Behin, gutxi ezagutzen nuen espainol batekin nengoela, eta luzerako zen, eguraldiaz hitz egiteko tartea bukatu zitzaigun, eta, politikaz ez ginenez arituko, espainola agian espainol aterako baitzitzaidan, musikaz galdetu nion. Ea ze estilotako musika gustatzen zitzaion. Musika espainola gustatzen zitzaiola erantzun zidan berak —politikaz galdetu ez izanaz poztu nintzen, jakina—. Ni harridura aurpegia kontrolatzen saiatu nintzen. Eta galdezka hasi nintzaion: berdin gustatzen zaizkizu Falla eta Pegamoides? Esplendor Geometrico eta Chenoa? Pignoise eta Vainica Doble? Dena?
Baten batek euskal musika gustatzen zaiola esaten didanean antzeko galderak sortzen zaizkit: Ken Zazpi eta Akauzazte gustatzen zaizkizu? Hesian eta Xabier Erkizia? Anari eta Kepa Junkera? La Polla? Dena? Ez dut uste «musika espainola gustatzen zait» eta «euskal musika gustatzen zait» esaldiak maila berean daudenik, baina, kasu batean zein bestean, musika da entzuleari gutxien interesatzen zaiona; ez dakit gustuez ere hitz egin daitekeen. Ikuspegi horren barruan, musika tresna bat baino ez da, eta ez bere horretan balioa duen zerbait. Eta aukera politikoa eman dezakeen arren, nazionalismo zurrun bati lotua, musikaren eta kulturaren gaineko ikuspegi politikoa da kanpoan uzten duena: ez du kontuan hartzen taldeek industria musikalarekin duten harremana, ez du aukera estetikoen ikuspegi politikoa aintzat hartzen, ez du emakumeen presentzia balioesten, eta abar.
Baina gure kasuak gehiago arduratzen nau. Euskal musika gustatzen zaizula esatea jarrera subordinatua iruditzen zait. Kultura nagusi baten aurrean hartzen den jarrera biktimista. Ikuspegi kritikoa alboratzen da, euskal musika zaindu beharreko zerbait bihurtzeko. Horrenbestez, erreferentea ez dago hemen, baizik eta kanpoan. Eta erreferentea euskal musikan jarri beharko genukeela uste dut, nork bere gustuekin eta ikuspegi politikoarekin, baina hemen.
Bi ahotsetara
Euskal musika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu