Bada, baina nolakoa? Bada, baina zer neurritan? Galderak hor daude, eta erantzunak ez dira errazak. Zein da euskal literaturaren tamaina? Zer pisu du euskaraz idatzi eta argitaratutako literaturak? Orekatua da generokako produkzioa? Joan da aurreko hamarkada, eta hurrengoan sartuak gaude; galderak ez dira amaitzen, ordea. Argazkia aberatsagoa da, literatura ez baita zenbaki huts, baina ezin zenbakirik bazterrean utzi ere. Euskal literaturak 2001etik 2010era bitarte, urtero, batez beste, eta kazetaritza eta dibulgazio lanak kenduta, soilik nola edo halako asmo literarioa dutenak aintzat hartuz, helduentzako 112 sorkuntza lan berri eman dituela esatea ez da euskal literaturaren neurria ulertzea, baina esanguratsua da zifra. Oinarri bat, funtsean, zenbakien gainean hitzak jartzen hasi ahal izateko. Datuak hor daude, eta hau da XXI. mendeko lehen hamarkadako literatura zenbakitan.
Juan Luis Zabala BERRIAko kazetaria aritu da urtez urteko publikazioen zerrenda egiten, eta Euskal Liburuak izeneko liburukietan argitaratu ditu zerrenda horiek Olerti Etxeak; Egan aldizkariak ere eman ditu argitara zerrendok. Joan Mari Torrealdaik Jakin aldizkarian argitaratzen duen urteroko euskarazko publikazioen bilketa lanarekin zenbait ezberdintasun ditu Zabalaren zerrendak: sailka antolatu ditu argitalpenak, generoka; sorkuntza lanak dira bildutako guztiak; eta ez dago ez itzulpenik, ez testulibururik, ez eta aurreko edizioak agortu izanaren ondorioz eginiko berrargitalpenik ere. Murritzagoa da, horregatik, Zabalaren zerrenda, Torrealdairena baino.
Litekeena da Zabalaren zerrendan argitalpen guztiak bildu ez izana ere. Izan ere, ez baita oso-osoa. Kanpoan gelditu dira lurraldekako argitalpena baino izan ez duten zenbait lan, saiakeratzat har zitezkeen zenbait doktorego tesi eta hainbat lehiaketatan saritutako lanen bildumak ere. Halere, zerrendan dauden guztiak badira. Eta argazki orokorra egiteko balio dute kopuru hauek.
Datuen arabera, 318,2 dira, batez beste, urtean euskaraz argitaratutako lanak, eta ez da zifra dantza handirik ikusten. Egonkortasuna da, beraz, aurreko hamarkadaren produkzioa deskribatzeko hitzetariko bat. 2006an izan zen euskarazko liburu berri gehien, 376 zehazki; eta 2002an gutxien, 290. Maximo eta minimo horien artean dabiltza gainontzeko urteak. Gorabeheraka, bilakabide garbirik erakutsi gabe. 2008tik aurrera jaitsiera bat igar daiteke, halere. Krisi ekonomikoa izan daiteke liburu kopuru orokorraren murrizketaren arrazoia. Industriaren gorabeherak, funtsean. Dagoeneko nahiko sendoa baita euskarazko sortzaile, argitaratzaile eta kontsumitzaileen kopurua.
Antzerkiaren beherakada
Generoen banaketa aztertuta ere, egonkortasuna da nagusi. Bi salbuespen argirekin: antzerkia eta disko liburuak. Nabarmen egin dute behera argitaratutako antzerki testuek 2003tik aurrera. Hamarretik gora ziren hamarkadako lehen hiru urteetan, eta zazpi baino gutxiago izan dira beti gerora. Lau baino ez, iaz. Desagertuz joan dira antzerkiarekin lotutako lehiaketetariko batzuk denborarekin, eta horiek gabe zaildu egin da antzerki testuen argitalpena. Disko liburuen ia erabateko desagerpena ere aipagarria da, bestetik. Deigarria da eleberrien eta poesiaren kasuan ere azken bi urteetan izandako gorabehera nabarmena. Bi kasuetan, 2009koa izan zen maximoa, eta 2010ekoa, aldiz, minimoa. Urte batetik bestera, 37 eleberritik 18ra egin da salto; eta 28 poesia liburu argitaratzetik 17 kaleratzera.
Saiakera, kazetaritza eta beste izeneko sailean daude publikaziorik gehienak Zabalak egindako zerrendan. Hori da, izan ere, bere barnean azpisail gehien biltzen duen alorra: bibliografia eta autobiografiak, saiakerak (stricto sensu), kronika eta bidaia liburuak, lekukotasunak, ikerlanak, zientzia eta dibulgazioa, hiztegiak, elkarrizketak, egunkariak eta artikulu eta hitzaldi bildumak. Saiakerak soilik kontuan hartuz gero, ordea, 24,4 liburukoa da urteko publikazioen batez besteko kopurua. 2001ekoa izan zen maximoa, 32 libururekin, eta iazkoa minimoa, 15 lanekin. Gorabeheratsua da, ordea, urtez urteko bilakaera ere, eta norabide argirik gabea.
Haur literaturak, gora
Haur eta gazte literatura da argitalpen gehien duen bigarren saila, urteko, batez besteko ia 81 libururekin. Aipaturiko beste sailetan ez bezala, ordea, alor honetan gora egin dute datuek azken bi urteetan. 2008an 67 lan argitaratu ziren, eta 88, berriz, 2009an, eta iaz izan zen hamarkadako urterik oparoena haur eta gazteentzako sailetan kokatutako liburuentzat; 94 lan argitaratu ziren. Inoiz baino gehiago. Aipagarria da, bestalde, oparoa den sail honen barnean narratibari dagokion atala dela titulurik gehien biltzen duena eta banaka batzuk baino ez direla beste generoetakoak.
Gorabeherak gorabehera, baina, egonkortasuna eta sendotasuna da zenbaki hauek erakusten dutena. Gutxi gorabehera, grafiko hauetan ikusten dena da euskal literaturaren tamaina. Eztabaidagai da orain kopuru hauen atzean dagoen errealitatea orekatua, interes askikoa eta irakurleak asetzeko modukoa ote den. Irakurleak eskatzen duena asetzeko neurria ematen ote duen.
Literatura. XXI. mendeko lehen hamarkadako datuak
Euskal literaturaren tamaina
Egonkortasuna nabari da aurreko hamarkadako euskal literaturaren produkzio zenbakietan, 2008tik aurrera jaitsiera txiki bat izan bada ere. Antzerki lanen argitalpenen jaitsiera da daturik nabarmenenetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu