Egilea: Mikel Garcia Idiakez.
Argitaletxea: Elkar.
Euskal zinemako hamahiru zuzendari elkarrizketatu ditu Mikel Garcia Idiakezek Zeluloidezko begiradak. Euskal Herriko 13 zuzendarirekin hizketan liburuan; hain zuzen ere, Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert (atal berean), Antxon Ezeiza, Imanol Uribe, Montxo Armendariz, Helena Taberna, Julio Medem, Koldo Almandoz, eta Asier Altuna, Telmo Esnal, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (atal bakarrean hauek ere) elkarrizketatu ditu liburuaren egileak. Liburuaren hitzaurrean, «euskal zinemaren industria balizko baten bidean euren harri koxkorra utzi duten zinemagileak» biltzen dituela dio Garcia Idiakezek. Niri kirrinka egin dit aukeraketak. Izan ere, gaztelaniaz nahiz euskaraz sortutako filmen zuzendariak batu ditu liburuan, eta irizpidea nahiko esentzialista iruditzen zait —zuzendari batzuek defenditzen dutenari jarraiki—. Hasteko, bildutako film guztiei euskal etiketa jartzea problematikoa iruditzen zait. Aspaldiko eztabaidaz ari gara, baina kontuan hartu behar dugu eztabaida neurri handi batean cine vascoa-ri buruzkoa izan zela, gaztelaniaz, eta hori eta euskal zinema ez direla sinonimo, beste zerbait izango litzateke Euskal Herriko zinemaz hitz egitea. Dena dela, zuzendarien aukeraketa egiteko orduan euskal zinema sailkapen horren azpian euskaraz nahiz gaztelaniaz sortu zuten zuzendari guztiak sartu izan balira, behintzat irizpide zehatz bat irudituko litzaidake. Baina esango nuke aukeraketa egiteko orduan, euskal zinematzat euskarazko filmak hartzeaz gainera, Imanol Uribek edo Montxo Armendarizek besteak beste aipatzen duten irizpideari jarraitu zaiola, hau da, euskal zinema da euskal gaiak jorratzen dituena. Ikuspegi esentzialista iruditzen zait. Gainerako herrialdeetako zinema zer den adierazteko ez da irizpide tematikoa erabiltzen. Ez dakit zergatik jarraitu behar diogun guk irizpide horri. Horrenbestez, gaztelaniaz filmatu duten eta euskal gaiak jorratu ez dituzten edo hemendik kanpo filmatu duten zuzendariak ez daude liburuan, Euskal Herrian jaioak izan arren. Esaterako, Victor Erize. Garrantzitsua iruditzen zait zehaztuta ez dagoen arlo batean sailkapenak ikuspegi esentzialistatik kanpo egitea eta, horretarako, edo euskara erabiltzen da irizpide gisa, edo zuzendariaren jaiotza lekua, edo zuzendariak lan egin duen tokia. Nork bere ikuspegia izango du, eta ez naiz hor sartuko.
Liburuaren planteamenduari buruzko zalantzak alde batera utzita, interesgarria da elkarrizketok irakurtzea. Zuzendariek hizketa-gai dituzte beren lanei buruz eta zinemaz oro har duten ikuspegia, filmak egiteko orduan gertatutakoak, finantzazio kontuak, zinemaren industria, besteak beste. Hainbat ikuspegitako zinegileak dira liburuan bildutakoak, eta, beraz, iritziak ere askotarikoak dira. Niri Koldo Almandozek esaten dituenak egin zaizkit deigarri, bera baita ahotsik kritikoena liburuan, eta eskertu egiten da; izan ere, hemengo zinemagintzak aurrera egingo badu, ezinbestekoak dura kritika eta eztabaida, batez ere lanen kalitateari buruzkoak. Almandozek erakusten duen espiritu kritiko horren falta sumatu dut liburuan, nahiz eta ulertzen dudan egilearen asmoa ez zela Euskal Herriko zinemagintzaren irakurketa kritikoa egitea, baizik eta orain arte egindako lana eta egiten ari dena plazaratzea eta zenbait zuzendariri ahotsa ematea. Egia esan, dagoen bibliografia apurra kontuan hartuta, ez da gutxi, baina irakurketa kritikoagoak ere etorri beharko dira, sortuko den euskal zinema kalitatezkoa izatea nahi baldin badugu. Azken batean, horixe da garrantzitsuena.
Literatura. 'ZELULOIDEZKO BEGIRADAK'
Euskal zinema?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu