Euskal literaturaren antologia

'Erlea' aldizkariaren 12. eta azken zenbakia kaleratu dute. Euskaltzaindiaren historia du ardatz. Atxagaren ustez, aldizkariak euskal sorkuntzaren XXI. mende hasierako egoera erakutsi du urteotan

Andres Urrutiak eta Bernardo Atxagak Erlea-ren 12. zenbakia aurkeztu zuten, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ane Eslava.
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiaren mendeurrenarekin batera heldu da Erlea literatura aldizkariaren 12. eta azken zenbakia. Oraingoan, Euskaltzaindiaren ibilbidea ardatz harturik, 32 egilek euskararen eta euskal literaturaren historiaren laburpen bat egin dute, 143 orritan. Euskaltzaindiko jendea gizartearengana hurbildu nahi izan dute; «hezur-haragizko» pertsonak direla erakutsi. Hain zuzen ere, akademia gizartearengana hurbiltzeko xedez sortu zuen aldizkaria Euskaltzaindiak berak, Pamiela argitaletxearekin batera, 2009an. Ordutik, hamabi zenbaki, 1.600 orri eta 200 idazle inguru bildu dituzte, euskal kulturaren lagin bat biltzeko, Bernardo Atxaga zuzendariak azaldu duen moduan: «Erakutsi nahi izan dugu zein den euskal sorkuntzaren egoera XXI. mendearen hasieran, eta lortu dugula uste dut». Atzo aurkeztu zuten aldizkariaren azkeneko zenbakia Atxagak eta Andres Urrutiak, Bilbon.

Aldizkarian Euskaltzaindiaren historiaren gaineko begirada bat egin dute: azalean Bilboko Plaza Barriko egoitzaren marrazki bat agertzen da, Jose Antonio Azpilikuetak egindakoa; «alaia, beroa eta gaurkoa», Atxagaren hitzetan. Jurgi Kintanaren testu batek irekitzen du aldizkaria: Euskaltzaindiak izandako egoitzak errepasatuz, atzera-aurrera horietan jazotakoak bildu ditu. Jarraian, lehen hamabi euskaltzainen albuma osatu dute, haien ibilbidearekin, argazkiekin eta eskuz idatzitako testuekin.

Aldizkarian Euskaltzaindian ibilitako hamaika lagun agertzen badira ere, batek toki berezia du: Resurreccion Maria Azkuek. «Azkue euskal historiaren erraldoi bat da; ezin da neurtu ere egin zer izan zen», adierazi du Atxagak. «Bere besoekin jaso zuen Euskaltzaindia». Egungo euskaltzainburuak, Andres Urrutiak, idatzi du 1951n Azkuek eta Nazario Olariagak Bilbotik Donostiara egindako tren bidaia batean izandako solasaldia. Gainera, bilduma bat osatu dute haren argitaragabeko argazkiekin.

Azkuez bestalde, Euskaltzaindiaren ehun urteetan egondako gainontzeko «heroiak» omendu dituzte, horien inguruko testu «bereziak» eskainiz. Horietako lau aipatu ditu Atxagak: Koldo Mitxelena, Jose Luis Alvarez Txillardegi, Gabriel Aresti eta Federiko Krutwig. Lourdes Oñederrak Mitxelena «gizon zailaren» inguruko testu bat idatzi du, Azpilikuetak ilustratua, eta Jon Mirandek Mitxelenari idatzitako gutun batzuk ere sartu dituzte. Xabier Kintanak eta Jesus Mari Eizmendik, berriz, Krutwigi buruz idatzi dute. Arestiren kasuan, Xabier Bovedak egindako bost argazki sartu dituzte, ezezagunak, eta «zoragarriak», Atxagaren irudiko. Bestalde, Txillardegik 1962an, ETA erakundearen barruan, euskarari buruz idatzitako testu batzuk sartu dituzte.

Atxagak berak, bestalde, Maria Pilar Lasarte elkarrizketatu du. Lasarte Euskaltzaindiaren idazkaria izan zen urte luzez, eta «bertatik bertara» ezagutu zituen akademian ibilitako asko. Haren bulegoa ispilu konbexu batekin alderatu du idazleak: «Lasarteren bulegoan begiratzean aurkitu ditzakegu Euskaltzaindiaren errealitatea, eta, areago, baita Euskal Herriarena ere».

