Adrian Schvarzstein. 'Lurrak' zirku ikuskizunaren zuzendaria

«Euskal zirku bat sortzea zen gure helburua, baina Eusko Jaurlaritzak ez du babestu»

Euskal zirkua nazioartera eramatea lortu nahi du Schvarzsteinek 'Lurrak' piezaren bitartez, baina Eusko Jaurlaritzaren babesa falta duela dio. Bilbon eskainiko dute astelehenean.

LURRAK.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Nahasian doaz lana ongi egin izanaren poza eta erakundeen babes handiagoa jaso ez izanaren haserrea Adrian Schvarzstein kale antzezle eta zirku eta opera zuzendariaren hitzetan (Buenos Aires, 1967). Iazko otsailean jaso zuen Euskal Herriko zirkua nazioartera eramateko asmoa zuen zirku garaikideko ikuskizun bat sortzeko enkargua, eta ekainaren 10ean estreinatu zuen Lurrak, azkenean, Gasteizko Kaldearte jaialdian. Bilbon eskainiko du berriz astelehenean, kale arteen Kalealdia jaialdia abiatzeko. Izan, bi hiri horiek izan baitira enkargua egin diotenak. Berezia izan da prozesua: artistak bilatzeko hautaproba egin lehenik, emanaldia sortzeko taldea hutsetik eraiki, eta hainbat egonaldi artistikotan pieza osatu. 11 zirku artista eta musikariko taldeak hartzen du parte oholtzan, eta lantegi batean girotu dute kontakizuna. Euskal Herria ordezkatuko duen ikuskizuna sortzea zen asmoa, Schvarzsteinek dioenez, eta horregatik haren haserrea: «Jaurlaritzak ez du inongo babesik eman».

Gasteizko saioan argi ikusi zen emanaldiko elementu guztiak osotasun batean biltzea izan dela zure erronka nagusia.

Zirku antzerki bat izanik, oso garrantzitsua da dramaturgia bat sortzea. Zirkuaren atala garrantzitsua da, baina, euskal ikuskizun bat sortu nahi izan dugunez, pisu berezia eman zaie musikari eta kontatzen den istorioari ere. Guztiok egin dugu lan gidoi hori errespetatzeko; horregatik batasun hori. Asmoa ez da nork bere gaitasunak erakustea edo musika pieza eder bat jotzea, baizik eta, hain zuzen ere, pertsonaien bidez, gertatzen ari dena erakustea.

Zuen kasuan, Lurrak sortzeko sortu da espresuki taldea, gainera. Hutsetik.

Oraintxe bertan dudan frustrazio bat ere kontatu beharra dizut, ze, hasieran, euskal zirku bat sortzea zen ideia; nazioarteko jaialdietan Euskadi ordezkatu ahal izango duen ikuskizun bat, publiko guztientzako esportagarria den espektakulu bat, Euskadiko artistentzat aukera bat sortzeko. Beraz, emanalditik askoz harago zihoan filosofia bat zuen atzean honek Gasteizkoentzat, Bilbokoentzat, Aire-Aire ekoizpen etxearentzat eta taldearentzat, baina esan behar da ez dugula Eusko Jaurlaritzaren inolako laguntzarik izan. Zero euro. Zero interes. Zero babes. Eta iruditzen zait emaitza mirakuluzkoa dela. Ez dut ulertzen zergatik ez duen babesik jaso. Berriki jakin dut Jaurlaritzak berriz uko egin diola babesa emateari.

Eta piezak, azkenean, ordezkatzen du Euskal Herria?

Bai, noski. Ni maitemindu egin nintzen Euskal Herriaz, bere kulturaz, jendeaz... guztiaz! Orain, aho zapore garratza dut. Pentsatzen nuen zerbaiten hasiera izan zitekeela, eta zirkuak, azkenik, izan zezakeela bere espazioa euskal giro artistikoan, baina, tira, honek gora jarraituko du.

Ikuskizuna aurkezteko egunean, nazioarteko bira bat egiteko asmoa aipatu zuten. Bide hori zabalik dago?

Bai, bai. Lurrak ikuskizunak euskal ezaugarri batzuk ditu, baina unibertsala da, eta edonon da ulergarria. Fabrika bat da, pertsonaiak oso argi dira, haien arteko harremanak ere ulertzen dira, eta maila artistiko eta musikala bikaina da. Hau haz dadin, ordea, ikuskizunak egin behar ditugu, eta, horretarako, beharrezko da udalek zirkua eta kale antzerkia programatzea.

Gasteizen publiko guztia kantari jarri zenuten amaieran.

Badago emanaldian une garrantzitsu bat: nagusi handiak langileei egiten dien azken deia. Deia hartuz gero, lantokian ordura arte izan den iraultza guztia pikutara doa, eta, une horretan, publiko artean jende heldua oihuka entzun genuen: «Ez erantzun telefonoa!». Erabat sartuta zeuden kontakizunean.

Bada bereziki indartsua den beste parte bat ere: txalaparta ere zirku pieza bilakatzen duzuen momentua.

Nik tresna hori lehenengoz ikusi nuenean bizitakoa eskaini nahi nion publikoari. Txundituta geratu nintzen artisten hautaketa prozesuan lehenengoz txalaparta entzun nuenean, eta emanaldian ere txalapartarekin zirkuko elementu guztiak uztartzen dituen pieza bat sortu nahi nuen. Talde guztia biltzen da tresnaren inguruan une horretan, eta zuku guztia ateratzen diogu. Ez nuena imajinatzen zen publikoak hain sutsuki erreakzionatuko zuela. Azken kolpea jo, eta rock kontzertu bat zirudien horrek! Sekulako gogoa dut Alemaniako edo Ingalaterrako jendearen erreakzioa ikusteko.

Berezia izan da Lurrak sortzeko prozesua. Artistak bilatzeko casting-ak, erakundeen enkarguzko pieza bat, espresuki emanaldi hori sortzeko konpainia bat eratzea... Salbuespena izango da, edo errepikatuko da sistema hori aurrerantzean?

Hau lege bilakatuko balitz, esan nahi luke arte mota honen sorkuntza eta banaketa erregular bilakatu dela. Frantzian, antzoki guztiek urtero programatzen dute zirkua. Gaur, Shakespeare; bihar, Moliere; etzi, kantari bat; dantza, eta berdin-berdin zirkua ere. Sistema hau lege bihurtu ahalko bagenu, artista gehiagorentzat izango litzateke onuragarria. Gustatuko litzaidake Euskal Herriko zirkuaren mundu txiki horretan proiektu honek babesa jasotzea. Iraingarria da erakundeak horretaz ez ohartu izana. Zer nahi dugu: txakolina esportatu eta Iruñera turistak erakarri? Badaude gauza interesgarri gehiago ere, eta hau da horietariko bat. Eta ez dut esaten soilik emanaldi hau guk sortu dugulako. Joan munduko edozein jaialditara, eta beti dago Frantziako zirku garaikideko emanaldiren bat gobernuaren babesarekin. Aurkezpen txartelik onena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.