Euskal musikagintzaren industria «hilzorian» dagoela salatu dute

BEZaren murrizketa eta plan estrategiko bat adosteko eskaria egin dute MIE Elkarteko parte diren 35 enpresek

Aitor Alzibar, Jose Angel Serrano eta Patxi Ingunza MIE elkarteko kideak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ez gara paisaia apokaliptiko bat deskribatzen ari, hau errealitatea da». Alarma deia egin dute Musika Industriaren Elkarteko kideek (MIE). «Euskal musikaren industria hilzorian eta desagertzeko zorian dago». 35 enpresa batzen ditu, guztira, elkarteak. Industriaren adar guztiak, kasik: management eta produkzio bulegoak, diskoetxeak, argi eta soinu enpresak, grabazio estudioak... Baina diagnosi bateratua egin dute denek, eta manifestu gisa eman dute ezagutzera. Amildegiaren ertzean ikusten dute beren burua. «Urte askotako lana desagertzeko zorian dago». Diotenez, erreala da beren apokalipsia, eta hiru eskari egin dituzte horri buelta ematen saiatzeko. Bat: BEZ murriztua. Bi: euskal musikarako plan estrategiko industrial bat. Eta hiru: euskal kultura defenditzen duen plan estrategiko kulturala. «Oraingoz inork ez digu jaramonik egin».

Orokorra da argazkia, baina bere kasu partikularraren bidez azaldu du egoera Jose Angel Serrano Serrano produkzioak enpresako buruak. Azaldutakoaren arabera, kalte handia egin du BEZak. «Azken urtean, gurean, %50 baino gehiago jaitsi zaizkigu diru sarrerak, eta lantokian lehen sei langile genituen eta orain hiru gara». Eta, antzera, industria osoan. Kaleratzeak, murrizketak eta itxierak. Horixe Serranok deskribatutako panorama, eta horixe MIEren manifestuko kexa ere. Ingunza Audiovisual enpresako Patxi Ingunza, eta Balea Musika Ideiak-eko Aitor Alzibarrek egin dute irakurketa. «Gaurko BEZaren ezarpena Europako handienetarikoa da, eta gure industriaren ekonomia estutzen ari da zeharo».

Euskal erakundeei ere egin diete kritika. Azaldukoaren arabera, ez dute beharrezko neurririk hartu. «Ez dugu ulertzen euskal administrazioen jarrera. Agerian utzi dute Madrilgo Gobernuak ezarri duen BEZ altuaren aurkako beren iritzia, eta lege aginduz ezarri dute zerga, baina ez dute inolako neurririk hartu diru bilketa handitze hori kultur eremura itzultzeko». Orain arte, gainera, musika industriako kideen eskari eta kexei entzungor egin diete erakundeek. Hori salatu dute: «Ez gaituzte beharrezkotzat hartzen».

Desagertutakoaren balioa

Bazter utzi dituztela salatzen dute MIEko kideek. «Kultur industriak ez du biderik gure herriaren etorkizunean parte hartzeko». Eta horregatik da «ezinbestekoa» euskal musikarako plan estrategikoa. «Udalen, aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazio fidagarria, koordinatua eta eraginkorra behar dugu». Euskal kultura defenditzen duen plan estrategiko kulturala ere aldarrikatu dute. «Hezkuntzarekin eta osasunarekin batera, kultura dugu gaurko eta geroko gizartearen oinarria». Eta hori da haiek kolokan ikusten dutena. Erreakzioa piztu nahi dute. «Egun batean burua altxatzean gure musikaren industria desagertu dela ohartuko gara. Orduan, desagertutakoaren hutsunea sumatuko dugu, eta ezinbestekoa zela konturatuko gara».

Diru publikoarekin egindako kontratazioetan gardentasuna ere eskatu dute. Eta kazetariek galdetuta, monopolioak sortzen ari direla ere adierazi du Serranok. Bere izenean dio hori. «Nik uste dut diru publikoa ez dela ongi kudeatzen ari».

Urtarrilean eratu zuten MIE elkartea, eta gora egin du ordutik kide egin diren enpresen kopuruak. 35 dira egun. Serranok berriz: «Krisiarekin hazi egin da elkartea. Jendeak ikusi du elkarturik errazago egin diezaiokegula aurre egoerari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.