Miel A. Elustondok, berriz, Ibon Sarasola eta Ramon Saizarbitoriarekin hitz egin du. 1968ko Arantzazuko Euskaltzaleen Biltzarretik abiatuz, hainbat gai izan dituzte hizpide: euskara batuaren eztabaida, kulturaren transmisioa, zentsura, Ez Dok Amairu taldea, Lur argitaletxea, Zeruko Argia aldizkaria... «Oso solasaldi interesgarria da, erakusten duelako orduko gazteek nola ikusi zituzten Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren orduko gorabeherak», adierazi du zuzendariak. Era berean, Kepa Altonagak, Nora Arbelbidek eta Juan Luis Zabalak euskararen inguruan eztabaidatu dute.

Literatur sorkuntzarik ere bada aldizkarian: Beatriz Txibitek, Amaia Iturbidek eta Tere Irastortzak poema bana idatzi dute, poemen atzeko azalpenek lagunduta; Hasier Larretxeak hiru poema idatzi ditu, eta Garbiñe Ubedak, berriz, ipuin bat. Atxagak berariaz tartekatu ditu sortzaileen testu horiek Euskaltzaindiaren ingurukoekin. «Gauza ezberdinak gurutzatu ditut, kulturaren lagin ahalik eta zabalena biltzeko», azaldu du.

Liburu iruzkinak ere badatoz aldizkarian: besteak beste, Aritz Galarragak iruzkindu ditu Aingeru Epaltzaren Mendi-joak, Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia eta Garazi Arrularen Gu orduko hauek; Alex Gurrutxagak Martin Bidaurren Itzulera eta Anjel Lertxundiren Horma; eta Beñat Sarasolak J.M Coetzeeren Jesusen haurtzaroa eta Jesusen eskola-egunak. Kepa Altonaga, berriz, Piarres Lafitteren Buruxkak liburuaz mintzatu da, eta Lourdes Otaegi, Juan Mari Lekuonaren Ene Eskua poemaz.

Iaz, polemika sortu zen Nafarroako Gobernuak Arturo Kanpioni Urrezko Domina eman ziolako. Bada, aldizkarian, Sagrario Alemanek eta Patxi Zabaletak nabarmendu egin dute Kanpionek euskarari egindako ekarpena, eta, aldi berean, aztertu dute zergatik haren testu guztien artean lau baino ez dauden euskaraz idatziak. «Galdera horri erantzun zehatza ematea ezinezkoa da, baina gogoan izan beharrekoa da ez zela euskaraz erraztasunez hitz egitera iritsi», ondorioztatu dute.

Ertzean du tokia

2009an, Erlea-ren lehenbiziko zenbakia argitaratu zutenean, Atxagak esan zuen probatu nahi zuela ea halako produktu batek tokirik duen euskal komunitatean. Bada, hamabi zenbakiren ostean, galderari erantzutea egokitu zaio, eta ondorio garbia atera du: tokia izan baduela, baina «ertzean». «Erlea-k ikusezin izateko alderdi guztiak ditu, eta ikusezin da: bat, euskaraz da; bi, literaturari, fikzioari, sorkuntzari eta poesiari buruzkoa da; eta, hiru, aldizkari formatuan ateratzen da».

Haren ustez, aldizkariaren esperientziak erakutsi du baldintza horiek betetzen dituzten produktu guztiak «zirkuituz kanpo» geldituko direla beti. Hala ere, ez du etsigarri izan nahi, eta proposamen bat egin du: «Bide hau itxita badago, bide berriak bilatu beharko ditugu. Nik uste dut gure aukera bakarra dela zuzeneko emanaldiak egitea». Egindako lanarengatik kontent dagoela gaineratu du: «Lan ikaragarria izan da».

Zenbaki «borobilarekin» amaitu nahi zuela esan du Atxagak; hamabiarekin. Ez da 13. zenbakirik egongo, eta horrek Ez Dok Amairu mugimendua gogora ekartzen duela adierazi du: «Egia da, hamabi izan dira. Beti egiten diogu omenaldi Ez Dok Amairuri; aldizkarian ere atera izan dugu». Amaitzeko, etorkizunerako planik baduela aitortu du idazleak, eta izen bat ere aurreratu du: Erlearen antologiak. «Atmosfera egoki bat ikusiz gero, lanean jarriko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.