Lau iltzerekin hormara jositako plakan, Editorial Itxaropena Argitaldaria hitzak berun gainean. Eta pauso gutxi ezkerretarantz, leihoetako batean gorago, paseatzaile eta errepideko gidarientzat dezentez bistarago, telefono zenbaki bat eta hitz bakar bat euskarri arrosa batean: salgai. Apenas argirik ez barruan, paper metak, hutsune nabarmenak, eta tinta usain gutxi, hotsik batere ez, ez makinena, ez langileena. Duela hiru urte eskas, 90. urtemuga ospatu zuen Zarauzko (Gipuzkoa) Itxaropena inprimategiak, zeina eragile ezinbestekoa izan den euskal liburugintzaren esparru beti hauskorrean. Zenbakiak ez zihoazen aparretan orduan ere, baina aurrera jotzeko esperantza bazutela zioen orduan enpresako nagusi eta sortzaileen oinordeko Pello Unzurrunzagak. Gauzak ez dira hala izan. Eta isiltasunak eta argi faltak salatzen dute orain azken berria: Itxaropena inprimategi historikoaren itxiera.
Erabakia hartu beharra baizik ez zaie geratu. Hala azaldu du Unzurrunzagak, eta, bistan da, ez da bat-batean hartutako erabakia izan. «Kontua ez da urte txar bat izan dugula. Ze hemen urte txar asko izan ditugu 93 urtean, eta beti izan dugu moduren bat aurrera egiteko, merkatu berriak lortuz-eta, baina gaur egun ja ezinezkoa bihurtu da». Ez du ezkutatu, bada, emozio ugari eta korapilatsuzko asteak izan direla erabakia hartu aurrekoak, eta orain, baita hartu ondorengo hauek ere. «Tristea da, zer esango dut. Enpresa bat ixtea gogorra da. Nik bizitza osoa egin dut hemen lanean, eta ez nik bakarrik; nire aitonak, aitak, osabek, orain seme-alabek... Mingarria izaten ari da».
«Nik baneukan honek jarraitu ahal izango zuen itxaropena, baina, gure gogoaren kontra, ezin izan dugu. Zuloa gero eta handiagoa egitea izango litzateke, eta ez du zentzurik»
PELLO UNZURRUNZAGAItxaropenako arduraduna
Duela lau bat aste gelditu zituzten makinak, eta paradoxikoa da inprimatu duten azken liburuetako baten izenburua: George Orwellen Lur jota Parisen eta Londresen, Igelak ekarri berri duena euskarara. «Marka da gero», Unzurrunzagak. Hutsuneak hazten ari dira ordutik lantokian, bai urteetan makinak egon diren tailerrean eta bai haren goiko biltoki, korridore eta bulegoetan. «Lokala garbitzen ari gara, dena husten». Kaiolak eta kaiolak daude zakarretara botako dituzten askotariko liburuz beteak, paper eta kartoi birziklatu bihurtuko direnak. «Duela aste gutxi bukatu dugu produkzioa, eta ez dugu konpromiso gehiago hartu. Enpresa bat ixteko prozesuak ere bere denbora behar du, eta ikusiko dugu nola datorren dena; momentuz, aholkulariekin lanean ari gara». Langileei dagokienez, erretiroa hartuko du berak, eta enpresaren itxierak hiru behargin utziko ditu kalean: Unzurrunzagaren seme-alabak —familia enpresaren laugarren belaunaldikoak— eta beste langile bat.
Unzurrunzagak garbi du egoera «kezkagarria» dela eta inprentez harago doala. «Liburuaren industria kate bat da, eta gauzak aldatzen ari dira. Papera garestitu egin da eta lehian dago beste euskarri batzuekin; liburu dendak ixten ari dira; argitaletxeak beste modu batean ari dira edizioak antolatzen, tiradak txikiagotzen adibidez, euskarazko liburuen salmenta jaitsiera dela eta... Lana falta da, hori izan da azken urteotako zera larria». Eta lana dagoenean ere, «urtarokotasun handia» dagoela aipatu du; urteko sasoi batzuetan izaten dela zerekin jarri martxan makinak, baina beste batzuetan ez. «Enpresek neurriak hartu behar ditugu garai horietan, eta konplikatua da».
2021ean emaitza positiboa izan zuen Itxaropenak; baina 2022. urtean ez, 2023.ean ere ez, eta 2024a «deskalabrua» izan zen, Unzurrunzagaren hitzetan. 2025aren lehen herenean ere ez dute joera aldaketarik sumatu batere. «Nik baneukan honek jarraitu ahal izango zuen itxaropena, baina, gure gogoaren kontra, ezin izan dugu. Zuloa gero eta handiagoa egitea izango litzateke, eta ez du zentzurik».
Liburu erresistentzia
XX. mendeko euskal kulturgintzaren bilakaeraren lekuko eta eragile aktibo izan da Itxaropena. Euskarazko liburuaren hauspo ezinbestekoa. Bera izan baitzen, besteak beste, «gerraurrean euskaraz argitaratu zuen bakarra Euskal Herrian», Unzurrunzagak nabarmendu duenez.
