Zergatik egiten dute hegan txinatarrek? Judas Arrietak (Hondarribia, 1971) eta Koldo Almandozek (Donostia, 1973) badakite, baina ez dute azaldu nahi. Erantzuna jakiteko, datorren urtera arte itxoin beharko da, Pekinen kung fuko lau maisurekin eta hainbat praktikatzailerekin filmatu duten dokumental laburra ikusi arte. «Judasi eta bioi gustatzen zaizkigu borroka arteetako filmak», azaldu du Almandozek. Txikiak ginela, liluratu egiten gintuzten protagonisten ostikoek eta itzulipurdiek, eta zaletasun hori fikzioa —bere heroi eta bilauekin— eta errealitate dokumentala uztartuz islatu nahi izan dugu.
Almandozek Txinan daramatzan bi hilabeteetan zuzendu dituen hiru filmetako bat da hori. Goazen Txinara! artistentzako egoitza programaren laugarren deialdian jaso duen bekari esker dago han. «Bekarako aukeratuen artean aniztasuna izatea nahi izan dugu, askotarikoak izatea artista aukeratuak», azaldu du Arrietak. Horregatik aukeratu dute Ismael Iglesias (Durango, 1974). «Geometriarekin eta abstrakzioarekin jokatzen duen pintore bat da, Txinan ikusten ez diren elementuak». Pekingo kanpoaldean jarri dituzte ikusgai beren lanak biek, Almandozek eta Iglesiasek, han egiten ari diren egonaldian aterpetu dituen estudioan. «Publikoarentzat haize bolada fresko bat izango da», aurreratu du Arrietak.
Almandozentzat, ordea, «infernu gorria» izan da Txinan fikziozko zinema egin duen lehen euskal herritarra izatera eraman duen sormen prozesua. Pekinek itolarria sentiarazi dio: hiriburuaren neurriak eta haietara egokitzeko denbora aski ez izateak are zailagoa bihurtu zuten haren lana, lehendik ere nahikoa zaila baldin bazen ere. «Lokalizazioak bilatu behar nituen, protagonistak, lantalde teknikoa. Hizkuntzarena harresi ikaragarria da, mundu guztiak dirua nahi du, batzuk ez dira agertzen zurekin hitzordua jarria izan arren, beste batzuek egindako akordioaren puntuak aldatu nahi dituzte. Zoramena!»
Zorionez, dena aldatzen zen zuzendariak «ekin!» oihukatu eta gero. «Grabatzen hastearekin batera, arazoak desagertu egiten ziren, eta beldurra ematen zuen 'moztu!' esateak, bazenekielako une horretatik aurrera berriro hasiko zirela istiluak. Nolanahi ere, kontuak kontu, oso gustura nago lortu dugun materialarekin». Txinatarrek hegan egiteko darabilten mekanismoa zein den argitzeaz gain, Pekinera emigratzen duen neska laborari gazte baten istorioa jaso du, hiru ataletan: nola iristen den, zer gertatzen zaion hiri handian eta nola ihes egiten duen. «Hiriaren argiek erakartzen gaituzte, eta gero jabetzen gara erretzerainoko kaltea egiten digutela». Aurki itzuliko da Euskal Herrira zinemagilea, film laburren postprodukzioaz arduratzeko, The Balde aldizkariak Pekini eskainitako zenbaki bereziaren ale bat eskuetan duela.
Baina ez du erabat utziko Txina, Arrietak ernaraziko duen hazia utziko baitu: herenegun Euskal Herriko film laburren emanaldi bat egin zuten, Pekinen egindako estreinakoa, eta aurrerantzean sei hilabetetik behin egin nahi dute. «Nik artearekin zerikusia duen guztia promozionatu nahi dut, baita zinemarekin eta literaturarekin ere, baina urratsez urrats ari naiz aurrera egiten», dio Hondarribikoak. «Kimuak programaren laguntzaz, film sorta bat eman dugu Corner Bar ostatuan, Cervantes institutuarena bezalako zirkuitu ofizialetatik kanpo, era guztietako jendeak ikusi ahal izan dezan».
Ezin izango dituzte, hala ere, era guztietako film laburrak ikusi. «Batzuk ezin izango dira ikusi, zentsuraren ondorioz», aitortu du Arrietak. «Youku-ko nire kontuan, gure artistek egindako bi film labur betatu dituzte, bi neska biluzik agertzen direlako». Txinako merkatu gero eta indartsuagoak merezi du, ordea, ordain gisa ahoan tapoia jartzea. «Boom ikaragarria dago. Gero eta ekoizpen gehiago egiten dira, Oscar bat lortzeko xedez, baina Txinako legezko zirkuituetan —DVD piratetatik eta Internetetik aparte— atzerriko hogei film baino ez dira estreinatzen urte osoan, eta denak dira Hollywoodeko film tipikoak. Horregatik, pentsatu dugu oso interesgarria dela hala Txinan grabatzea —kultura honen zati batzuk Euskal Herrira eramateko— nola Euskal Herrian egindako film laburren sorta bat hemen ezagutaraztea».
Euskal zinema Txinara iritsi da
Hiru film laburretarako irudiak hartu ditu Koldo Almandozek Pekinen, Goazen Txinara! bekarekin egindako egonaldianEuskal Herriko film laburren emanaldiak ere egin dituzte programaren arduradunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu