Euskal liburu digitalaren merkatu birtuala sortu dute

Zazpi euskal argitaletxek parte hartu dute Gurebook dendan, denen artean sarean katalogo bateratua eskainiz

Jon Fernandez.
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
«Iraultza hau hasi besterik ez da egin. Liburu elektronikoarekin zabalduko zaizkigun aukerak ikaragarriak izango dira». Aro digitalak literaturara ekarriko dituen aldaketez jabetuta, Gurebook euskal liburu elektronikoen sareko denda sortu dute Plazagunea eta Libenet garapen teknologikoko enpresek. Atzo abiarazi zuten euskal liburugintzaren ekoizpen elektronikoa salduko duen Interneteko ataria.

Aldatuz doaz irakurtzeko moduak. Moldatuz liburuak eskuratzeko bideak. 2010eko lehen seihilekoan liburu elektronikoaren salmentak %200 igo dira nazioartean. Liburu dendara beharrean sarera jotzen du gero eta irakurle gehiagok. «Honi esker, argitaletxeak orain arte iristen ez ziren eremu geografikoetara iristen dira, mugarik gabeko merkatu digitala dutelarik xede», azaldu dute Gurebookeko sortzaileek.

Liburugintzaren sektoreari gainera datozkion berrikuntzei sendotasunez aurre egiteko elkarlanean aritzea erabaki dute euskal argitaletxeek. Proiektuaren sorkuntzan Alberdania, Elkar eta Erein aritu badira ere, beste lau argitaletxe gehitu dira Gurebookeko liburu elektronikoen katalogora: Pamiela, Ttarttalo, Txertoa eta Arrain. Denda birtualak 166 liburu eskaintzen ditu une honetan, «baina izenburu kopurua gehituz joango da egunez egun». Gehienak izenburu berriak badira ere, argitaletxeak ari dira liburu zaharragoak ere digitalizatzen.

Liburuak hartzeko interfaze sinplea aukeratu dute: atarian jarritako katalogoan nahi den liburua aukeratu, eta, ordaindu ostean, zuzenean jaits daiteke ordenagailura edo norbere liburu elektronikora zuzenean. Denak daude e-pub formatuan, horixe baita liburu elektronikoetarako gehien hedaturiko formatua.

Poltsikoan ere eragiten du digitalizazioak. Gurebooken saltzen diren liburuen prezioa argitaletxe bakoitzak zehazten badu ere, arduradunen arabera, batez beste, paperezkoa baino %30 merkeagoa da liburu elektronikoa.

Euskal liburugintzak zuen hutsunea betetzera dator ekimena. «Liburu elektronikoaren esparruan euskal liburugintzak gabezia handia zuela ondorioztatu genuen», azaldu du Julen Agirrezabalaga Plazaguneako zuzendariak. Liburu elektronikoa hedatzeko prozesuak banaketa elektronikoa aupatu eta banaketa fisikoa atzean uzten duenez, jada digitalizazio prozesuan murgilduta zebiltzan Elkar, Erein eta Alberdania argitaletxeei euskal liburu elektronikoen sareko denda sortzea proposatu zieten.

Teknologia eta liburugintza uztartzen ditu Gurebookek. «Digitalizazioak liburugintzari ekartzen dizkion erronka eta aldaketa handiei erantzuna eman nahi diegu», dio Alexis Mindegia Libeneteko arduradunak. Azaldu dutenez, hiru oinarri ditu proiektuak: «Argitaletxeekiko eta kontsumitzaileekiko gertutasuna, sarean euskal literaturari eman beharreko ikusgarritasuna eta teknologia berriekiko irekitasuna».

Tresna propioa

Mindegiaren aburuz, eragile handien esku egongo dira aurrerantzean sortuko diren liburu elektronikoen dendak. Eragile handi horiek hemendik urrun hartuko dituzte erabakiak: Madrilen, Bartzelonan, New Yorken... batek daki non, baina nolanahi ere urrunegi. «Gure kultura txikia da, eta eragile horientzat ez da ekonomikoki errentagarria. Hortaz, geure sektoretik geure publikoarentzat sortutako tresna propioak behar ditugula uste dugu».

Beharrizan hori betetzera dator Gurebook, euskal liburugintzak sarean behar adinako presentzia izango duela bermatzera. Agirrezabalagak dioenez, «Internet ozeano handi bat da, eta euskal literatura ikusarazi beharra dago hor».

Eman beharreko pausoa

Zabaldu berritan, Gurebooken katalogoak 166 liburu eskaintzen ditu. Horietatik %60 inguru dira euskarazkoak. «Gurebooken ezingo da edozein liburu erosi. Denda espezializatua da, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Euskal ekoizpenaren atari espezializatua da», Mindegiak dioenez. Hala ere, kanpoko argitaletxeek euskaraz edo euskal gaien inguruan plazaratzen dituzten liburuak ere eskuragarri jarriko dituzte bertan.

Paperaren mundua oso gustuko izanda ere, hainbat euskal idazlek ongietorria eman diote Gurebooki atarian bertan jarritako bideo batean. «Hainbat gauza aldatu dira azken urteotan. Gure komunikatzeko moduak ere ezberdinak dira. Eta liburuari ere iritsi zaio aro berrira moldatzeko unea», dio Karmele Jaio idazleak. Kirmen Uribek ere begi onez hartu du euskal argitaletxeek digitalizaziorantz eman duten pausoa: «Dauden argitaletxeak, idazleen eskubideak... zaintzen badira, uste dut beldurrik gabe ekin beharko geniokeela horri».

Salmentetarako katalogoaz gain, gureblog izeneko bloga aurki daiteke Gurebook atarian, berriak irakurri eta iruzkinak jartzeko. Mindegiaren ustez, etorkizunean garrantzitsua izango da interakzioa liburu elektronikoetan ere. «Oso interesgarria den aro baten hasieran baino ez gaude. Aukera asko zabalduko zaizkigu». Epe ertainera liburu elektronikoa «ezinbesteko tresna» bilakatuko dela sinetsita dago Mindegia, «egun sakelako telefonoa den bezala». Denborak esango du.



Zenbakiak

7

Argitaletxeak. Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Ttarttalo, Txertoa eta Arrain.

166

Katalogoaren eskaintza: 166 lubururekin hasi bada ere, katalogoa haziz joango da.

%60

Hizkuntza: Eskaintzaren erdia baino gehiago da euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.