Haren aitona Patxi Unzurrunzagak (1906-1984) sortu zuen enpresa 1932an, Emilio Alkorta eta Bonifacio Illarramendi lagunekin batera, baina haren kargu geratu zen handik denbora gutxira. Garai haietan idazlea ez zen inor haren lana argitara emango zuenik gabe, eta Unzurrunzaga izan zen hori baimendu zuen gutxietakoa, Euskal Pizkundearen testuinguru betean lehenik, eta 36ko gerraren etenaren ondorengo berpizkunde kulturalean ondoren. Euskaldun gehienak euskaraz analfabetoak ziren garaiak bi-biak.
«Dokumentazio historiko handia dago; originalak, gerraondoan zentsurarekin izandako gorabeheren berri ematen duten paperak... Hori dena dagokion tokira eraman behar dugu» PELLO UNZURRUNZAGAItxaropenako arduraduna
Lehen aldi hartan, nola euskaraz hala gazteleraz inprimatu zituzten liburuak, euskal kulturari lotutakoak denak. Itxaropenako makinetan fabrikatu ziren, esaterako, Orixeren Barne-muinetan (1934), Xabier Lizardiren Umezurtz olerkiak (1934) eta Manuel Lekuonaren Literatura oral vasca (1935) liburuak. Horietako batzuk Donostiako Euskaltzaleak elkartearen eskutik atera ziren, eta Aitzol, Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Lekuona eta garai hartako beste idazle batzuk aritu ziren han. Falangistek hil zituzten haietako batzuk handik gutxira —Aitzol eta Lauaxeta, kasurako—, erbestera ihes egin zuten beste batzuek, baina Unzurrunzagak Zarautzen jarraitzea erabaki zuen, familia ere tarteko. Giroa gaiztotzen joan ahala, loraldi urteak zanpatuta geratu, eta egunerokoaren parte bilakatu ziren ustekabeko miaketak, mehatxuak, salaketak, deklaratzera joateko aginduak eta zentsura instituzional zuzena.
Ahal bezala jarraitu zuen martxan Itxaropenak —Falangearen Vertice aldizkaria inprimatzera behartu zuten aldi batez—, eta bide klandestinoetan trebatuz lortu zuten garai ilunenetan ere euskarazko zenbait lan argitara ateratzea. Inprenta soilik ez, 1940ko hamarkadan, argitaletxe ere bihurtu zen —hori ez zen batere ohikoa—, eta bi jarduerak bateratu zituen 1970eko hamarkadara arte; Lur, Etor, Elkar eta beste euskal argitaletxe batzuk sortu ziren arte. Lan grafikoetara itzuli ziren orduan Zarautzen, eta Patxiren seme Sabinek hartu zuen inprimategiaren gidaritza. Urte horietan argitaratutako lanen artean daude Salbatore Mitxelenaren Arantzazu, Euskal poema (1949), Gregorio Mujikaren Pernando Amezketarra (1949), Aita Onaindiaren Mila euskal olerki eder (1954), Auñamendi entziklopedia osoa eta Kuliska Sortaren barruko askotariko liburuak.

Bitarte horretan, Euskal Herrian geratu ziren zenbait idazle juntatzeko toki ere bihurtu zen lantegia. Tailerraren alboko baratzean zegoen txabola batean egiten omen zituzten ezkutuko bilerak, eta haietan parte hartu zuten, besteak beste, Jon Etxaidek, Nemesio Etxanizek, Federiko Krutwigek, Salbatore Mitxelenak eta Inazio Eizmendi Basarri bertsolariak. Frankismoaren hondarreko urteetan ere, idazle berriak eta kulturako pertsona ezagunak bihurtu ziren Itxaropenaren inguruaren parte —Aresti, Txillardegi, Peillen, Oteiza, Ugalde, Saizarbitoria, Lertxundi, Sarasola eta beste—.
Sostengu moral eta kulturalaz aparte, hasieran Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eman zion nolabaiteko laguntza instituzionala proiektuari, eta Akademia Errariaren bueltan ere aritu zen Patxi Unzurrunzaga —herri unibertsitatea sortzeko ekimena izan zen, eta garai hartako euskal kulturako izen ugari bildu zituen—. Oreka ekonomikoari eusteko lanak, berriz, hasieratik ezagutu dituzte. «Hemen egoera larri asko izan dira eta beti gainditu izan ditugu», azaldu du horregatik Unzurrunzagak. «Beste garai ilunago batzuek lortu ez zutena, baina, gaur egungo testuinguruak lortu du azkenean».
Aparteko artxibo bat
Edukiak eta hizkuntzak bakarrik ez, diseinu eta estetika zainduak ere izan du garrantzia Itxaropenan. Unzurrunzagak dio liburu baten fabrikazioko urrats bakoitzean parte hartu izan dutelako dela hori, hein handi batean. «Berunezko linotipiak eta kajistak zeuden garaitik, inprimaketa, koadernaketa eta konposizio mekanikoa tipo mobilekin egin izan da beti; gero etorri zen fotokonposizioa, eta gero ordenagailu bidezko edizioa, baina prozesua osorik egin dugu hasieratik: aurreinprimaketa, inprimaketa eta bukaera, eta horrek aukera ematen dizu, urrats guztiak ahalik eta txukunen egiteko, hala saiatu izan gara».
