. Profesionalak izan ginen urtea liburua kaleratu du horretarako; «euskara lehengai duen kultur eta komunikazio sistemaren genealogia osatzeko». Urte hartan euskal prentsan argitaratutako artikulu eta irudien hautaketa bat egin du Koldo Izagirre idazle eta Lanarteko kideak libururako. Zeruko Argia, Anaitasuna, Principe de Viana eta Goiz Argi aldizkariak izan ditu iturri nagusiak, baina, hemeroteka eta erreskate lan hori ez ezik, Antton Olariaga irudigileari eta Elixabete Garmendia kazetariari egindako elkarrizketak ere biltzen ditu liburuak.

60ko hamarkada «kulturarena» izan zela azaldu du Izagirrek. Ordukoak dira euskara batuaren borroka eta kantagintza berriaren mugimendua, eta, Izagirreren hitzetan, orduan hartu ziren «erabaki sendoenak». Baina aldatu egin zen joera gero. «Bazirudien kulturak nolabaiteko autonomia kultural bat ekarriko zigula, harrotasuna, kontzientzia eta abar. Franco hil zenean, hori dena gainbehera handi batean jausi zen, eta politika nagusitu zen. Alderdi politikoak legeztatzen zituen konstituzioak, edo trantsizioak, politizazioa ekarri zuen, logikoa zen bezala, eta oso bazterrean geratu zen kultura, eta horrekin batera hizkuntza bera».

«60ko hamarkadan bazirudien kulturak autonomia kultural bat ekarriko zigula. Franco hil zenean, hori dena gain behera jausi zen, politika nagusitu zelako; oso bazterrean geratu zen kultura, eta horrekin batera hizkuntza bera».

KOLDO IZAGIRREIdazlea

Eta Anaitasuna, Zeruko Argia eta euskarazko beste aldizkariek izandako garrantzia ere nabarmendu du idazleak. Alderdi politikoek ere atera zituztelako euren aldizkariak sasoi hartan, baina euskara «oso bazterrean» utzita. Eta, aldiz, eutsi egin ziotelako bi aldizkari haiek. Izagirre: «Erregimenaren kazetaritzak praktikatzen zuen gezur fabrika agerian utzi zuten. Bide batez esanda, profesionaltasuna agertu zuen euskarak Zeruko Argia eta Anaitasuna-ren bitartez, maila ekonomikoan, baina baita etikoan ere. Horren adibide Anparo Arangoaren irudiak, torturarenak. Arrisku handia hartuz argitaratu zituen Zeruko Argia-k».

Kazetaritzari buruzko kezkak zein euskararen egoerari buruzkoak ere topatuko ditu irakurleak liburuan. Baina, Izagirrek nabarmendu duenez, badago beste ildo garrantzitsu bat ere, hirugarrena: feminismoarena.

Irudigileen maila

Garbine Ubeda idazle eta BERRIAko kazetaria arduratu da liburuaren diseinuaz, eta, azaldu duenez, fanzineen estetika bildu nahi izan du. Zuri-beltzean, eta orri guztietan inpaktua bilatuz. «Gauza txiki asko bildu dira; mila pieza dituen puzzle bat egitea bezalakoa izan da, sekulako gozatua pieza bakoitza banan-banan ikusiz, baina, azkenean, ezin osatu 500ekoa besterik, leku faltaz. Sekulako perlak daude. Goi maila erakutsi zuten». Eta, hain zuzen, sasoiko marrazkilari eta tiragileek erakutsitako maila nabarmendu du. Tartean dira, besteak beste, Antton Olariaga, Juan Carlos Egillor, Jon Zabaleta eta beste hamaikaren lanak. «Marrazkilari esaten diegu, baina ideologoak zirela esango nuke: irudi bakoitzak, artikulutxo bakoitzak bezala, bere txikian sekulako indarra eta aldarrikapena zuen».

Eta, nolabait, 1976an etorkizuna erein zela ere adierazi du Ubedak: «Orduan emandako irizpideak hortxe ditugu, eta itsasargi izan dira eta badira oraindik».

«Espektatiba handiak sortu zituen diktaduraren amaierak: laikotasuna, feminismoa, talde politiko aurrerakoiak ere bor-bor zeuden. Horiek biltzen zituen kontzeptu nagusia askatasuna zen. Hitz gastatuegia, baina, une hartan, hitz magikoa zen, eta oso barrutik sentitzen genuen».

ELIXABETE GARMENDIAKazetaria

Aldarri gaurkotua

Iraganaren eta orainaldiaren arteko harremanari buruz idatzi du hitzaurrea Miel Anjel Elustondo Lanarteko lehendakariak. «Liburu hau 1976an profesionaltasuna aldarrikatu zuten kazetari ausarten omenez egina da, bat egiten dugulako haien haserrean. Euskararen langile sortzaileek pairatzen duten tratua, hala kontratuetan nola zergetan edo bost ogasun desberdinen anabasan, ez delako –47 urte geroago– Europan sortzaileei ematen zaiena, are gutxiago zenbait estatutan hizkuntza murriztuek kultura garatzeko jasotzen duten laguntzaren pareko».

Zeruko Argia-ko kazetaria zen Elixabete Garmendia 1976an, eta sasoi hartan bizi izandakoa hartu du gogoan liburuaren aurkezpenean: «Espektatiba handiak sortu zituen diktaduraren amaierak: laikotasuna, feminismoa, talde politiko aurrerakoiak ere bor-bor zeuden. Horiek biltzen zituen kontzeptu nagusia askatasuna zen. Hitz gastatuegia da, beharbada, baina momentu hartan hitz magikoa zen, eta oso barrutik sentitzen genuen».

«1976a profesionalizaziorako bidearen hastapena izan zen, baina oraindik ere kale egiten du arlo ekonomikoan. Bai, bai: oso potenteak, oso liluragarriak, baina platera bete egin behar da, euskaraz. Baina orduan sinetsi egin nuen posible zela».

Antton OlariagaMarrazkilaria

Olariaga ere Zeruko Argia-ko lantaldeko kide zen 1976an, eta orduan egindako hainbat irudi izan ditu gogoan aurkezpenean. «1976a, niretzat, profesionalizaziorako bidearen hastapena izan zen, baina bide oso luzea da, ze oraindik ere kale egiten baitu arlo ekonomikoan. Bai, bai: oso potenteak, oso liluragarriak, baina egunero bazkaldu egiten dugu, eta platera bete egin behar da. Euskaraz. Baina orduan sinetsi egin nuen posible zela; horri eutsi genion, eta sortzen segitu».

Bigarren liburua du hau Lanarteak. Laineza. Kultura haragi bizitan izenekoa kaleratu zuten lehenik, 2022an. Ordukoan uztartu egin zituzten, alde batetik, 1960ko hamarkadatik hartutako gogoeta eta irudiak, eta, beste aldetik, gaur egungo sortzaileek idatzitako iritzi, salaketa eta sorkuntza lanak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.