Garai batean Itxaropenan ateratako liburuetarako lan egin zuten ilustratzaileak ere izan ditu gogoan, Pablo Tillac eta Santos Etxeberria, adibidez —azken horrek, besteak beste, Txomin Agirreren Kresala (1954) eta Jon Etxaideren Joanak joan (1955) liburuetarako grabatuak sortu zituen—. Koska bat aurrerago, eta Itxaropenak abangoardiekin ere harremana izan zuen seinale, han inprimatu zen, halaber, diseinu eta maketazio konplexuenetako bat duen euskal liburuetako bat, paper zabalgarri eta irregularrez osatutako Joxean Artzeren Isturitzetik Tolosan barru (1969).
Bada, liburu horietako askori lotutako dokumentazio baliotsua metatu da urteetan inprimategiko kaxoi eta apaletan. Zentsurari lotutako dokumentuak dira asko, gutunak, idazleen oharrak eta zenbait eskuizkribu, eta hori dena nora bideratu pentsatzea ere bada orain egiteko geratzen zaien beste zeregin bat. Unzurrunzaga: «Dokumentazio historiko handia dago, gorde beharreko materiala; originalak, gerraondoan zentsurarekin izandako gorabeheren berri ematen duten paperak... Hori dena dagokion tokira eraman behar dugu; negoziatzen ari gara».
Hain justu, 2022an, Itxaropenak 90 urte bete zituenean, haren ibilbidea jasotzen zuen erakusketa zabala ireki zuten Zarauzko Sanz Enean, eta ikusgai jarri zuten inprimategiaren funts historikoaren zati handi bat. Katalogo bat ere argitaratu zuten, eta argigarriak dira hartarako idatzitako zenbait testuren izenburuak eurak: Itxaropena: pitxiak magalean (Alex Gurrutxaga), Itxaropenaren artxiboko altxorrak (Lourdes Otaegi), Itxaropena, itxarotetik ekintzetara (Andres M. Urrutia) eta Duintasuna egunero (Anjel Lertxundi).
Aro digitalaren azpian
«Gu beti ibili izan gara euskal munduan», azpimarratu du Unzurrunzagak, «beti liburuen bueltan». Izan hezkuntzakoak, izan literaturakoak, izan erakunde publikoen argitalpenak. Azken bolada luzean, ordea, hezkuntzan «pantailetarako» hautu garbia egin dela aipatu du kezkaz —«ikasmateriala ordenagailuetara bideratu da, nahiz eta ikusten ari garen lurralde batzuetan ja ari direla berriz paperera bueltatzen, hainbat eduki eraginkorragoak direlako paperean»—, eta instituzio publikoetatik jaso ohi zituzten eskariak ere nabarmen ikusi dituzte apaltzen. «Orokorrean gutxitu da eskaria», berretsi du.
Gizarte gero eta digitalizatuago bateranzko bidean, merkatua pobretuz joan da paperaren sektorearen, eta teknologia aldatuz. Bi kolpe nabarmen izan dira azken hamarkadetan inprententzat. Aurrenekoa, duela hogei urte pasa, ordenagailuak agertu zirenean; lehen, testuen muntaketa eskuz egiten zen, eta orduan pantaila bidez maketatzen hasi ziren. «Ordura arte eskuz egiten ziren prozesu analogiko batzuk digital bihurtu ziren, eta horrek lanpostuak egoera berrira egokitzea ekarri zuen». Horren erakusgarri, 1996. urtean, Unzurrunzagak aita Sabinen erreleboa hartu zuenean, 34 langile ziren Itxaropenan, eta hortik aurrera langile kopurua beherantz joan da etengabe enpresan. Bospasei baino ez dira izan azken urteetan.
«Inpresio digitalean aurkeztu izan dizkiguten prezio batzuk onartu izan bagenitu, askoz lehenago itxi behar izango genukeen»PELLO UNZURRUNZAGAItxaropenako arduraduna
Offset teknikatik inpresio digitalerako jauziak ekarri die beste kolpe esanguratsua inprimategi tradizionalei, haren bidez liburu tirada txikiak egiteko aukera sortu baita. Azken hamar-hamabost urteetan gertatu da hori. «Guk ere egin dugu inpresio digitala, baina hor aurkeztu izan dizkiguten prezio batzuk barregarriak dira. Onartu izan bagenitu, askoz lehenago itxi behar izango genukeen». Argi dauka «prozesu baten ondorioz» iritsi direla gauzak egoera honetara. «Hemen ez da ezer bat-batean aldatzen; zikloak egoten dira, eta luze doaz».
Ia mende beteko bidearen azken puskan, euskal argitaletxeetan zentratu du bere jarduna Itxaropenak —Igela, Erein, Susa, Balea Zuria...—, eta haiekiko «esker ona» ere aipatu gura izan du Unzurrunzagak. «Pena da, baina bizitza hori ere bada; sortu, iraun eta desagertu».